Torrealdai eta Zubizarreta trikitilariek eskainiko dute igandean Aristerrazu Zuzenean saioa

Karkara 2020ko mai. 21a, 11:37

Tolosan bizi diren Manex Torrealdai usurbildarra eta Kattalin Zubizarreta getariarra igoko dira Aristerrazuko oholtza birtualera igandean.

Aristerrazuko erromeria giroari bizi-bizirik eustea lortu dute konfinamendu garaian ere. Apirilaren erdialdetik Aristerrazu Zuzenean ekimena martxan da, eta herritarrek plazan bildu ezin dutenez, trikitilariek sare-sozialen bidez eskaintzen dute igandero saioa, erromeria zaleek etxetik atera gabe eskusoinu txikiaren eta panderoaren hotsaz gozatu dezaten. Igande honetan esaterako, Manex Torrealdai usurbildarra eta Kattalin Zubizarreta getariarra igoko dira Aristerrazuko oholtza birtualera.

Saioa jarraitu nahi dutenek horretarako aukera izango dute Aristerrazu Zuzenean ekimenaren Facebook eta Instagram orrietan, igandean 19:00etan hasita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide