Bigarren egin zuen Ibarrako taldeak

Karkara 2015ko mai. 20a, 09:34

Ezeiza eta Lizarralde aiarrak Perurenako I. Giza Proban hartu zuten parte. Bigarren sailkatu ziren, Emarri taldearen atzetik.

Igandean, arratsaldeko 18:00etan hasi ziren harriari tiraka Ibarrakoak. Bi ordu lehenago, 16:00etan, pisatu egin ziren hiru taldeak. 550 kilotan sartu behar zuten, bestela, pasatako kilo bakoitzeko bi pisuko gainkarga jarriko zitzaien. Emarri pisuan sartu zen, 488 kilo pisatu baitzuen. Ibarrak 552 pisatu zuen eta Zeanurik 566.

Ibarrak lau kiloko gainkarga hartu behar izan zuen eta Zeanurik 32 kilokoa. Ondoren, zozketa egin zen eta Ibarrari tokatu zitzaion lehenengoak izatea harria tiratzen. Emarri bigarrena izan zen eta Zeanuri azkena.

Ibarrak txukun egin zuen bere lana, 41eko emaitza lortuta. Atzetik, jada erreferentzia zuen Emarri atera zen. 42ko marka egitea lortu zuten eta txapela eskuratu zuten. Zeanurik 34 egitea lortu zuen. Irabazi ez arren txukun ibili ziren oso ibarrako neskak, tartean Ezeiza eta Lizarralde aiarrak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide