Igor Esnaola legorretarra, Iñigo Mercader hernaniarra, Juanjoxe Lizaso asteasuarra eta Jon Kanfraka leitzarra izango dira igandean, Aiako Gipuzkoako Sega Txapelketako finalean. Hilerri azpiko zelaian arituko dira segalariak eta bakoitzak ordu beteko lana egingo du. Lana txukunen egiten duena izendatuko da Gipuzkoako txapeldun.
Finalerako sailkapen probak ere Aian egin ziren. Kilo kopuru hauekin lortu zuten finalerako txartela segalariek: Igor Esnaola –1.739 kilo–, Juanjoxe Lizaso –1.645,5 kilo–, Jon Kanflanka –1.453 kilo– eta Iñigo Mercader –1.429 kilo-.
Igor Esnaola Legorretako segalaria da, baita trontzan ibilitakoa ere anaiarekin batera. Lehengo urteko Gipuzkoako Txapelketan txapela jantzi zuen Esnaolak. Italian ere izan zen Europako Sega Txapelketan eta lehen hamar postuetan sailkatu zen. Iñigo Mercader hasiberria da baina maila oso ona erakutsi du hernaniarrak. Juanjoxe Lizasok 2013an Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa irabazi zuen, eta aurreko hiru urteetan Gipuzkoako sega txapeldun izendatu zen. Jon Kanfraka leitzarrak ere ibilbide luze eta oparoa du segaren munduan, hortaz, final lehiakorra espero da igandean.