Hamarkadak daramatza bizi-bizirik Aiako Aristerrazu erromeriak eta, konfinamendu garaian ere, jarraipena eman nahi izan diote trikitilariek. Elizagoien ahizpak izan ziren apirilaren 19an Aristerrazu Zuzenean izenburupean ekimena martxan jarri zutenak, eta igandero-igandero trikitilari bikote batek eskaini du saioa ordutik. Atzo esaterako, Alaitz Roteta zarauztarra eta Ainara Saizar aiarrak igo ziren Aristerrazuko oholtza birtualera, pandero eta eskusoinu txikiaren doinua atsegin dutenak dantzan jartzeko prest. Horrela, itxialdi garaian ere Aristerrazuko erromeria giroaz gozatu ahal izan dute herritarrek, etxetik atera ere egin gabe.