6.000 kilo gatzekin Aia eta Iturriotzeko bidegurutze artean

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 2a, 11:48

Antxon, gaur goizean Aian (Onintza Lete Arrieta)

Elur makinak dabiltza aurrera eta atzera atzo iluntzetik Euskal Herriko hainbat txokotan. Antxon donostiarra, esaterako, 06:30etik dabil Aian, elurra errepidetik kendu eta gatza botatzen.

Laneguna Aia eta Iturriotzeko bidegurutze artean gora eta behera pasako du gaur Antxon donostiarrak elur makinarekin. 06:30ean hasi da bere txanda, "eta 08:30ak arte gelditu gabe ibili naiz palarekin eta gatza botaz", azaldu du. 11:00etarako lau joan-etorri eginak zituen aipatutako errepide zati horretan. Arazo handirik ez du ikusi errepidean, baina jendea mendira joateko autoa uzten hasi da Iturriotzeko bidegurutze inguruan, eta azken itzulian justu-justu eman du buelta. "Enpresakoei jakinarazi diet, eta momentuz ez naiz haraino joango", kontatu du atseden hartzen ari zen tartean.

14:00etan amaituko da bere txanda, eta ondoren beste lankide bat etorriko da, errepide zati bera garbitzera. Gauez ere ariko da hirugarren bat.

Kamioian 6.000 kilo gatz daramatza, "berez nahikoa da nire txandarako". Gehiago beharko balute, berriz, Andoainen dute materiala hartzeko tokia. "Niri zonalde hau tokatu zait, beste batzuk Artikutzan daude, Aiako Harrietan ere bai...".

ARGAZKI BILDUMA. Elurra Aian 2021 hasiera honetan

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide