Izurritearen kontrako azken osasun neurriek asko mugatu dute auzoetako elkarteen funtzionamendua. Hala uste du Arkaitz Iruretagoienak, Aiako Andatza Auzo Elkarteko kideak. “Gure kasuan, elkarteak bizi handia ematen dio auzoari, eguneroko bizitzan funtzio desberdinak betetzen dituelako. Eraikinari dagokionez, batetik soziedade gastronomikoa dugu, eta bestetik, erabilpen anitzeko gelak: ludoteka, film emanaldiak egiteko txokoa, ikasgela bat, pilates eskolak hartzeko tokia...”, azaldu du.
Jarduerak antolatzeaz gain, elkartea bera topagunea da haur, gaztetxo eta gurasoentzat astegun zein asteburuetan. “Haurrak ludotekan izaten dira egunero, eta gurasoak soziedadean egoten dira kafea hartzen haien zain. Bestalde, badira ikasketak etxetik egiten ari diren ikasleak auzoan, eta elkarteko gela bat erabiltzen dute horretarako. Gero, bada lanera joan aurreko kafea elkartean hartzen duen inor, edo bazkaria han egiten duena, lantokian beharrean. Auzotarren bizimoduan bilgune garrantzitsua da”, dio Iruretagoienak.
Indarrean sartu diren neurriekin, soziedade gastronomikoa itxi egin dute. “Andatzako kasuan, soziedade horrek taberna edo kafetegiaren funtzioa ere egiten du, eta, itxita dagoenez, zenbait jende nora joan jakin gabe geratzen da arratsaldeetan”, adierazi du penatuta. Eguraldi txarrarekin, etxean geratuko omen dira asko.
Kosta neurriak ulertzea
Batzuetan, ez da erraza izaten osasun neurriak ulertzea; zer egin daitekeen, zer ez, eta zer ireki edo itxi behar den jakitea. Hala iritzi dio Iruretagoienak: “Oraingoz, soziedade gastronomikoa itxi egin dugu, baina gainontzeko gelek irekita jarraitzen dute. Kontrakorik esan ezean, hala jarraituko dugu”.
Urdanetako Indamendi Elkarteko Joseba Gomezentzat ere, batzuetan zaila ari da izaten neurriak ulertzea. Haien kasuan, soziedade gastronomikoa dute elkartean, eta ehiza munduan ibiltzen direnentzat elkargune garrantzitsua da. “Elkarte gastronomikoa geldirik dugu, itxita. Debekatuta dago han ezer egitea. Bestela, mugimendua izaten da han, bateko eta besteko. Ospakizunez gain —burduntzia, asto-janak, jubilatuen bazkaria, mus txapelketa…—, ehizeko postuen zozketak ere han egiten ziren”, adierazi du elkarteko juntako kideak.
Ehizeko postuen gaiarekin dabiltza borrokan. “Osasun neurriak hobeto gordetzeko xedearekin, postuen zozketa egunero beharrean astean bi alditan eta frontoian egitera pasa ginen, aire zabalean. Oraingo neurriekin, nahikoa egoera berezia dugu: zozketan herrikoek, aiarrek, parte hartu dezakete bakarrik. Ingurukoek ezin dute etorri. Aiako herrigunea auzotik 15 kilometrotara dago, eta Zarauzkoa 4 kilometrotara. Ez da logikoa. Gero, ehizara bai, ondoko herrietatik Aiako terrenoetara etor daitezke. Zozketara ez, baina ehizara bai. Ez da ulertzen erraza”, dio pentsakor.
Kolpe ekonomikoa
Gomezen esanetan, ehizak mugimendua sortzen du auzoan. “Postuen zozketan 50 bat lagunek parte hartzen dute, eta horiek gastua egiten dute soziedadean eta auzoko tabernan. Orain, elkartea itxita dugunez, ez da diru-sarrerarik, eta galerak izango ditugu ziurrenik”, bukatu du.
Zarauzko Urteta auzoan ere antzeko dabiltza. Joseba Mokoroa Elizmendi elkarteko bazkidearen esanetan, zuloa egingo dute. “Kontsumorik ez denez, ez da dirurik sartuko elkartean. Gainera, guk soziedadea garbitzen duen langilea dugu, eta haren egoera ere kudeatzea tokatuko zaigu”, eman du jakitera.
Mokoroaren esanetan ere, elkartea bilgune garrantzitsua da auzokoentzat eta ingurukoentzat. “Urtarrilean egiten dira festak auzoan, eta egoerak hala behartuta, aurten ez da halakorik izango”, dio. Elkarteetako diru-sarrerak mugatzeaz gain, auzoetako bizierari ere eman dio kolpea izurriteak, hiru elkarrizketatuek hala baieztatu dutenez.