Sagarra bildu eta sagardoa egiteko garaia da orain, eta horretan ari dira Sagardotegiak. Hori dela eta, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Iturraran Parketxeak, Gipuzkoako hainbat sagardotegirekin, jardunaldiak antolatu dituzte sagardoa egiteko prozesua ezagutzeko. Bihar, urriaren 14an, Satxota sagardotegian egingo dute jardunaldia.
Goazen sagar biltzera! izenburupean, sagardotegira bisita gidatua egingo dute parte-hartzaileek. Haur eta helduei zuzendua dago jarduera eta 11:00etan hasiko da. Satxota sagardotegiko sagastietan –Errota jatetxearen ondoan– sagar bilketa egingo dute lehenbizi. Sagarrak bildu ondoren, sagar ezberdinak, sagardoa eta muztioa dastatuko dituzte pintxo batzuekin. Dastaketan, sagardoa egiteko prozesuaren inguruko azalpenak emango dituzte sagardozaleek.
Jardueran parte hartu nahi duenak 943835389 telefonoan edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbide elektronikoan eman dezake izena. Jardueraren prezioa 8,50 eurokoa izango da.