Familia ugarientzako hobariak eskatzeko epea ireki du Aiako Udalak

Karkara 2016ko mar. 9a, 10:11

Familia ugariek abantailak izan ditzakete Hondasun Higiezinen Gaineko Zergetan. Hobari horiek Aiako Udalak banatuko du.

Aiako Udalak hobariak arautu ditu Hiritar Izaerako Hondasun Higiezinen Gaineko Zergaren kuota osoaren gainean subjektu pasiboak familia ugarien titularrak direnean, interesatuek aurretik hala eskatzen badute. Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak zehazten duena hartuko dute kontuan hobariak banatzerako garaian.

Hobariak eskatu ahal izateko hiru baldintza bete behar dira. Batetik, familia ugaria zarela egiaztatu behar da, familia liburuarekin edo titulu txartelarekin. Bestetik, familia unitateko edozein kiderek ezingo du jabetzan izan beste ondasun higiezin bat ohiko bizilekuaz gain. Bukatzeko, ohiko bizilekuaren baloreak ezin du 180.000 euro baino gehiagokoa izan.

Baldintza horiek betez gero, hiru hobari banatuko dira. Hiru umeko familiek %40ko hobaria izango dute, lau umeko familiek %50ekoa eta bost ume edo gehiagokoek %60koa.

Interesatuek udaletxe honetan aurkeztu beharko dituzte beren eskaerak, familia liburua eta iazko OHZ ordainagiriaren kopiarekin batera. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 31n bukatuko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide