Udan zehar XXXIX. Esku Pilota Txapelketa eta XXVII. Pala Txapelketa jokatuko da Aian, Aiako Kirol Elkarteak antolatuta, eta dagoeneko izena eman daiteke.
Esku pilota txapelketa bi kategoriatan banatuta egongo da, eta neskek eta mutilek parte hartu dezakete. 10 urtetik aurrerako pilotariek parte hartu dezakete lehian, eta adin tartearen arabera maila desberdinetan banatuko dituzte.
Mutilak: 10 urte bitartekoak, 11-15 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Azken horiek banaka lau t´erdian eta binaka jokatu ahal izango dute.
Neskak: 13 urte bitartekoak eta 14 urtetik gorakoak.
Pala txapelketan bi modalitate landuko dituzte, binaka eta banaka. Binaka 10 urtetik gorako pilotari guztiek parte hartu dezakete, eta 16 urtetik gorakoak jokatu dezakete banaka.
Txapelketaren batean parte hartu nahi dutenek Aiako Kultur Etxean eman behar dute izena, ekainaren 8a bitartean.
Txapelketako arauak:
- Bi txapelketak irekiak izango dira, baina bikoteko batek gutxienez aiarra izan behar du.
- Kategoria bakoitzean gutxienez lau bikotek izena eman behar dute. Horrela ez bada, nagusiagoekin jokatuko dute.
- Parte hartzaile guztiei banatuko zaie egutegia, eta jaso eta bost egunera proposatu beharko dira aldaketak. Egutegia zehaztutakoan, ezingo da partidarik aldatu.
- Bikoteren bat dagokion partidara agertzen ez bada, txapelketatik kanpo geratuko da.