Jauzia emateko prest da Korrika eskualdean

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 28a

Herrixen merkatari elkartekoak, lekukoa eskuetan. (AEK)

24. Korrika abiatzeko bi hilabeteren faltan, herriz herrikako batzordeak buru-belarri lanean dabiltza Korrika bera zein Korrika Kulturala prestatzen.

Martxoaren 19tik 29ra bitartean Euskal Herria luze eta zabal zeharkatu aurretik, Korrikaren 24. aldiaren atzera kontaketa hasia da. Jakinekoa da Urola Kosta eskualdera hilaren 25ean zein 28an iritsiko dela euskararen aldeko egitasmo erraldoia, eta horren atarian, buru-belarri lanean dabiltza Korrikaren eskualdeko koordinatzaileak ere. Beste urte batez, Ane Arrizabalaga (Azkoitia, 1994) eta Egoitz Dorronsoro (Orio, 1992) dira Urola Erdiko eta Urola Kostako Korrikaren koordinatzaileak. Esperientziak lasaitasunerako bermea ematen badie ere, Gabonak geroztik "etenik gabeko lanketan" murgilduta daude biak ala biak. "Alde batetik, Korrika bera dago, eta herrietako norbanakoek, eragileek zein enpresek lekukoa hartzeko prozesu betean gaude. Bestetik, Korrikaren atariko Korrika Kulturala prestatzen ere ari gara, programak betetzen", adierazi du Dorronsorok.

Bide horretan, martxan dira batzordeak ere herriz herri. Dagoeneko egin dituzte aurreneko bilerak leku gehienetan, eta oro har, herritarren erantzuna "ona" ari da izaten, Arrizabalagak berari dagokion herrietan hala ikusi duenez. Koordinatzaileek jakin badakite herri bakoitzak bere izaera duela eta, beraz, bakoitzak bere dinamika ere hartu ohi duela, baina azkoitiarrak zalantzarik ez du taldea "aktiboa" bada eta taldekideak "lanerako prest" badaude, batzordeak ondo funtzionatzen duela. Zentzu horretan, "gustura" azaldu da Urola Erdiko koordinatzailea, eta gaineratu du hango batzorde gehienen helburu nagusia dela beren herrietatik Korrika igarotzen den eguna, martxoaren 28a, behar bezala antolatzea.

Dorronsorok ere baieztatu du herritarrek batzordeetan duten erantzuna lekuan-lekuan aldatu egiten dela, eta haren arabera, herri bakoitzean Korrikarekiko dagoen ohituraren araberakoa izan daiteke hori. "Eragileek zein ikastetxeek beti parte hartu ohi dute batzordeetan, baina oro har, norbanakoen ekarpenaren falta sumatzen dugu. Korrika Kulturalean lan txiki pila bat egoten da egiteko, eta beraz, herritarrak animatzen ditugu parte hartzera". Hain zuzen ere, Korrika gizarteratzea asmo duen Korrika Kulturalaren "berebiziko garrantzia" azpimarratu du hark: "Korrika igarotzen den eguna beti da arrakastatsua, baina Korrika Kulturala ondo egitea ere garrantzitsua da, jendeak boluntarioki dirua ematea lortzen dugulako hortik. Hori beharrezkoa da AEK irekita mantendu ahal izateko; izan ere, Korrikarik gabe, AEK-k pertsiana jaitsi beharko luke, askotan ahaztu egiten bazaigu ere. Festa girotik egiten dugu Korrika, eta hala behar luke izan, baina bere beharrezkotasuna ere badu, eta hori azpimarratu egin behar da". Dorronsorok ez ezik, Arrizabalagak ere herritarrak gonbidatu ditu batzordeetan parte hartzera.

Kostaldeko herri batzuetan, gainera, dagoeneko prestatu dituzte Korrika Kulturalaren hitzordu batzuk: Zarautzen, esaterako, otsailaren 15ean bertso saio bat eskainiko dute herriko hainbat bertsolarik, eta Orion, Korrika igaro aurreko asteburuan egingo dituzte ekintzak, Dorronsorok aurreratu duenez.

Giroa berotzen

Martxoaren 19tik 29ra, 11 egunez Atharratze (Zuberoa) eta Bilbo lotuko dituen hariak 2.175 kilometro luze izango ditu, Euskara gara lelo hartuta. Hain zuzen, aurtengo aldarriarekin Euskal Herriko jendarteari, komunitateari, egin nahi dio erreferentzia AEK-k, Arrizabalagak azaldu duenez: "23. Korrikan jendea ahalduntzea lortu zen, herri harroa lortu genuen, eta horiengana jo nahi dugu. Bestalde, euskararen mundura erakarri nahi dugun komunitatea ere badugu. Euskarak batuko gaituen komunitate gero eta handiago zein kontzienteagoa sortu nahi dugu". Ildo beretik hitz egin du Dorronsorok ere, azpimarratuz euskara izango dela Euskal Herriko komunitate desberdinen "zubi lana" egingo duena.

"Norbanakoen ekarpenaren falta sumatzen dugu batzordeetan"

Egoitz Dorronsoro, Urola Kostako koordinatzailea

"Euskarak batuko gaituen komunitate gero eta handiagoa sortu nahi dugu"

Ane Arrizabalaga, Urola Erdiko koordinatzailea


Bien bitartean, norbanakoek, eragileek zein enpresek aukera dute lekukoak eskuratzeko. AEK-k "kilometroa erostea" adiera alboratzeko saiakera egin du aurten, "lekuko hartzea" hobetsiz. Kontzeptuez gain, ordea, izango da beste aldaketarik ere lekukoari dagokionez: "Orain arte eragile bakoitzak bere zatian eramaten zuen lekukoa, baina orain, beste eragile batzuekin elkarbanatu beharko dute. Zatia hasten denetik zatia amaitzen den arte, lekuko hartze horretan dauden eragile guztiek batera eramango dute lekukoa, guztiak batera joango dira pankartaren aurrean. Euskara da erdigunea, euskaratik eta euskararentzat ari gara, eta lekurik ez badugu gure ibilbidean, lekua egin eta partekatu egin beharko dugu", dio Urola Erdiko koordinatzaileak. Dorronsorok, bere aldetik, petoen inguruko beste aldaketa baten berri ere eman du: hark jakinarazi duenez, aurten, Korrikaren egunean petoak saldu ohi dituen furgonetarik ez da egongo, eta beraz, horiek aurrez eskuratzeko deia egin die herritarrei, AEKren euskaltegietara joanda.

Eskualdeko herri gehientsuenak zeharkatuko ditu Korrikak martxoaren 25ean, asteazkenez, eta hil horren 28an, larunbatez. Duela bi urteko egitasmoan ez bezala, aurten arratsaldeko orduetan igaroko da Korrika bi egun horietan eskualdetik. Egitasmoaren atarian, "giroa berotzen" ari dela adierazi dute koordinatzaileek, eta Dorronsorok aitortu du "harrituta" ere badagoela lekukoa eramateko herritarrak egiten ari diren ekarpen mordoarekin. Parte hartzea "espero baino handiagoa" ari da izaten, eta hain zuzen, koordinatzaileak uste du datorren edizioak "izugarrizko arrakasta" izango duela Urola Kostan; are, "jauzi bat gora" egingo duelakoan da. Barruko herriek ere antzeko itxura hartuko dutelakoan da Arrizabalaga, egitasmoa larunbat arratsaldez igarotzeak herritarrak "motibatzen" lagundu baitu.

Erlazionatuak

Korrika Batzordearen bilera izango da bihar

Julene Frantzesena urt 28, 08:00 Euskara

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide