Azken tiroen oihartzunak

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 14a

Txikiren eta Otaegiren hilketen ostean Azpeitia zeharkatu zuten manifestazioetako bat. (Utzitakoa)

Txikiren eta Otaegiren hilketek erantzun irmoa izan zuten Euskal Herrian eta nazioartean. Azken tiroen oihartzunak Francoren kontra itzuli ziren. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako zortzigarren erreportajea da honako hau.

1975ean, FRAPeko eta ETAko hamahiru antifrankistentzat heriotza zigorrak aurreikusi zituzten lau gerra kontseiluak iragarri zituztenetik, herritarrak dozenaka bider atera ziren kalera militanteen patua iraultzeko helburuz. Abuztuaren 28an izan zen lehenbiziko sasiepaiketa militarra Angel Otaegiren eta Jose Antonio Garmendiaren kontra –gero, heriotza zigorra kommutatu zioten azken horri–, eta irailaren 19an egin zuten azkena, Juan Paredes Manot Txiki-ren aurkakoa.

Lehenengo egunetik piztu ziren mobilizazioak Euskal Herrian, eta manifestazioak elur bola bat bailiran hazi ziren: abuztuaren 28tik irailaren 3ra arte, 200.000 langile inguru mobilizatu ziren, Miguel Castells abokatuak urte hartan idatzi zuen Consejos de Guerra en España liburuak jasotzen duenez. Polizia Armatuak eta Guardia Zibilak herriak militarki okupatu zituzten eta errepresio bortitzez erantzun zuten –soilik Gipuzkoan, 500 atxilotze inguru egin zituzten lehenengo hiru egunetan–, hala ere, manifestazioak eguneroko ogia ziren. Donostiako mobilizazio batean, poliziak jendetzaren aurka tiro egin zuen, eta 23 urteko Jesus Garcia herritarra hil. Euskal presoek eta estatu osoko hainbatek gose greba hasi zuten zigorrak kommutatu zitzaten (400 pertsonak egin zuten protesta horrekin bat, exiliatu euskaldunek Argentinan inprimatzen zuten Tierra vasca. Eusko Lurra berripaperaren arabera). Elur bolak, elkartasunez puztuta, Europara bidaiatu zuen: Erroman, Parisen, Lisboan, Amsterdamen, Londresen, Genevan, Bruselan... heriotzera kondenatutako antifaxisten aldeko oihuak zabaldu zituzten. Frankismoak jokatu nahi zuen azken xake partidako taula dardaratu zuten protestek.

Alabaina, mobilizazio masiboek ez zuten lortu erregimenaren odol nahia geldiaraztea, eta bost hilotz ekarri zituen 1975eko irailaren 27ko goiztiriak. Abuztuaren 28tik irailaren 19ra arte iraun zuten gerra kontseilu sumarisimoetan erabakitako hamahiru heriotza zigorretatik bost berretsi zituzten larunbat hartan FRAPeko Jose Humberto Baenaren, Jose Luis Sanchez Bravoren eta Ramon Garcia Sanzen nahiz ETAko Juan Paredes Manot Txiki-ren eta Angel Otaegiren kontra deskargatutako fusilek. Gau luzeena hasi zuen egun horretan, errepresio sistematikoak zabaldutako terrorezko eguratsak ez zuen amorrua giltzapetzea lortu. Soilik lantegiak isildu ziren, milaka eztarritan lotu ziren korapiloek ez baitzituzten herritarrak mututu, eta "Gora Txiki!" egin zuten deiadar Zarautzen, "Borroka da bide bakarra!" Azpeitian. Cerdanyola del Vallesen (Katalunia) eta Burgosen (Espainia) 08:00ak aldera bota zituzten tiro sorten oihartzunak aise iritsi ziren Txikiren eta Otaegiren herrietara. 

Askatasun haizea aldarri

Angel Otaegi gertuko zuen Jexux Arrizabalagak (Azpeitia, 1953), eta fusilatzearen bezperan, Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) militante horrek Otaegiren Nuarbeko lagun batzuen bitartez jakin zuen nuarbetarra jadanik kaperan sartu zutela. "Gaueko hamarrak izango ziren eta kalera atera ginen, ahalik eta jende gehienarengana iristeko; hurrengo egunean greba egin beharra zegoen", oroitu du.

"Azpeitian enpresa batzuek greba egin zuten lehen aldia izan zen"

Jexux Arrizabalaga, azpeitiarra

Garai hartan nonahi antolatzen ziren protestak ez ziren inprobisatuak. Erregimen frankistaren menpeko ez ziren alderdi politiko eta sindikatu guztiak legez kanpokoak ziren, baina pultsu politikoa ez zen hargatik apalagoa Euskal Herrian, indartsu baitzeuden Amnistiaren Aldeko Batzordeak, eta Gipuzkoa mailako greba orokorrak deitzeko gaitasuna zuten. Herriz herri, joera politiko desberdinetako kideak batzen ziren asanbladan, grebak, manifestazioak edo bestelako ekintzak antolatzeko. Batzar horiek, beraz, greben bueltako tokian tokiko erabakigune nagusiak ziren.

Azpeitiko asanblada plazan biltzen zen. Herriko enpresetako langileak han izaten ziren, eta batzarrean erabakitzen zena lantegietara zabaltzen zuten. "Garai hartan 500 langile zituen Danona enpresa, adibidez, asanbladako erabakia enpresan jakinarazi ondoren atera zen grebara", zehaztu du Arrizabalagak. Eta zera gaineratu du: "Erakunde herrikoi batek greba antolatzeko hainbesteko gaitasuna izatea... ez dut uste errepikatuko denik".

Irailaren 27an, goizean goiz atera ziren kalera grebaren aldeko piketeak. Herrikide bat fusilatu berri zuten, hortaz, egoerak eskatzen zuen neurriko erantzuna eman nahi zuten, eta lantegiz lantegi zabaldu zuten kaleak hartzeko deia. "Baziren enpresa batzuk inoiz ez zutenak greba egiten; horietako bat zen Marcial Ucin, eta beste bat Telefonica. Manifestazioan joan ginen Marcial Ucin lantegira. Hango delegatuekin hitz egin genuen, eta esplikatu genien herri guztia zegoela greban, eta beraiek ere bat egin zezatela nahi genuela. Gelditu ziren. Gero Telefonicara joan ginen; garai hartan 80 emakumetik gora ari ziren bertan lanean, eta horiek ere behin ere ez zuten greba egin. Joan ginen, hitz egin genuen beraiekin, eta greba egin zuten. Azpeitiko historian, bi enpresa horiek greba egin zuten lehenengo aldia izan zen", azaldu du Arrizabalagak.

Egun hartan eta hurrengoetan, "inoiz ikusi gabeko mobilizazioak" egin zituzten Azpeitian, "oso indartsuak", KAAeko kide ohiaren esanetan. Eguerdiko manifestazioan 1.200 pertsona inguru elkartu ziren herrian, eta arratsaldean 2.000 lagun Nuarben. Otaegiren gorpua Guardia Zibilak antolatutako furgoi batean eraman zuten auzo horretara. "Ehorztetxeko autoa iritsi zen, baina ezin zuen kanposantura igo. Orduan, jendea behar zen hilkutxa bizkarrean eramateko. Guardia zibilek boluntarioak eskatu zituzten, eta jendea ez zen atrebitzen. Ni joan nintzen, beste bi lagunekin, eta tenienteak zera esan zidan: 'Zu ez! Kanpora!'. Noski, ezagutzen ninduen. Baina jendea behar zen, orduan baietz esan zidan. Igo genuen kutxa kanposantura, eta iritsi ginenean, han zegoen ama. Momentu horretan, esan zuen hilkutxa ireki nahi zuela, jakiteko barruan zer zegoen, eta guk ere berdina esan genuen. Azkenean, Guardia Zibilak baimena eman zigun, eta herriko epailearen zain egon ginen, derrigor hark ireki behar baitzuen kutxa. Ikusi genuen: buru osoa benda batekin estalita zuen, odola ikusten zen. Kito, lurperatu egin zuten". 22:00etan, herrigunera itzuli eta berriz ere protesta egin zuten 200 bat pertsonak. Greba beste hiru egunez luzatu zen Azpeitian, sekulako arrakastaz: irailaren 28ko manifestazioak 2.500 herritar elkartu zituen, 29koek 1.200 inguru eta hilaren 30ean mila lagunek hartu zituzten herriko kaleak.

Azpeitia soilik ez, iraileko greba orokorrek Hego Euskal Herri osoa geldiarazi zuten. Beste behin, 200.000 lagun inguru elkartu ziren mobilizazioetan; arrantzaleak ez ziren itsasoratu, portuak, fabrikak, saltokiak, itxita mantendu zituzten. "Askatasun haizea zarete" esaldiak, Txikik testamentu gisa idatzita utzi zuenak, lelo itxuran herriz herri bidaiatu zuen. Eta, berriro ere, nazioartea ez zen isilik geratu: Europako hiri nagusietan martxa jendetsuak egin zituzten, eta herritarrek soilik ez, gobernuburuek ere Francoren erregimenaren kontra batu zituzten ahotsak. Funtsean, protestek xake mate kolektibo baten aurrean jarri zuten erregimen frankista.

Kondenatuei elkartasuna adierazteko protesta Amsterdamen. (Wikimedia)

Ihesa hondartzan

Ez da erraza neurtzea orduko protesten kontra Francok erabili zuen erantzun errepresiboa. Atxiloketak, torturak, egiazko sua eta kolpeak manifestazioetan, zigor ekonomikoak... askotariko adierazpenak zituen errepresio sistemak. "Azpeitian, egun horien bueltan, ehun pertsona baino gehiago atxilotu eta torturatu zituzten", ziurtatu du Arrizabalagak. 

Zarautzen, halaber, "kristoren mobilizazioak" egiten zituztela nabarmendu du Marije Zumetak (Zarautz, 1953), eta halakoa zen jasotzen zuten errepresioa ere. "Herri guztia ateratzen zen kalera. Errepresioa izugarria zen, zeren orduan, Guardia Zibilaren kuartela Kale Nagusian zegoen; ateratzen ziren eta korrika ihes egiten genuen, eskerrak garai hartan ezkaratze gehienak irekita egoten zirela", aipatu du.

"Frankismoaren azken kolpeari erantzun nahi zion herri honek"

Marije Zumeta, zarauztarra

Azpeitian bezala, asanblada arduratzen zen mobilizazioak antolatzeaz Zarautzen ere. Musika Plazan biltzen zen (Plaza de España orduan), eta gerra kontseiluak hasi zirenerako hainbat ekintza deitu zituen. Abuztuaren 29an hondartzan egin zuten mobilizazioa gogoan du Zumetak. Udatiarrez hustu zen kostaldea, eta "Otaegi eta Txiki, herria zuekin!" oihua eztarrietan zeramaten 2.000 lagunez bete. Protesta baketsuaren aurrera, Guardia Zibila iritsi zen gero, 80 agente inguru. Tiroka hasi ziren; su erreala. "Jendetza zegoen. Izugarria izan zen, eta ihes egin behar genuen. Nire lagun bat itsasora sartu zen arropa eta guzti, nora joan ez zekielako. Jendea atxilo eramaten zuten, inpunitate osoa zuten horretarako. Hala ere, herri honek frankismoaren azken kolpeari erantzun irmoa eman zion", adierazi du zarauztarrak. Protesta hartan, 50 pertsona inguru atxilotu zituen polizia frankistak.

Handik hilabete batera egin zuten Juan Paredes Manot Txiki-ren hileta Zarautzen, irailaren 29an. Egun hartan, 1.200 bat herritarrek parrokiarako bidea egiten lagundu zieten Txikiren senideei, eta 4.000 lagun azaldu ziren elizkizunera. Juan Paredesen ama jendetzari zuzendu zitzaion: "Txiki seme maitatuaren ama naiz. Soilik eskatzen diot Euskadiko herriari eta Espainiako herri guztiei [...] batu gaitezela guztiok sortzen ari diren gaiztakeria honekin amaitzeko. Zeren honekin odola isurtzea besterik ez dute nahi".

Hil behar zuen

Hain zuzen, Francok odola isurtzeko premia zuen. Erregimenak Txiki zuen begiz jota, ez baitzuen inoiz barkatu haren jatorri extremadurarra. Zumetak gogoan duen pasarte batek berresten du frankismoak Txikiri zion ezinikusia. Hark harremana zuen Zarauzko bizilagunarekin, eta norbaitek bere izena eman zuen. Donostian atxilotu zuten 1975ean, Txiki ihesean zebilenean. "Zera esan zidan polizia batek: 'Badakizu zer? Zumeta-Iraolagoitia bat euskal kausan egotea, bale, baina Paredes-Manotas bati ez diogu sekula barkatuko'", kontatu du.

"Francok hil behar zuen", baieztatu du Miguel Castells abokatuak (Busturia, Bizkaia, 1931), eta gaineratu du: "Areago, Francok hil nahi zuen".

Gutxik ezagutuko dituzte Castellsek bezain ondo frankismoak Euskal Herrian ezarri zuen mantu errepresiboaren zoko ilunak eta erregimenaren "legegintza kriminala", abokatuak esan duen eran. 1970eko abenduaren 9an amaitu zen Burgosko Prozesuko abokatuetako bat izan zen, eta 1975eko gerra kontseiluetan akusatutako bat defendatu zuen, FRAPeko Vladimiro Fernandez Tovar. Txikirekin egon zen, gainera, hura fusilatu bezperan, eta zarauztarraren azken mezua –"nire herriaren alde borrokatzeagatik hilko naiz, eta hori ez da krimena", idatzi zuen Txikik Castellsi emandako eskutitzean– zabaldu eta haren azken nahia betearaztea lortu zuen: garrotez beharrean, fusilatuta hil zezatela.

Txikiren ama, semearen hiletan. (Utzitakoa)

Burgosko Prozesua irekitako zauria zen Francorentzat. 1970eko abenduan, epaitegi militar baten aurrean eseri zituen hamasei gazte euskaldun eta horietako seirentzat heriotza zigorra agindu zuen, baina Euskal Herrian nahiz nazioartean zabaldu ziren mobilizazioen eraginez, ez zuen lortu euskal disidentzia politikoari eman nahi zion eskarmentua bururaino eramatea. "ETAren kontrako epaiketa handia izan zen hura. Orduan, nazioartean konturatu ziren nola funtzionatzen zuen justiziak Espainian, funtsean, ohartu ziren ez zegoela justiziarik. Burgoskoa deskalabru bat izan zen", testuinguratu du abokatuak. Heriotza zigor horiek kommunatzerakoan, beraz, gizartearen aurrean ahuldade zantzuak erakutsi zituen frankismoak, eta arinegi jokatu zuen erregimenaren aldekoen sektore ultrenen begietara.

"Kontua da erregimenak Burgosko Prozesuan egindako akatsez ikasi zuela. Eta 1975ean, arazo bat zuen: gerra kontseilu dezente zituen tramitazioan", argitu du Castellsek. Horien guztien artean, erregimenaren kontrako ekintza garrantzitsuak zeuden militarki epaitzeko zain, Txikiri eta Otaegiri egozten zizkiotenak baino askoz larriagoak, eta zalantzarik gabe, erregimenarentzako garrantzi politiko askoz handiagoa zutenak. Besteak beste, 1973an Carrero Blanco hil zuen atentatuari lotutako gerra kontseilua zegoen martxan jartzeko zain, frankismoaren kontrako erasoetan inportanteena. 

"Erregimenak Burgosko Prozesuan egindako akatsez ikasi zuen"

Miguel Castells, abokatua

Bidegurutze batean zegoen Franco: nazioarteko presio bortitza jasaten ari zen gerra kontseiluen kontra eta, aldi berean, bere aldeko sektore ultrek odola eskatzen zuten. Carrero Blancoren hilketari zegokion kontseilua gauzatzeak, Castellsen hitzetan, "Burgosko Prozesu berri bat ekarriko zion erregimenari", eta halakorik ez zitzaion komeni. Baina diktadoreak "hil beharra zuen", errepikatu du abokatuak, eta odol gogoaren zozketan Txikiri, Otaegiri eta FRAPeko hiruei egokitu zitzaien heriotza.

Castellsen arabera, Burgosko Prozesuaren akatsetako bat izan zen hamasei pertsona bildu zituela, horregatik, 1975eko akusatuak lau gerra kontseilutan banatu zituzten, eta haien kontrako epaiketa militarrak geografikoki sakabanatu, modu horretara protestak ere sakabanatzeko helburuarekin. "Francoren taktika izan zen gerra kontseilu garrantzitsuenak aurreragorako gordetzea, gerra kontseiluen kontra mobilizatzeko gaitasun gutxiagoko momentuetan egiteko", azaldu du. Bistan denez, ez zuen horrelakorik lortu: Euskal Herriko nahiz nazioarteko mobilizazioek prozesu guztiak geldiarazi zituzten. Abokatuaren iritziz, ondokoak izan ziren Francoren erregimenean arrakala sendaezinak eragin zituzten zenbait aldagai: "Euskal Herriko langile klaseak lortu zuen kontzientzia, errebeldia eta mobilizazio maila, eta Europako gainontzeko estatuetako iritzi publikoan Burgosko Prozesuaz geroztik gailendu zen kontzientzia, zeinak baieztatzen zuen erregimen frankistak mantendu eta betikotu egiten zituela Hitlerren eta Mussoliniren erregimenak". 

Azken fusilatzeak agindu eta bi hilabeteren buruan hil zen Franco. Euskal Herrian egosi zen mobilizazioaren kulturak, ordea, diktadorea zendu ostean ere bizirik jarraitu zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide