Aiako alkate ohi Juan Carlos Zuloaga hil da

Karkara 2017ko mai. 30a, 11:26

Juan Carlos Zuloaga

Pertsona umila eta langilea zela gogoratzen dute berarekin lan egin eta ezagutu zutenek.

1991tik 2003ra Aiako alkate izan zen Juan Carlos Zuloaga hil da, 54 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Politikagintzan ibilbide luzea egin du Zuloagak, eta pertsona umila eta langilea zela gogoratzen dute berarekin lan egin eta ezagutu zutenek.

Albaitaritza ikasketak burutu eta herri politikagintzan abiatu zuen ibilbidea Zuloagak, era bere herriko alkate izan zen 12 urtez. Aiako herriaren alde lan asko egin zuen Juan Carlos Zuloagak. Udala oso egoera txarrean hartu zuen, eta egoerari buelta ematea lortu zuen, azaldu du Aiako alkate ohi eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek. Aiako alkatetzan nik hartu nuen Juan Carlos Zuloagaren erreleboa, baina bertatik bertara ezagutu nuen horren lan egiteko modua, alkate zen garaian administrari lanak egin bainituen Aiako Udalean, adierazi du Iturainek.

Zuloaga 2003an Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko zuzendari izendatu zuten, eta horretan aritu zen 2009ra arte. Nekazaritza sektorean oso pertsona estimatua izan da, sektoreko eragileen artean akordioak lortzeko ahalegina egin izan baitu beti.

2009etik 2011ra, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari izan zen aiarra, eta ondoren ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide