Otsailaren 3an onartu zen EAJren aldeko botoekin 2016 urterako 2.709.518 euroko udal aurrekontua. Diru horretatik zatirik handiena Aiako Lardizabal Eskolako eraikin berrira bideratuko da, 404.000 euro. Hori da urte honetako inbertsiorik handiena.
Santio Erreka auzoko hiritartze lanak egiteko beharra ikusi dute, eta, horretarako, 60.000 euro erabiliko dira. Herribideen konponketara beste 60.000 euro bideratuko dira. Lardizabal aurreko kirol pista egokitu ahal izateko 48.000 euro erabiliko dira eta irisgarritasuna bermatuko duten obrak egin ahal izateko bai herrigunean, auzoetan eta Jauregi tabernan, 20.000 euro erabiliko dira –9.000 euro tabernarako eta 11.000 euro herrigune eta auzoetarako–.
Irisgarritasunari dagokionez, Eñaut Guruzetak Hitzari azaldu zionez, berak herritarrekin osatutako Herri Programan ere agertzen zen horri. Herrritarrek egindako ekarpenekin osatu zuten programa eta bertan bildutako hainbat proposamen egin omen zizkien EAJri aurrekontuei begira. EAJk bakarrik irisgarritasunarena hartu duela kontuan salatu zuten. Horregatik abstenitu ziren.
Nekane Arrizabalaga alkateak azaldu duenez aurrekontuaren lanketan EH Bildurekin bilerak egin dituzte eta ahal zen heinean beren ekarpenak kontuan izan dituzte. Irisgarritasunarena, adibidez, EH Bilduren kezketako bat zela eta horren ondorioz 20.000 euroko partida jaso duela azaldu zuen.
Bestalde, garrantzia handia eman die Turismo Planari. Herriaren indarguneetako bat turismoa denez, ekitaldiak sustatzeko 30.000 euro izango dituzte.