Gabonak azken txanpan sartu dira, baina aurtengo jaiei amaiera eman aurretik, hitzordu magikoenetako batekin gozatzeko parada izango dute herritarrek: Errege Magoen desfilekin, hain zuzen ere. Bihar arratsaldean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta Orioko zein Aiako bizilagunekin ospatuko dute haien etorrera.
Azken urteetan bezala, Bizarzuri postariak Orioko neska-mutikoen gutunak jasoko ditu goizean; 10:30 aldera abiatuko da, eta kalez kale ibiliko da. Arratsaldean,18:00etan hasita, Errege Magoen desfilea izango da, danborradaren laguntzarekin. Ohi bezala, zubitik hasiko da eta Ibai Ondo eta Bikamiota zeharkatuko dituzte, Herriko Plazan bukatzeko.
Aiara zertxobait beranduago helduko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar; 19:00etan jarri dute hitzordua, eta urtero modu ezberdin batera iristen dira. Gero, trikitilarien laguntzarekin herriko plazara joango dira, eliza aurrean egongo den jaiotzara.