Alerta laranja aktibatuta dago atzo gauetik, eta goiz osoan zehar mantenduko dute. Izan ere, tenperaturak baxuak dira; Gipuzkoan, 2 eta 5 gradu artean ibiliko dira gaur, eta goizaldean elurra bota du toki askotan. Aian, esaterako. Teilatuak eta errepide bazterrak zuri zeuden goizak aurrera egin ahala ere. Mendizale eta herritar andana abiatu da Pagoeta aldera, bai herritik, bai Iturriotzetik.
Urola Kostari dagokionez, puntu altueneko errepide zati batzuk itxita zeuden goizean: Urraki, esaterako, itxita dago kamioi eta ibilgailu artikulatuentzat, eta autoek kateak behar dituzte zirkulatzeko.
Beste puntu batzuetan arretaz gidatzea gomendatu dute: Orioko gainean (Zudugarai), Azkoitian Azkaraten, Mandubin.
Bestalde, oraingoz normaltasuna da nagusi Meagan, Elosuan eta Itziarren.
Atzo iluntzean gatza bota zuten errepide askotan, izotzagatik istripuak saihesteko.
Alertak, egun osoan
Elurragatik ezarritako alerta laranja 15:00ak arte egongo da indarrean. Elur -kota 200-400 metro artean egongo da, eta ekaitza eta txingorra bota ditzake. 15:00etatik gauerdira bitartean, berriz, abisu horia egongo da indarrean.