Orioko Curriculuma Sortzen taldeak, aurtengo ikasturtean, lau arlo nagusi landu dituzte; horietako bat, giza eta gizarte zientziak. Lan-eremua Orio denez, kirolari eman behar zion trataera ere Oriora mugatu behar da. Hasiera batean Orioko kirolari ezagunen bilduma moduko bat egitea pentsatu zuten, baina azalean geratuko zenez, Zarautzeko proiektua Oriora ekartzea pentsatu zuten. Horregatik bildu ziren atzo, Salatxo aretoan, Eneritz Mayora, Juanjo Aranburu eta Jon Redondo.
Zarautzen lau urte daramatzate kirola eta jarduera fisikoaren inguruko mahai-inguruak egiten. Solasaldi hauetan hizketa-gai nagusiak kirol ohiturak eta hori hobetzeko aukerak izan dira. Hortik sortu da EKAP plataforma herritarra, Eskola kirolaren aldeko plataforma eta bertako kide da Eneritz Mayora.
Umearen heziketa integralean zutabe
Kirolak helburu pedagogiko garrantzitsuak ditu umearen heziketa integralean, horregatik, ikastetxeetako curriculumaren osagarria behar du izan Eskola Kirolak Mayoraren iritziz. Bestalde, adineko kirolaren hastapena izan behar du, hau da, ez du helduen formatuaren erreplika edo kopia izan behar. Etorkizuneko kirol praktikaren oinarria izan behar du. Haurrari kirol-zaletasuna piztu behar zaio eta kirola egitera ohitu behar du.
Horretarako, EKAPeko kidearen ustetan, jarduerek denen parte hartzea bermatu behar dute. Guztiei eskaini behar zaie aukera, eta bakoitzaren erabakia izan dadila praktikatu ala ez. Bestalde, kirol aniztasuna ere landu behar dela irizten dio, honela, zure gustu eta zure gaitasunekin bat egiten duen kirola zein den jakingo duzu. Eskola kirola lehiaketara bideratzea ere erabaki okerra delakoan dago, izan ere, lehiaketara mugatuz gero ume batzuk kanpoan uzten dituzu. Amaitzeko, adina, gaitasuna eta haurraren ezaugarrietara egokitzeko beharra azpimarratu du Mayorak. Etorkizunean kirolari ona izateko tresnak eman behar ditu Eskola Kirolak; edukiak landu behar ditu eta ez adinekoena imitatu.
Teoriaren eta errealitatearen arteko hutsuneak
Eskola kirola Gipuzkoan osasuntsu mantendu dela dio Mayorak eta Redondok hori berresten du Bizkaia eta Arabarekin alderatuz gero, Gipuzkoako Eskola Kirolaren egoera oso ona da. Bizkaian, esaterako, hiru kirol egitea aukera –eskubaloia, saskibaloia eta futbola– da, eta Gipuzkoan, obligazioa. Kirol ezberdinak egiteak mugikortasuna bermatzen du eta, gainera, aberasgarria da. Goi mailako kirolariak gero eta gazteagoak dira, hortaz, espezializatzeko eskatzen digute eta ez hiru kirol egitera derrigortzeko. Datuek, ordea, multikirolaren praktika etorkizunean onuragarria dela diote, Basque Teameko 55 kirolaritik bost bakarrik baitira bizkaitarrak.
Hala ere, EKAPen ustetan Gipuzkoan ere badago zer hobetu. Teorian, instituzioek markatu dutena zuzena da, baina hori praktikara eramatean hutsuneak daudela ohartzen gara, azaldu du Mayorak.
Eskola Kirola profesionalizatu gabeko alorra da eta Mayorak trebakuntza beharra ikusten du. Gurasoek informazioa behar dute, Ikasleei Eskola Kirola zer den elarazi behar zaie eta monitoreak formatu egin behar dira. Redondoren ustetan Eskola Kirolaren ahulezietako bat ere bada formazioarena: begiraleek kualifikazio eskasa dute eta heziketa fisikoko irakasleak, ordea, badute formazioa. Guztiak kualifikatuak izan behar dute? Inor ez? Hori kudeatzea ez da erraza, orain arte Eskola Kirolak formatu gabekoen borondateagatik egin baitu aurrera.
Egutegia hiru kirolen inguruko lehiaketa batera mugatzen da, hortaz, kirol aniztasuna ez da sustatzen. Ondorioz, soilik formatu berdineko kirolak praktikatuz gero futbolean txarra den umea, ziurrenik, eskubaloian eta saskibaloian ere txarra izango da. Lehiaketak, gainera, ume batzuk alboratu egiten ditu. Redondoren ustetan, aldiz, gakoa lehia eta parte hartzearen areko orekan dago.
Federazioak soilik lehiaketa babesten duela aipatu du oriotarrak. Federatuen kopurua mantendu egin da azken urteetan; praktika, aldiz, igo egin da. Hortaz, federazioak lehiaketa ez dena ere kudeatu beharko lukeela uste dut.
Agente ezberdinen –Eskola Kirola, Kirol Eskolak eta Kirol Elkarteak– elkarlana eta errespetua ezinbestekoak dira. Eskola Kirolak lehentasuna izan beharko luke Mayoraren ustetan eta hori beti ez omen da horrela. Agente guztiak mahai baten bueltan biltzeko beharra ikusten du, lehentasunak adosteko.
Multikirol ligaxka eta mugikorretarako aplikazioa, hutsuneak betez
Sei kirol ezberdin landu dituzte multikirol liga batean. Sozialki indartu diren kirolen txapelketa amaitzean praktikatu ditugu gainontzeko kirolak haurrekin. Umeek beraien talde naturalekin kirol ezberdinak probatu dituzte eta ezintasun fisikoa dutenekin aritzeko aukera ere izan dute, maila berean egonik, azaldu du Mayorak.
Bestalde, formazioa hobetzeko helburuarekin, monitoreentzako baliagarria izan daitekeen tresna garatu dute Juanjo Aranbururekin, elkarlanean. Mugikorretako aplikazio bat da, non ariketa ezberdinak azaltzen diren hiru modutan: bideoan, grafismo bidez eta testuarekin. Gida didaktiko bat da, jolasen bitartez kirola lantzen duen ariketez osatua. Eskura izango dituzten errekurtso materialak kontuan hartu ditugu ariketak diseinatzerakoan. Elitismoetatik ihes egin dugu eta praktikotasuna bilatu dugu, aitortzen du Aranburuk.
Guztira, 150 bideo biltzen ditu kirol bakoitzean. Ariketa bakoitza helburu espezifiko bati lotua egongo da eta hezitzaile bakoitzak osatu beharko du bere menua, hau da, ariketen aukeraketa monitore bakoitzak egingo du. EKAPen filosofiari jarraitzen dio garatu dugun aplikazioak, izan ere, garrantzitsuena ideia da. Guk, tresna honen bitartez, filosofia hori praktikara eramateko erraztasunak ematen ditugu, sakontzen du Aranburuk.
Redondori interesgarria iruditzen zaio sortzen ari diren aplikazioa. Puntako teknologia gazteek egun darabiltena izanik, mugikorretarako aplikazioa egiten asmatu egin dutelakoan dago oriotarra.