Saretzen

Errenta nahikoa ez denean

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 28a

Bi lagun diru zorroan dtuzten sosas kontatzen. (Oier Arregi)

Urola Kostako herritarren zein familien batez besteko errenta Gipuzkoako batez bestekotik gorakoa dela diote datuek, baina, hala eta guztiz ere, asko nekez iristen dira hilabetearen bukaerara. Horren erakusgarri da familia errenta handiena duten Urola Kostako herrian, Zumaian, Gizarte Zerbitzuek artatu eta lagundu behar izaten duten familien kopurua. Eta zerbitzu publikoak iristen ez diren lekura, elkartasuna iristen da; horren adibide da Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistan duela bost urte martxan jarri zuten Oinarrizko Produktuen Biltegia. 

Urola Kostako herritarrek, batez beste, 19.632 euroko errenta dute –2023ko datuak dira–, INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera. Urola Kostako biztanleen errenta Gipuzkoako batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da, eta Gipuzkoako eskualdeen sailkapenean, hirugarren tokian dago Urola Kosta, Debagoienaren eta Donostialdearen atzetik. Familiei dagokienez, berriz, batez beste 48.569 euroko errenta dute Urola Kostakoek, Gipuzkoako gainontzeko eskualde guztiek baino handiagoa; eta horrenbestez, baita Gipuzkoako batez bestekoa baino handiagoa ere. Urola Kostako batez bestekoa Gipuzkoakoa baino 2.000 euro inguru handiagoa da.

Baina zer esan nahi du horrek? Zer da errenta pertsonala? Eta nola kalkulatzen da? Honela dio Jon Bernat Zubiri Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harremanen Fakultateko Ekonomia Aplikatuko irakasleak: "Errenta pertsonala nazioartean oso kontsolidatua dagoen aldagaia da, eta adierazten duena da Barne Produktu Gordinetik zenbat iristen den etxeetara, zenbat ailegatzen den herritarrengana. Bi modutara neur daiteke: errenta pertsonalak herritarrak indibidualki hartzen ditu kontuan, eta familia errentak, familia unitateak. Errenta pertsonala kalkulatzeko, herritar baten diru sarrerak hartzen dira kontuan: soldatak, etekinak, interesak eta Espainiako Estatutik edo esparru publikotik jasotzen dituen transferentziak. Horiek guztiak batzen dira, eta zergetan ordaintzen dutena kentzen zaie". Eragiketa horren emaitza izango da errenta pertsonala edo herritarren errenta; eta modu berean kalkulatzen da familia errenta ere, baina unitate gisa familia hartuta norbanakoa hartu beharrean. "Beraz, herritarren errenta edo familien errenta da herritarrei edo familiei berehala esku artera iristen zaien dirua, izan kontsumitzeko edo izan aurrezteko". 

Adituaren arabera, baina, aldagai horrek badu "arazo" bat: batez besteko bat dela. "Herritar batek 10.000 euroko diru sarrerak baditu, eta beste batek diru sarrerarik ez badu, bien arteko batez bestekoa 5.000 eurokoa izango da. Ekonomian batez bestekoek beti dute arazo hori, ez dutela adierazten beheko klasearen edo herri xumearen egoera". Goi klasekoek edo errenta handiak dituztenek kopurua asko handitzen dutela dio. "Badakigu gizarte kapitalistetan badagoela disparekotasunerako joera natural bat. Badago jende bat soldata edo kapital errenta oso handiak dituena, baina horiek ez dira soldatapeko langileen zein autonomo eta enpresaburu txikien errealitatearen adierazgarri". Beraz, Zubiriren ustetan, "herritarren batez besteko errenta adierazle erabilgarria da joera ikusteko eta jakiteko ekonomia batean zenbat iristen den herritarrengana eta etxeetara, baina baditu bere mugak ere". 

Urola Kostara jaitsita, badira aldeak herri batzuetatik besteetara, eremu batzuetatik besteetara. Izan ere, datuek diote kostaldeko herrietako biztanleek batez besteko errenta handiagoak dituztela barrualdeko herrietakoek baino. Pertsonen errentaren sailkapenean, Zarautz ageri da buruan, eta haren atzetik daude Getaria, Zumaia eta Orio. Oriotarrena ez, baina kostaldeko beste hiru herri horietako biztanleen errenta handiagoa da eskualdeko batez bestekoa baino. Kontrara, biztanle gutxien dituzten herriak dira eskualdeko sailkapenaren azken lekuetan ageri direnak; Getaria da salbuespena. Errezildarrek dute batez besteko errentarik txikiena, baina zestoarrek, aizarnazabaldarrek eta aiarrek ez diete alde handirik ateratzen. Horiek baino batez besteko errenta handiagoak dituzte Beizamako, Azpeitiko eta Azkoitiko biztanleek, baina eskualdeko batez bestekoaren azpitik daude. Hala ere, 2016az geroztik, Errezilgo herritarren batez besteko errenta izan da gehien hazi dena, %40tik gora; aldiz, azpeitiarren eta zestoarren errentak izan du hazkunderik txikiena, %30 pasatxokoa.

Familien batez besteko errentari erreparatuta, berriz, kostaldearen eta barrualdearen arteko bereizketak hor jarraitzen du, baina herrien sailkapena zertxobait aldatuta. Zumaiako familiak dira batez besteko errenta handiena dutenak, ia 51.500 eurokoa, eta bigarren lekuan dauden Zarauzkoei dezenteko aldea aterata gainera, ia 2.000 eurokoa. Bi horiek eskualdeko batez bestekoaren gainetik daude; beste guztiak, azpitik. Aipatzekoa da gainontzeko herri guztietako familiek 44.000 eta 48.500 euro arteko batez besteko errenta dutela, Beizamakoek izan ezik; horien batez bestekoa ez da 35.800 eurora iristen.

"Tranpa estatistikoa"

Zortzi urtean batez besteko errentak %30 edo %40 hazi direla esatean, baina, bada "tranpa estatistiko moduko bat", Zubiriren esanetan. "Horiek dira bilakaera nominalak, baina gero hazkunde hori ezinbestean alderatu behar da bizimoduaren garestitzearekin eta prezioen igoerarekin. Eta hori egitean zer ikusten dugu? Batetik, Ukrainako gerra zela-eta aldi batean prezioek sekulako hazkundea izan zutela, batez ere energia kostuak igo ziren orduan; eta bestetik, azken urteetan prezioek hazkunde nabarmena izan dutela batez ere bi esparrutan: ezinbesteko elikagaietan eta oinarrizko ondasunetan, eta etxebizitza kostuetan. Orduan, errenta pertsonalaren hazkundea baliogabetuta gelditzen da prezioen hazkundearekin konparatzen denean". Horiek horrela, adituak ondorioztatu du goi klaseko herritar batzuentzako bizi baldintzek hoberantz egin duten arren, soldata baxuak eta errenta txikiak dituzten herritar eta familia askoren bizi baldintzek "nabarmen" egin dutela okerrera azken hamar urteotan. 

Zubiriren arabera, soldata baxuak eta errenta txikiak dituzten herritar eta familia askoren bizi baldintzek "nabarmen" egin dute okerrera azken hamar urteotan 

Zumaikoak dira eskualdeko batez besteko errentarik handienetakoa duten herritarrak eta errentarik handiena duten familiak, baina hango Gizarte Zerbitzuek ere herritar eta familia bati baino gehiagori lagundu behar izaten diete. Hain zuzen ere, iaz 85 herritarrek eskatu zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza, eta horietatik 69ri eman diete. Pili Alberdi Gizarte Zerbitzuen arduradunak zehaztu duenez, onartu dituzten lau eskaeratatik hiru emakumeek egin dituzte; laguntza jaso dutenen erdiak baino gutxixeago bakarrik bizi dira; eta erdiak baino gehixeago seme-alabekin. Gainera, zehaztu du hamar diru laguntza eskaeratatik ia zortzi etxebizitza gastuak ordaindu ahal izateko egin dituztela, hala nola alokairua edo hipoteka ordaintzeko, etxeko mantentze lanetarako edota argindarraren zein gasaren fakturak ordaintzeko. Eskatzaileen laurdenak Zumaian bertan jaiotako herritarrak dira; beste laurdenak Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako beste herri batzuetan jaiotakoak; eta hirutik bat inguru Europako Batasunetik kanpo jaiotakoak. 

Gizarte arloko diru laguntzak ere ematen ditu Zumaiako Udalak; "aldizkakoak ez diren prestazio ekonomikoak dira", eta "gastu espezifikoei edo oinarrizko gastuei aurre egiteko eta gizarte bazterketa egoerak saihesteko edo arintzeko" helburua dute. Alberdiren esanetan, iaz eskaera bat jaso zuten, eta aurten bost jaso dituzte, lau gizonek eginak eta bat emakume batena. "Egoera oso zailak bizi dituzten herritarrak dira: etxebizitza gastuei aurre egiteko diru laguntza osagarri bat behar dutenak, pentsiodunak, osasun arazoak edo mendekotasunak tarteko laguntza behar dutenak eta abar". 

Zumaiako Udalak 69 herritarri ematen die Gizarte Larrialdietarako Laguntza, eta lautik hiru emakumeak dira

Horiez gain, beste laguntza mota ere ematen du Zumaiako Udalak: banakako diru laguntza bereziak Brankako apartamentuetako onuradunentzat. Ostatu zerbitzua ordaintzeko diru laguntza hori bederatzi pentsiodunek jaso zuten iaz, eta seik jaso dute aurten. Genero ikuspegian dauden aldeak nabarmendu ditu Alberdik; izan ere, iaz, bederatzitik zazpi emakumeak izan ziren, eta aurten, seitik bost izan dira. 

Udalak ematen dituen laguntzetatik aparte, Lanbidek ematen duen Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren eskatzaileak ere badira Zumaian. Hain zuzen ere, 2024ko abenduan 133 herritarrek jaso zuten laguntza hori. 

Elkartasuna oinarri

Baina laguntza guztiak ez dira esparru publikotik etortzen, eskualdean badira bestelako egitasmoak ere martxan; esaterako, Kontseilu Sozialistak Azpeitiko Esklabetan martxan duen Oinarrizko Produktuen Biltegia. Pandemia garaian jarri zuten martxan, "eskubide sozial eta politikoen gainbehera betean, krisi kapitalistaren aurpegi gordinena jasaten duten familiei laguntzeko asmoarekin". Izan ere, bizitzaren garestitzea etengabea den garaiotan, beharrezkotzat jotzen dute "gutxien dutenei laguntzeko elkartasunezko proiektuak martxan jartzea". Bost urteotan, 200 familiatik gora izan dira produktuak jaso dituztenak. Gaur egun, 40 familiarengana iristen dira, eta itxaron zerrenda ere badute. Oinarrizko produktuak hilean behin jasotzen ditu familia bakoitzak. "Herritarren ekarpen ekonomikoa eta boluntarioen hileroko laguntza ditugu oinarri, urtean zehar egiten diren bilketa handiez gain". Datu adierazgarri gisa esan dute, biltegia martxan dagoen urteotan, banatzen dituzten oinarrizko produktuen kopuruak %60tik gorako hazkundea izan duela.

Gaur egun, hilero, 40 familiak jasotzen dute Esklabetako Oinarrizko Produktuen Biltegiaren laguntza, eta itxaron zerrenda dago

Biltegiaren arduradunen arabera, atzerritik etorritako familiak eta norbanakoak dira biltegira jotzen dutenak, "egun batetik bestera hainbat arrazoigatik hona iritsi direnak eta egoera zaurgarrian aurkitzen direnak, hala nola, logela batean bizi diren familiak, lana aurkitu ezinean dabiltzanak edota osasun arazo larriak dituztenak". Nabarmendu dute proiektua aurrera badoa janaria jasotzen dutenek ere parte hartzen dutelako dela, besteak beste, elikagai paketeak egiten, pakete horiek banatzen edota bestelako txandak egiten.

Esklabetako biltegira ahoz ahokoari esker iristen dira gehienak. "Bistakoa da Gizarte Zerbitzuek ez dituztela herritar xumeenen oinarrizko ongizate baldintzak bermatzen, dela daukaten egoera irregularrarengatik, dauzkaten beharrengatik edota horretara bideratzen dituzten baliabide publikoen gaitasun ezagatik. Zerbitzu horietan arreta eta laguntza jasotzeko baldintza batzuk eskatzeak ere asko esan nahi du, adibidez, erroldatuta egon behar izatea edota egoera ekonomiko jakin bat izatea". 

Hain zuzen ere, gaur, bihar eta astelehenean egingo dute urteko azken bilketa handia Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Gaur 17:00etatik 20:00etara ariko dira hiru herrietako saltokietan oinarrizko produktuak jasotzen; bihar, 10:00etatik 13:00etara; eta astelehenean, 17:00etatik 20:00etara. 

Gaur, bihar eta astelehenean egingo dute urteko azken bilketa handia Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan

Oinarrizko Produktuen Biltegiaz gain, baliabide urriko herritarrei eta familiei laguntzeko beste proiektu batzuk ere badituzte abian Esklabak Zentro Sozialistan; esaterako, eskola partikularrak ematen dituzte, etxebizitza sindikatua eta lan aholkularitza zerbitzua dituzte eta gimnasioa ere bai. "Gure ustez oso garrantzitsua da proiektu horiek zabaltzen eta hedatzen joatea, karitatearen ikuspegia gainditu, eta horrela, elkartasunezko printzipioen baitan antolatzea eta funtzionatzea, horrek egiaztatzen duelako gizartea beste era batera antola daitekeenaren ideia".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide