Aiako Indaux enpresako langileek greba egin dute. Bi urte daramatzate enpresako buruekin elkarrizketetan, lan hitzarmena negoziatzen; baina, langileek esan dutenaren arabera, enpresak elkarrizketak etetea erabaki du eta, ondorioz, langileek lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte negoziazioei bultzada emateko. Greba Getariako udaletxearen aurrean egin dute.
Langileek elkarretaratzean lan baldintzak bermatu nahi dituztela azaldu dute. 2009. urtetik oinarrizko soldata izoztuta dutela azaldu dute eta azken urteetako soldata igoerak gehiagarrien atalean aplikatu dizkietela azaldu dute. Horren ondorioz, langileen artean soldata desberdintasunak daudela gaineratu dute, hau da, lanean hasi berriak diren langileek 2009. urteko soldata kobratzen hasten direla. Beren eskakizunetako bat, beraz, soldata igoerak oinarrizko soldatan aplikatzea da.
Argi utzi nahi dute eskatzen dutena ez dela soldata igoera, baizik eta ematen den igoera oinarrizko soldatan ematea. Hori da bermatu nahi dutena. Baina hori bermatzeko negoziatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaie. Bi urte daramatzate negoziatzen, elkarrizketetan. Enpresaren aldetik, ordea, ez dute jarrera ona ikusten, ahalegin gehiegi ez duela egiten salatu dute.
Horregatik gaur greba egitea erabaki dute. Enpresaren aldetik erantzunik ez badute, mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute langileek.