Sandonatoak eta sanlorentzoak 2015

Igor Landa aiarra fin Gipuzkoako Txapelketan

Karkara 2015ko abu. 11a, 09:01

Txinga eroatean hartu zuen parte Igor Landa Aramendik. Bigarren egin zuen aiarrak, 6 luze eta lau metroko distantzia eginda. 

Herri kirolen gotorleku da Aia. Elkarren ondoan daude frontoia eta probalekua, eta, atzo, lau herri kirolen eszenatokia izan zen herriko frontoia. Ingude altxatzearen, zaku eramatearen, lasto altxatzearen eta txinga eroatearen Gipuzkoako Txapelketak jokatu ziren atzo, astelehenarekin.

Zaleez bete zen frontoia. Harmailak lepo zeuden. Giroa bero. Kirolariak bizi-bizi. Lehen proban 45 kiloko lasto fardoa altxa behar izan zuten, lurretik 7,5 metrora zegoen polearaino. Lan hori egiteko bi minutuko tartea izan zuen kirolari bakoitzak. Bost kirolarik hartu zuten parte proba honetan: Peio Argaiak, Mattin de la Sotillak, Lander Oterminek, Patxi Ituartek eta Jose Martin Bustinzak. Jasoaldi gehien egin zituena eta marka hautsi zuena, Bustinza izan zen. 25 aldiz altxa zuen lasto fardoa. Bigarren Oterminek egin zuen, 21 jasoaldirekin; eta, hirugarren, Argaiak, 18 jasoaldirekin.

Ondoren, 18 kiloko ingudea altxa behar izan zuten 1:30ko saioan. Oskar Aranbarri, Iker Goikoetxea, Patxi Ituarte eta Mikel Agirre aritu ziren lan horretan. Goikoetxea izan zen jasoaldi gehien egin zituena, 68 egin baitzituen. Bigarren Agirrek egin zuen, 64 jasoaldirekin; eta, hirugarren, Ituartek, 60 aldiz altxata.

Zaku eramatean aritu ziren gero. Oskar Aranbarri, Patxi Ituartek eta Mikel Agirrek 80 kiloko zakua 120 metroko ibilbidean eraman behar izan zuten. Azkarrenak irabazi zuen, kasu honetan, Ituartek. 36 segundo behar izan zituen helmugako marra zeharkatzeko. Bigarren, bi segundora, Agirrek egin zuen; eta, hirugarren, Malasetxeberriak.

Azken proba txinga eroatea izan zen. Esku banatan txinga bana eraman behar izan zuten. Bakoitzak 50 kilo zituen, hortaz, guztira, 100 kilo eraman behar izan zituzten. Luze gehien egitea zen probaren helburua eta horretarako denbora librea zuten. Sei kirolarik hartu zuten parte proba honetan: Igor Landa aiarrak, Lander Otermin, Oskar Aranbarri, Iker Goikoetxea, Patxi Ituarte eta Mikel Agirre. Irabazlea Otermin izan zen, 8 luze eginda. Bigarren etxekoak egin zuen, Landa aiarrak, 6 luze eta 4,05 metro eginda. Hirugarren Goikoetxea izan zen, 5 luze eta 5 metro inguru eginda.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide