Datorren asteburuan Landare Berezien Azoka egingo dute Iturrarango lorategi botanikoan, eta horren osagarri hitzaldi sorta antolatu du Iturraran Parketxeak. Horrez gain, igande goizean loreekin eta landareekin zerikusia duten produktuen inguruko azoka egingo dute Aiako herrigunean. Hala nola, garaiko landareak, landare usaindunak eta janaria prestatzeko erabili daitezkeenak, ukenduak eta xaboiak, landare olioak, laborantza ekologikorako produktuak eta landarrekin egindako artisautza eskainiko dute azokan.
Landare Azokaren osagarri hitzaldi sorta ere egingo dute Iturraranen:
Apirilaren 29a, larunbata
- 11:00etan, Paco Garin botanikariak Mexikoko Haritzak aztertzeko egindako espedizioa aurkeztuko du.
- 11:30ean, Biodibertsitatearen Lorategira bisita.
Apirilaren 30a, igandea
- 11:00etan, Jakoba Errekondoren azken liburuaren aurkezpena, "Bizi baratzea, Altza Porru".
- 12:00etan, Jose Mari Zabalak "Lorategien diseinura egokitutako geometria sakratua" hitzaldia eskainiko du.
- Goiz-eguerdi partean, bisita Biodibertsitatearen Lorategira.