Belen Zabala: "Behingoagatik posible ikusten dugu"

Karkara 2015ko urt. 7a, 08:57

Urtero-urtero nahi berbera zuten Aiako Herri Eskolan: eskola berria. Aurten, ordea, urte berriari ez diote horrelakorik eskatu, ametsa bete baita. Eskola berria izango dute epe laburrean. Futbol zelaiaren bestaldean egingo dute, eta bertan egongo dira Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleak.

Arazoak non du iturburua? 

Aspaldiko arazoa da. Orain arte eskolan sartu gara, espazio fisikoa bazegoen. Baina egoera urtez urte okertzen joan da. Lehen, duela lau-bost ikasturte, ingeleseko irakasleak gela zuen materialarekin eta baliabidearekin. Mugitzen zirenak ikasleak ziren. Ikasgela behar genuenez, ingeleseko gela ikasgela bihurtu genuen. Irakasleak gelaz gela ibili behar zuen, eta orduan ohartu ginen leku falta genuela.

Ume kopurua ere handitzen ari da...

Gelak kopuruz bagenituen, baina tamainaz ez. Alegia, gela handiak eta txikiak zeuden. Orduan, iazko ikasturterako, liburutegia kendu behar izan genuen bi gelekin bat egiteko.

Espazio komunak ikasgela bihurtzen hasi zineten...

Hala da, bai. Datorren urterako kopuruz sartzen garela ikusten dugu, baina gela bat txikiegia geratu zaigu. Lehen eta bigarren mailako haurrek espazio handiko gelak behar dituzte, orduan, zaharrenak sartzen ditugu horrelako espazioetan. Seigarren  mailakoak juxtu-juxtu sartzen dira, gelak ez du gehiagorako ematen.

Arbel digitalena ere arazoa da...

Arbel digital finkoak dauzkagu, ezin dira mugitu. Ikasleak, aldiz, urtez urte mugitu behar ditugu. Arbelak, berez, 5. eta 6. mailakoentzako dira, baina 6. mailakoek ez dute apenas erabili.

Aldaketak urtetik urtera...

Ikasturte hasiera bakoitzean aldaketak dauzkagu. Datorren ikasturtean 22 ikasle izango ditugu bost urteko gelan. Kopuru handia da hori. Urtero puzzlea osatzen ibili behar gara.

Kopuruak handituz badoaz, ez zarete kabitu ere egingo.

Urtebeteko epea daukagula ikusten dugu. 

Eta jangelan, sartzen zarete?

143 ume dauzkagu eskolan. Jangelan 100 gelditzen dira, baina 80entzat dago espazioa. Arazo handiak ekarri dizkigu horrek. Duela hiru ikasturte bi urteko umeak 12.15ean joaten hasi ziren. Hurrengo ikasturtean bi eta hiru urtekoak joaten ziren ordutegi horretan. Aurten, lau urteko gelakoak ere ordutegi horretan eraman behar izan ditugu. Horrek arazoak dakartza, ikastolako ordutegiak 13:00k arte baita.

Arazoa areagotzen ari da...

Une honetan arazo benetan larriak dauzkagu. Ez daukagu lekurik. Guraso bileretarako ere gela libre gabe ibili gara.

Beharrei irtenbidea aurkitzen saiatu zarete...

Bestela ezin aurrera egin. Urtero ikasturtze planean sartzen dugu eskola berri baten beharra. Udaletxea mugitzen hasi zen, baina eusko jaurlaritzako hezkuntza sailekoek espazioa ikusten zuten, tokia bazegoela. Gela bat irakasle gela bezala izenpetu nahi zuten, erabilera hori eman ezin zitzaionean. Ez baldin bagara irakasle guztiak sartzen, nola egingo dugu lan? Lehen sartzen ginen, baina momentu honetan ez gara sartu ere egiten.

Eta, azkenean, lortu duzue.

Proiektua jada idatzita dago. Plenoan onartu zen. Orain dela hiru-lau ikasturte aurreproiektua aurkeztu ziguten. Hezkuntza sailak gehiena arautzen du, zer gutxiengo izan behar dituen.  Dena den, gure iradokizunak egiteko aukera izan dugu. Udalarekin harremana zuzena eta arina izan da. Berek emandako pausoen berri eman digute, eta bion artean osatzen joan gara, eskolako beharrei erantzuten. 

Hezkuntza sailaren erantzun horiek jasota, ezinezkoa ikusiko zenuten...

Hezkuntza sailetik bideratu nahi zen, baina beren jarrerarekin ez zen posible ikusten. Udalak, ordea, lan asko egin du posible izateko.

Ikasgela gehiago izateaz gain, jangela berria ere izango duzue.

Berria eta handiagoa. Soinketa gela ere egongo da, herritarrek erabili ahal izango dutena. Psikomotrizitate gela ere izango dugu. Orain arte jangelan egiten genituen emanaldiak, baldintza oso kaxkarretan. Lan asko egin dugu antzerkiak prestatzen, eta, gero, horrelako espazio batean erakustea pena da. Hemendik aurrera psikomotrizitate gela erabiliko dugu horrelako kontuetarako, oso pozik gaude.

Gainera, jangela hau hustu egingo da bestea egitean. Hortaz, beste erabilera bat eman diezaiokegu oraingoari. Arnasa hartu ahal izango dugu eraikin honetan.

Pozez gainezka zaudete...

Bai, bai. Ez dugu sinisten, oso-oso pozik gaude. Behingoagatik posible ikusten dugu, onartu dute! Oso pozik gaude!

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide