Aiako belardietan jokatu zen Gipuzkoako Sega Txapelketa

Karkara 2014ko uzt. 14a, 08:33

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Final estua izan zen. 13 kiloko aldearengatik Juanjoxe Lizaso izan zen Gipuzkoako Sega Txapelduna, guztira, 2.768 kilo bildu zituen

Iritsi zen uda. Eguraldi ona, baina, iristear dago. Igandean eguraldia lagun izan zen Aian; zerua urdin-urdin zegoen eta belardiak berde-berde. 12:00etan kanposatuko belardia inguratzen 500 ikusle inguru bildu ziren. Segak ondo zorroztu eta belarra biltzeko prest segalariak. Lau: Esnaola, Kanflanka, Lizaso eta Mercader.

Segalari bakoitzak 12 sail prestatu zituen ordu beteko lana burutzeko. Gogor hasi ziren segan lauak, baina ordubete igaro ondoren Juanjoxe Lizaso izan zen belar kilo gehien bildu zuena; 2.768. Igor Esnaola eta Juanjoxe Lizasoren arteko norgehiagoka estua izan zen oso, Esnaola 13 kiloren diferentziagatik bigarren geratu baitzen.

Emaitzak hauek dira:

  • Juanjoxe Lizaso : 2.768 kilo
  • Igor Esnaola : 2.755 kilo
  • Jon Kanflanka: 2.217 kilo
  • Iñigo Mercader: 1.985,5 kilo

Gau giroa ederrean, dantzan

Errenterian sortu eta kokatutako dantza konpainiak, Kukaik, Gelajauziak izeneko antzezlana eskaini zuen Aiako plazan, atzo, igandearekin. Jon Maya dantzari eta koreografoa zuzendari dela, euskal dantza tradizionaletik abiatzen den ikuskizun garaikidea da. Atzo, euskal dantza oinarri zuen antzezlana eskaini zuten Aiako kaskoan, gaueko 20:00etan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide