Larunbateko tailerra lau orduko saioa izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta Iturraran parketxean egingo dute. Jone Aldabaldetreku irakasleak eta Rita Aldabaldetreku irudigileak gidatuko dute, eta parte hartzaileek bertako basalandareen balioa ezagutuko eta horiekin xaboi naturala nola egin daiteken ikasiko dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lehenik eta behin xaboiaren historian murgilduko dira parte hartzaileak, eta xaboiak egiteko erabili beharreko materiala eta osagaiak ezagutuko dituzte arbelean egindako marrazkien eta azalpenen bidez. Herritarrek xaboiak egiteko erabili beharreko materiala eta osagaiak eskura izango dituzte tailerrean, eta xaboia nola egin behar den erakutsiko dute irakasleek urratsez urrats.
Ondoren, lauko taldetan banatuko dira parte hartzaileak, eta taldeka xaboi mota desberdinak egingo dituzte. Sosaren neurketa eta uraren nahasketa irakasleak egingo du, kontu handiz ibili beharreko produktuak baitira. Tailerra bukatutakoan partaide bakoitzak bi xaboi eramango ditu etxera.
Tailerrean parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik izena eman beharko dute 943-835389 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzita. Tailerrak 35 euro balio ditu.
EGITARAUA
10:00etatik 10:30eran, aurkezpena.
10:30etik 11:45era, azalpen teorikoa.
11:45etik 12:00etara, atsedena.
12:00etatik 14:00etara, xaboiak egingo dituzte.