Perurenako I. Giza Proba Txapelketa jokatuko da asteburuan. Hiru talde izango dira aurrez aurre: Emarri, Ibarra eta Zeani. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da lehia, Astigarragako Auzolango probalekuan. Ibarra taldean bi aiarrek hartu dute parte, Ane Ezeizak eta Aitziber Lizarraldek.
Albo batera utzita zuten harria Ibarra taldekoek. Azkenean, talde osoa kirolaria denez, bakoitza bere kirolean ibili da orain arte, azaldu du Lizarraldek. Arraunean batzuk, soka tiran besteak, harria jasotzen, korrika... Lizarraldek, esaterako, Orion egiten du arraun. Bakoitza beren kirolean zentratuta zegoenez, ez zuten sekula pentsatuko Perurena saria jokatuko zutenik.
Emarri taldeak txapelketan parte hartzeko aukera eskaini zigun, eta, taldea berriz batzeko aukera ona zenez, baiezkoa eman genion, azaldu du aiarrak. Taldea batu eta entrenatzen hasi ziren, jo eta su, baina harriarekin gutxi ibili direnez arazo batzuk izan dituzte. Kontziente ginen bi arazo nagusi genituela: batetik, praktika falta; eta, bestetik, pisua. Oso goitik geunden.
550 kiloko harriarekin egingo dute hamabost minutuko saioa. Probarako hiru asteren falta 35 kilo gainetik zeuden. Egunean bertan, pasatzen diren kilo bakoitzeko bi kilo gehiago hartu beharko dituzte gainean. Asteazkenean 10 kilora jaitsi dute aldea, baina, oraindik, ez dira 550 kiloetan sartzen.
Hala ere animatuta daude, gogoarekin. Denbora gutxi eduki duten arren, hartutako denbora ondo aprobetxatu dutela dio Lizarraldek. Emakumearen kirola bultzatzeko ahaleginean sartuta daudenez, horrelako txapelketa bati ezin izan diote ezetz esan. Eta behin baiezkoa emanda, ahalik eta ondoen egiten saiatuko dira. Talde moduan badakigu zaila izango dela, baina ahal dugun guztia ematera goaz.