Donostian izango da aurten gaztaren inguruko munduko sariketa. World cheese Awards ekitaldia Gipuzkoako hiriburuan egingo dela aitzakia hartuta, gazta dastatzeko plan berezia antolatu dute Aiako Pagoetako Iturraran Parketxean.
Azaroaren 6an izango da dastaketa, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara. Bi orduko iraupena izango duen ekitaldiak bertako produktuak eta ekoizleak ezagutuko dira eta gazta dastaketa berezi bat egingo da Ramon Lizeaga aiarraren eskutik.
Lizeagak Gazta is cheese denda dauka Donostian, Elkano kalean. Gaztagilearen azalpenen laguntzarekin Euskal Herriko bost gazta dastatuko dira. Talaiberriko txakolinarekin eta Satxota sagardoarekin batera probatuko dira gaztak. Gazta edariarekin ezkontzean zaporeak intentsifikatzen direla antzemango dute dastatzaileek. Sentsazio berriak ezagutzeaz gain, horien gaineko azalpenak ere jasoko dituztenez, ikasi ere egingo dute.
Dastaketaren prezioa 16 eurokoa izango da. Erreserbak egiteko edo informazio gehiago eskuratzeko iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi behar da edo 943 83 53 89 telefonora deitu.