Taupa Euskaltzaleen Topaguneak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera eta Soziolinguistika Klusterraren eta Badalaben laguntzarekin, Gipuzkoa Arigune egitasmoa jarri zuen martxan iazko otsailean. Proiektuak lau ardatz ditu. Lehenik eta behin, komunitatearen parte hartzea; horretarako, talde dinamikak sustatzen dituzte herriz herri, eta baliabide horiek esku-eskura jarri herritarrei. Bigarren elementua parte hartze kolektiboa da, hirugarrena adostasun zabala lortzea, eta, azkenik, metodologia berritzaileak erabiltzea. Azken horri dagokionez, Peio Jauregi soziolinguistak sortutako Aldahitz ikerketa jarri dute martxan. Horren hipotesia da hitz egiten hasteko ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea; ulertzea nahikoa izan daitekeela bestea euskaraz hitz egiten hasteko, betiere, horretarako testuingurua sortuz gero. Horretarako, hiru metodologia ari dira erabiltzen: iazko urrian probatzen hasi ziren Uler-saioak –ulermena lortzea da xedea; 120 ordutan, B1 ulermen mailara iristea–; Ulerrizketa –euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenen eta maila ona dutenen arteko elkarrizketak sustatzen dira–; eta Eusle –euskara erabiltzeko konpromisoa hartzeko–.
Proiektua esperimentazio fasean dagoen arren, lehen pauso horiek emateko Gipuzkoako hiru leku aukeratu dituzte: Donostiako Añorga auzoa, Antzuola eta Aia. Alde batetik, "herri edo auzo koxkorrak" direlako aukeratu dituzte. Bestetik, eskualde desberdinetan daudelako, eta, azkenik, ezaugarri ezberdinak dituztelako: batzuk landa eremutik gertuago daude, batzuk herriak dira eta beste bat auzoa...
Hazia 2020an
Proiektuaren hazia 2020. urtean jarri zuten. Aldundiak Anton Abadia saria eman zion orduan Jauregiri, Euskaraldiaren oinarrian dagoen hizkuntza ohituretan aldaketak izateko egindako teorizazioagatik eta hori praktikara eramateko Ahobizi, Belarriprest eta arigune kontzeptuak gizarteratzen egindako lanagatik. Saria jasotzeko ekitaldian, "Gipuzkoa noizko arigune?" erronka bota zion Jauregik Markel Olano orduko ahaldun nagusiari, eta hori izan zen orain garatzen ari den Gipuzkoa Arigune proiektuaren hasikina. Izan ere, aldundiak zenbait ikerketa egin zituen Soziolinguistika Klusterrarekin batera, eta 2022an erabaki zuen proiektu hau abian jartzea. Horretarako, proiektuaren erdigunean elkarlanak egon behar zuela argi izanik, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Badalabekin batera marraztu zuten lurraldea arigune bilakatzeko bidean jarriko zuen proposamena.
Zehazki, lau urterako esperimentazio fase bat definitu zuten, eta hori gauzatzeko aldundiak lau urterako elkarlan hitzarmen bana sinatu zuen Soziolinguistika Klusterrarekin eta Taupa mugimenduarekin, uler saioen esperimentazioa azkartzeko lehendabizikoa, eta Gipuzkoa Ariguneren esperimentazioa hainbat tokitan abian jartzeko, bigarrena.
Unai Ormaetxea: "Erdaldunak ahaztu egin izan ditugu euskararen aldeko egitasmoetan, eta Arigunek gure hizkuntzara erakartzen ditu"
Lau erakundeen artean bulego bat zabaldu zuten 2023. urtean, eta geroztik, eskutik helduta garatzen joan dira proiektuak dituen lan ildoak, aipatutako hiru leku horietan egiten ari den esperimentazioa, uler saioen metodologia probatu eta homologatzeko bidea eta beste hainbat. Iñaki Arruti aldundiko Hizkuntza Estrategiako Zerbitzuko buruaren esanetan, "emankorra eta aberatsa" izan da orain arte egindakoa.
Metodologia berritzailea
Aia Arigune proba pilotua iazko urtearen hasieran hasi ziren garatzen, eta beraz, urtebete baino gehiagoko ibilbidea du. "Helburu nagusia da komunitatean euskaraz gehiago eta gehiagotan egitea: herriak arigune bilakatzea, benetan herri horietan euskaldunek euskaraz lasai egiteko baldintzak lortzeko", azaldu du Unai Ormaetxea Taupako ordezkariak. "Euskararen alde dagoen jendea aktibatzea ere nahi da, jende euskaltzalea eta euskaraz dakiena aktibatzea, erdaldunak aintzat hartuta. Historikoki, erdaldunak ahaztu egin izan ditugu euskararen aldeko egitasmoetan, eta honek erdi-erdian dauka erdaldunak ere euskarara gerturatzeko urratsak ematen jartzea", gaineratu du.
Hori da lehenengo egitekoa: euskara ulertzen ez dutenek uler dezatela, ondoren euskaldunek euskara gehiago eta gehiagotan erabili ahal izateko. "Horretarako, euskaldungoa soziolinguistikoki aktibatu egin behar da. Izan ere, ez digu ezertarako balio erdaldunak euskara ulertzea, gero euskaldunek ez baldin badute ulertzen ez duenarekin euskaraz egiteko posizioa hartzen", kontatu du Ormaetxeak.
Iazko irailetik abendura herritarrekin uler saioak martxan jartzen ahalegindu ziren Aian Aldahitz metodologiatik abiatuta, hau da, elkarrizketan, ahoz ahokoan eta entzumen aktiboan oinarritzen den metodologian oinarrituta. "Berritzailea zer da? Bada, jendea entzuten jartzen duela, hau da, trebatzaileak hitz egiten du, eta ulertzaileek entzun, apurka-apurka trebatzaileak euskaraz dioen hori ulertuz. Ez da idatzian oinarritzen, baizik eta entzute aktibo batean, zeinetan euskara ez ulertzetik ikasturte batean euskararen ulermen gutxienekoa garatzera igarotzen den pertsona erdaldun hori".
Ormaetxeak azaldu du herrian "erantzuna oso ona" izan duela egitasmoak, 37 pertsonek erakutsi zutelako parte hartzeko interesa. "Uler saioen aurkezpenera 30 pertsonatik gora etorri ziren, eta azkenik, saioetan hogei pertsona inguru hasi ziren".
"Proiektuaren helburua ez da euskaraz erantzutea, baizik eta elkarrizketa elebidunetara ohitzea"
"Parte hartzaileak, oro har, oso gustura daude. Eta horrek ekarri du ikasturte erdia pasa den honetan ia gehienek bertan jarraitzea. Esperientzia berritzaile, eta aldi berean, berria ari da izaten", adierazi du Ormaetxeak. "Honek zer ekarri du? Bestela euskarara ziurrenik gerturatuko ez liratekeen profilak erakartzea, eta euskara ulertzera iristea, euskaraz ikastera, ulermenetik abiatuta. Profil horretako jendea agian bestela ez zatekeen euskaltegira joango, baina uler saioen bitartez erakarria izan da", kontatu du Taupako kideak.
Herritarren foroa oinarri
Gipuzkoa Arigune egitasmoa hainbat erakundek sostengatzen duten arren, Aia Ariguneren motorra herritarrak dira, hau da, herritarrek osatzen dute antolakuntza foroa. "Gipuzkoa Ariguneko lantaldea hilabetean behin biltzen da Aiako antolakuntza foroarekin. Bertan pentsatzen eta adosten dira, hain justu, gero martxan jarri nahi diren ekimen guztiak", azaldu du Ormaetxeak.
Herritarren foroaren parte dira, besteak beste, Miriam Sarasola (EAJ) eta Iñaki Gurrutxaga (EH Bildu) Aiako alkateordea eta udal zinegotzia. Gurrutxagak kontatu duenez, "hasieratik oso-oso garbi genuen, nahiz eta egitasmoa udaletik abiatu, ekimen herritar bat izan behar zuela. Horretarako, udalak herritarrak gidatuko zituela adostu genuen, hau da, presente egon behar du udalak, baina gidaritza ez da inondik inora ere udalarena". Gurrutxagak azaldu du, udalean bazela kezka bat euskarari dagokionez, eta "gabezia handiak" ikusten zituztela, besteak beste, euskara plan baten edota Euskara teknikari baten falta. "Hori izan zen gure diagnostikoa: arnasgune izatearen berezitasun hori galtzen ari ginela, eta hor esku hartze bat egon behar zuela".
Uler saioetan parte hartzen ari direnen erantzunak jasotzen ari dira udalean, eta oraingoz, balorazio "oso positiboa" egin dute. "Ikusten da herritarrek gogoa eta interesa dutela proiektu honetan parte hartzeko. Hau ez da hemen hasi eta hemen bukatuko. Eta horrek gogoak ematen dizkigu aurrerantz jarraitzeko", gehitu du Gurrutxagak.
Sarasolak ere egitasmoaren balorazioa oso ona egin du. "Aukera polita sortu zitzaigun, euskararen inguruan sortzen hasi zitzaigun kezka horren aurrean herria aktibatzeko, bai euskaldunak garenok, baita erdaldunak edo bestelako hizkuntzak hitz egiten dituzten herritarrak ere. Hori ez ezik, diagnostiko bat egiteko ere balio izan digu, izan ere, beti iruditzen zaigu inguruko denek euskaraz hitz egiten dutela, eta behin eseri eta lan saio hauek egin ostean, herriko testuingurua ardazten duzu, baita zein gunetan hitz egiten den gehiago erdaraz, non ez... horrelako lanketa egiteko oso ondo etorri zaigu", azaldu du zinegotziak. "Aia beti izan da euskalduna eta arnasgune bat gara oraindik, eta horretan jarraitu nahi dugu", gehitu du.
Miriam Sarasola: "Herria aktibatzeko balio izan digu Arigunek, euskararen inguruan geneukan kezka horren aurrean"
Nerea Aranberri Urdaneta auzoko bizilaguna ere herritarren foroaren parte da, eta talde horretan lanketa ezberdinak egiten dituztela kontatu du. "Lehenik eta behin, identifikatzen saiatu gara ea non dauden euskararen indarguneak eta ahulguneak. Izan ere, errealitateak oso ezberdinak dira auzo edota eremu bakoitzaren arabera. Urdaneta bezalako auzo bat oso euskalduna den bezala, Aiako erdigunean beste gertakari batzuk jazotzen dira. Beste hizkuntzak gero eta gehiago entzuten dira bertan, eta nik uste dut hori denontzat dela positiboa". Horretarako, Aiako auzo ezberdinetara jo dute, euskara non entzuten den eta non ez identifikatzeko. Hori ez ezik, bilera ireki bat egin zuten Probalekuan, Aian bizi diren erdaldunek euskararekiko duten jarrera ikusteko asmoz. "Orain, euskaldunak direnek euskara erabiltzea nahi dugu; hor daukagu jarrita fokua", gehitu du Aranberrik.
Uler saioak, arrakastatsuak
Iazko urrian hasi zituzten uler saioak, Kultur Etxean, Nadhet Arruti AEK euskaltegiko irakasle oriotarraren gidaritzapean. Astero biltzen da hamazazpi partaideko taldea, astearteetan eta ostegunetan, eta dinamizatzaileak azaldu duen moduan, proiektuaren helburua ez da parte hartzaileek euskaraz erantzutea, baizik eta elkarrizketa elebidunetara ohitzea. "Modu horretan, etorkizunean euskaldunei euskaraz egiteko eskatuko diete, nahiz eta agian gai ez izan horiei euskaraz erantzuteko. Horri esker, ez da behartzen euskaraz dakiena hizkuntzaz aldatzera".
Uler saioak hiru blokez osatuta daude. Lehenengo biek 30 orduko iraupena dute, eta azkenak, berriz, 60 ordukoa. "Saioekin hasi ginenean, asko erabiltzen genituen ikus-entzuneko elementuak, eta apurka-apurka, nire diskurtsoa bakarrik geratzen ari da. Izan ere, zenbat eta euskarri gutxiago erabili, orduan eta belarri gehiago jarri behar dute", azaldu du Arrutik. "Nik beti euskaraz egiten diet, eta beraiek, maila ezberdinak izanik, erosoen sentiarazten diren hizkuntzan erantzuten dute". Profil ezberdinetako partaideak aurki daitezke saio horietan, baina guztiek helburu bera dute: modu batera ala bestera, euskarara gerturatzea.
Nadhet Arruti: "Ariguneren bidez, ez da behartzen euskaraz dakiena hizkuntzaz aldatzera"
Aitor Blasco donostiarra, esaterako, 2019. urtetik bizi da Aian, eta euskaraz ondo hitz egiten ikasteko apuntatu zen uler saioetara: "Aian oso pozik bizi naiz, eta euskara oraindik oso ondo ulertzen ez dudan arren, asko hobetu dut ikastaroari esker. Esan daiteke, konfiantza handiagoa dudala orain hitz egiterako orduan".
Laura Prieto duela bost urte etorri zen Argentinatik Euskal Herrira, eta saioak euskaltegiko klaseekin uztartzen ditu: "Nire erronka da euskara ikastea, izan ere, hemengoekin hobeto konektatu eta jendea ezagutu nahi dut. Niretzat ulermena da erronka handiena, aiarrek oso azkar hitz egiten dutelako, eta batzuetan zaila izan daitekeelako elkarrizketaren ildoa jarraitzea. Gainera, gramatikako ordena ere zaila egiten zait. Bestela, ondo doaz saioak. Erretiratuta nago, eta denbora libre asko dut, beraz, astia dut ikasteko".
Yury Narvaezek ere erronka berberak ditu. Jaiotzez kolonbiarra, oriotar batekin ezkondu zen, eta bertakoekin harreman estuagoak egin nahi ditu. "Laguntzaile soziosanitarioa naiz, eta pertsona helduekin igarotzen dut denbora asko. Zaharrek, ordea, ez dute gazteleraz hitz egiten, eta askotan zaila egiten zait beraiekin elkarrizketak izatea. Orain, gehiago ulertzen ditut, nahiz eta nik ez hitz egin beraiekin". Seme-alabek ere euskaraz hitz egiten dutenez, etxean praktikatzeko aukera ere badu orain.
Itxaso Belinchon donostiarrak lau urte daramatza Aian, eta hura ere saioetan parte hartzen ari da. "Beti izan dut euskara ez jakitearen arantza hori, eta ikastaro honen bitartez, hizkuntza ikasten ari naiz. Ez da prozesu erraza, baina poliki-poliki, aurrerantz goaz".
Jose Coca ere jaiotzez donostiarra da, eta jada urtebete darama Aian. Betidanik gustatu zaio natura, eta herrian etxe bat erostea erabaki zuen. "Aiara etorri bezain laster, udaletxera joan nintzen erroldatzera, eta bertan izan nuen programa honen berri. Animatu egin nintzen, eta uste dut geroztik asko hobetu dudala, oraindik hitz egitea asko kostatzen zaidan arren".
Juan Mari Irigoien harro da zortzi abizenak euskaldunak izateagatik, baina euskara ez jakiteak haserrearazi egiten zuen. "Denbora asko nindoan euskara ikasteko gogoarekin, eta programaren berri izan nuenean, izena ematera animatu nintzen".
Uler saioak ekainean amaituko dituzte, eta ondoren, konplizeak aurkitu beharko dituzte, irailetik aurrera ulerrizketei hasiera emateko, hala, pixkanaka, belarria hizkuntza berrira are gehiago ohitzeko.



