Herriko jaiak gaztetasunez girotuko dituzte Aiako Gazte Egunarekin

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko uzt. 27a, 13:47

Aiako Gazte Eguna antolatzen ari da herriko gazte talde bat.

San Donato eta San Lorentzo jaiak abuztuaren 6an abiatuko badituzte ere, larunbaterako Gazte Eguna antolatu dute gazteek.

Gazte Eguna antolatu dute Aiako gazteek aurten, abuztuaren 5erako. Ekimenarekin herriko jaiak indartu nahi dituzte. Izan ere, «pasa den urteko jaien azken egunean, goizeko 04:00etan herriko plazan eserita geuden lagun talde bat hemen ez zagok ezer esanez. Urte batetik bestera asko jaitsi da herriko jaietako giroa, gauean batez ere. Egunez jendea ibiltzen da, baina gauean ez da izaten garai bateko girorik». Gazteen esanetan, lehen eskualdetik ez ezik, Asteasu, Villabona eta Zizurkildik ere «jende asko» joaten zen Aiako jaietara, baina «giroa galtzen» joan dela uste dute. «Iaz ohikoa baino taberna gutxiago egon ziren irekita, eta ez zen txosnarik izan. Uste dugu horrek festen giroan eragin zuela».

Horregatik, San Donato eta San Lorentzo jaiak igandean abiatuko badituzte ere, larunbaterako Gazte Eguna antolatu dute gazteek: «Larunbatean herrian giroa sortzea, aiarrak festara animatzea eta jendea erakartzea lortzen badugu, uste dugu hurrengo egunetan ere gerturatuko direla».

Egun osoko egitaraua
Gazte Eguna parte hartzailea izatea nahi dute gazteek, «herriko kuadrillen artean giroa sortzea», alegia. «Horregatik antolatu dugu auzoen arteko herri kirol lehiaketa goiz partean. Kaskoko herritarrez gain, auzotarrak ere festara erakarri nahi ditugu. Herri kiroletan ederki pasatu eta elkarrekin bazkaltzea da asmoa».

Festa biribiltzeko, kontzertuak antolatu dituzte gauerako: Why not?, Skasti eta Esne Beltza taldeak igoko dira oholtza gainera. Beraz, aiarrak eta bisitariak festan parte hartzera animatu dituzte.

Txosna zabalik
Gazte Eguna jai batzordearekin elkarlanean antolatu dute gazteek. «Nahiko zehaztuta egoten da festa egun bakoitzeko egitaraua, eta hasieran nahiko nekeza izan zen jai egun berria bat sortzea. Hala ere, pixkana proposamenak egiten joan gara, eta jendeak pozik hartu du ekimena». Horrez gain, aurten jaietan txosna ere irekita izango da, «herritar guztiei zabalik». Antolatzaileen asmoa da egun guztian zehar irekitzea, horregatik aiarrak txosnan boluntario lanak egitera animatu dituzte. Gaur egingo dute bilera, 20:30ean, Kultur Etxean. «Herritar oro ongietorria izango da, gero eta gehiago izan guztientzako lan gutxiago izango baita».

EGITARAUA

Abuztuak 5, larunbata
– 11:00. Apustua Josu Larrarteren eta Hodei Alkortaren artean.
– 11:30. Auzoen arteko herri kirol lehiaketa. Hurrengo taldeek parte hartuko dute: Santio Erreka-Arrutegia, Urdaneta-Elkano, Etxetaballa, Aiako kaskoa eta Australia Team.
– 14:30. Paella lehiaketa herrikoia egingo dute.
– Bazkaldu ondoren, jolasak eta jokoak.
– 18:30. Eletrotriki-poteoa herriko tabernetan.
– Gauean kontzertua.
– 22:30. Why not?.
– 23:30. Skasti.
– 01:00. Esne Beltza.
– 05:30. Txosnan sorpresa
– Goizaldean. Dianak eta Ezdianak suziri eta trikitilariekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide