Naturaren indarra objektibopean

Karkara 2016ko urt. 20a, 13:21

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Aiako XI. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Aurtengo gaia natura bere indarra erakutsiz da, eta naturaren indarra Aiako tokietan bilatzea derrigorrezkoa izango da. 

Aurten, seigarrenez, Aiako Argazki Lehiaketa antolatu du Udalak. 2016ko irailean aurkeztu behar dira lanak, hortaz, denbora duzue oraindik gaiari lotutako argazkiak ateratzeko. Dena den, dagoeneko aterata dauzkazuen argazkiek –2015ekoak edo 2016koak badira– balio dute. Muga gutxi jarri dituzte, ohi bezala, baina derrigorrezkoa izango da Aian ateratakoak –tokia zehaztu behar da– eta originalak izatea, beste inon argitaratu gabeak.

Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, lau argazki aurkeztu ahal izango ditu, koloretan edo txuri beltzean. Argazkiak usb edo CD batean, hau da, digitalean aurkeztu behar dira, baita paperean ere. Argazkien tamaina 30x20 zentimetrotaka izan behar du, formatu horizontalean.

Argazkiek titulua izan behar dute, eta izena atzean idatzi behar zaio. Horrez gain, Aiako zein toki den ere zehaztu behar da, begi bistakoa izan ezean. Argazkia gutunazal batean aurkeztu behar da, eta barruan informazio hau guztia jarri behar da: parte hartzailearen izen abizenak, jaioterria, harremanetarako telefono zenbakia, posta elektronikoa, argazkiaren izenburua eta argazkiaren data.

Argazkiak, arestian esan bezala, 2016ko irailean aurkeztu behar dira. Irailaren 29an. Aiako kultur etxean. Eta jasotako argazki guztiak epaimahai batek baloratuko ditu. Argazkigintzan adituak diren pertsonek eta udaletxeko ordezkariek osatuko dute epaimahaia. Horiek aukeratuko dituzte saridunak. 

Sari potoloak daude jokoan. Bi sari-multzo izango dira. Batetik, Aian erroldatutakoak bilduko dira eta bestean erroldatu gabekoak. Hortaz, kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira eta sei sari izango dira guztira. Irabazleak 180 euro irabaziko ditu. Bigarren sarituak 150 euro; eta, hirugarren sarituak, 100 euro. 

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak

Parte hartzailea: aiarra edo Aian erroldatuta ez dagoena
Argazkien gaia: Natura bere indarra erakutsiz
Argazkiaren ezaugarriak: 30 x 20 zentimetro, horizontalean. 2015-2016 urteetan ateratakoa eta originala.
Argazkien kokalekua: Aian
Entregatze data: 2016ko irailaren 29a
Entregatzeko tokia: Aiako kultur etxea
Entregatu beharreko dokumentazioa: argazkia USB edo CD batean, argazkia paperean, parte hartzailearen informazioa –izen abizenak, jaioterria, telefonoa, posta, argazkiaren izenburua eta data–

Antolatzaileek argitu nahi izan dute lehiaketara aurkeztutako argazkiak Udalaren esku geratuko direla eta erabiltzeko, erreproduzitzeko eta hedatzeko eskubidea izango duela Udalak, betiere egilearen izena aipatuta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide