Hurrengo larunbatean, hilak 28, Giltzaiturri kobazuloa ezagutzeko irteera gidatua egingo dute, Iturraran parketxeko kideen eskutik. Pagoeta mendialdearen barnealdean dago leizezulo karstikoa, eta "barnekaldean dauden galeriak, pasabideak, estalaktitak eta estalagmitak ikusteko" aukera izango dute irteeran parte hartzen dutenek. Felix Ugarte Espeleologia Elkarteko adituak gidatuko du bisita; hala, haitzulora sartzeaz gain, azalpenak entzun ahalko dituzte bertaratzen direnek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "zailtasun ertaineko irteera da", eta 16 urtetik gorakoei zuzendutakoa da.
Hiru orduko bisita izango da; hain zuzen, 10:00etatik 13:00etara. Bestalde, plazak mugatuak izango direla gogorarazi dute. Beraz, parte hartzeko asmoa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, 943 835 389 telefono zenbakira deituta, edota iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera mezu bat igorrita. 20 euro ordaindu beharko ditu pertsona bakoitzak.