Historia egin du Izeta VI.ak

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 10a

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak 59 minutu eta hiru segundotan bete du inoiz ezarri ez den herri kirol marka. Hain justu, denbora horretan 100 kiloko harri esferikoa 50 aldiz altxatu du, baita hamar kanaerdiko moztu eta amaitzeko, 5 kilometro korrika egin ere. Lierni Osa zarauztarrak ere helburua lortu du: 63 kiloko harri esferikoa 70 aldiz atxatu du 10 minutuko tandan. 

Izeta VI.ak historia egin du gaur. Lege Zaharren Enparantza jendez goraino beteta zegoela, aiarrak beste herri kirolariek inoiz egindako marka lortu du: 59 minutu eta hiru segundotan, 100 kiloko harri esferikoa 50 aldiz altxatu, ondoren hamar kanaerdiko moztu eta amaitzeko, 5 kilometro korrika egin ditu gelditu gabe.

Proba hasi baino lehen, Ainitze Zumeta eta Xuban Zumeta Xumetak harri jasotze erakustaldia eskaini dute, publikoa berotzen hasteko. Zumeta 75 kiloko harriarekin ibili da, eta Xumeta, aldiz, 100 kilokoarekin.

Jarraian, aiarrak hartu du lekukoa. Harriarekin gustura hasi den arren, aizkoran arazoak izan ditu zazpigarren kanaerdikoarekin, eta tunela "ilun samar" ikusten hasi da. Azken egurrekin, ordea, berriro hasi da proba gozatzen, eta amaitzeko, korrika saioan "disfrutatu" egin duela kontatu du aiarrak. "Oso pozik nago, eta helburua bete baino gehiago egin dugu. Egia esan, markaz harago, herriak horrela erantzun izanak betetzen nau".

Ikus-entzuleen artean herri kirolen munduko aurpegi ezagunak ere ikusi dira, besteak beste, Iñaki Perurena, Jokin Eizmendi edota Joxe Inazio Saizar Lusarbe. Izeta VI.ak ere alboan izan ditu lagunak eta familiartekoak, eta noski, herri oso bat. Izan ere, kasu gutxitan ikusi izan da Zarauzko plaza hain beteta. "Horrelako jende garrantzitsua hemen egoteak berezia egiten du proba. Kirolari batentzako dagoen gauzarik onena da", esan du hunkituta Iruretagoienak.  

Osak ere ezarritako helburua bete du, eta 63 kiloko harri esferikoa 70 aldiz altxatu du 10 minutuko tandan. Proba bikain hasi duen arren, azkenengo minutuak gogorrak egin zazkio zarauztarrari. "Amaieran, entrenamenduetan baino gehiago sufritu dut. Azkenengo minutuan 10 altxatze egiten saiatu naiz, eta harria beldurrarekin heldu dudan arren, helburua lortu dugu". 

Hala, etxeko lanak eginda, bi kirolariek garaipena ospatzen jarraituko dute gertukoekin. Lege Zaharren Enparantzan, aldiz, erromeria izango da iluntzera arte, Izer eta Alabierren eskutik, baita jana eta edana ere gerturatzen direnentzat. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide