Erniopeko mendi ibilaldia Aiatik pasako da maiatzaren 13an

Karkara 2018ko mar. 28a, 09:32

Bi ibilbide izango ditu martxak eta horietatik luzeena, 48 kilometrokoa, Aiatik pasako da

Erniopeko zortzi herrien arteko XI. mendi ibilaldia antolatu du, urtero bezala, Erniozaleak elkarteak. Maiatzaren 13an, igandean, izango da ibilaldia eta bi ibilbide izango ditu. Horietako bat, luzeena, Aiatik pasako da.

Albizturtik irtengo da ibilaldia, eta 48 kilometro izango ditu ibilbide luzeenak. 6:00etan irtengo dira parte-hartzaileak eta 11 ordutan bueltan izatea aurreikusten da. Ibilbide luzeak 2.750 metroko goranzko desnibela du. Albizturtik irten eta Bidanaia-Goiatz eta Errezil pasata Zelatunera joango dira ibiltariak. Handik Iturriozerako bidea hartuko dute eta Altzurun zelai eta Ernio-Txiki pasako dituzte. Aian, herrigunean, janari-edariak izango dituzte. Herrigunetik, Aristerrazu eta Bulano pasata, Asteasurantz joango dira. Larraul, Alkiza eta Hernialde herrietatik ere pasako da ibilbidea eta, azkenik, Artzubi gaina pasata, berriz Albiztura iritsiko dira ibiltariak.

Ibilbide laburrak 26,5 kilometro ditu eta 1500 metroko desnibela. 8:00etan izango da irteera eta bost ordu eta erdian amaitzea aurreikusten da. Albizturtik, Zelatun pasata, Erniora igoko dira parte-hartzaileak. Handik Alkiza eta Hernialde pasata, berriz ere Albiztura iritsiko dira.

Ibilaldian izena emateko bi modu daude. Batetik, Erniozaleak elkartearen webgunean eman daiteke izena. Bestalde, irteera bakoitza baino lehenago ere eman daiteke izena, Albizturko frontoian. 10 euroko inskripzioa ordaindu behar dute ibiltariek. Arratsaldean, 18:00ak aldera, zozketak egingo dituzte parte-hartzaile guztien artean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide