Mendeko eta etxeko

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 6a

'Emazte onaren gida' iragartzeko kartela, 1953koa. (Guka)

Bigarren Errepublikak aitortutako eskubideak galduta, ama eta emazte 'on' izatera bideratu zuten emakumea frankismoan, gizonaren nahien mende beti, baita legez ere. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako hirugarren erreportajea da honako hau.

Berria. Dena zen berria Espainiako Bigarren Errepublikaren arrasto guztiak ezabarazi zituztenentzat, baita emakumea ere. Falangistentzat, faxistentzat eta ultrakatolikoentzat berria zena, ordea, atzerakoia izan ohi zen, salbuespenik gabe. Horrela, Bigarren Errepublikan legez bederen aitortzen hasitako eskubideak –dibortzioa eta ezkontza zibilak, tartean– atzean gelditu ziren. Trukean, Emakume berria-k izenean bakarrik gorde zuen berritasuna: ama, emazte eta etxekoandre 'eredugarri' izatera mugatu behar zen emakumea, eta legez ere horrela jaso zuten.

Lehenik eta behin, baina, errepresio modu gogorrenak erabili zituzten Errepublikaren kontra altxatutakoek. Kaskamotz utzita, biluztuta eta errizino olioarekin eragindako beherakoarekin beren herrietan kalejiran erabiliak, torturatuak, bortxatuak, kartzelaratuak edota deserriratuak, baztertuak, seinalatuak, hilak. Larrutik ordaindu zuten emakume askok gerrako urteetan eta gerraostean inoiz burua eta ahotsa altxatu izana, edo etxekoren batek burua eta ahotsa altxatu izan hutsa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023an argitaratutako 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua liburuan xehe, luze eta zabal agertzen dira halakoak. Aranzadi elkarteko Ione Zuloaga historialari azkoitiarra da aipatu liburuaren egileetako bat. "Herri txikietan eta ez oso industrializatuetan, Emakume Abertzale Batzako militanteak izan ziren, gehienbat, errepresaliatu zituztenak. Herri eta hiri handietan eta gune industrializatuenetan, berriz, emakume anarkistak, errepublikanoak, sozialistak eta komunistak izan ziren frankisten aldetik errepresio gogorrena jasan zutenak. Horiez gain, senideen militantzia politikoagatik ere jazarri zituzten emakumeak, baita genero disidentziagatik ere, eta Bigarren Errepublikak sustatutako emakumearen irudia gorpuztu zuten emakumeak ere bai", dio Zuloagak.

Errepresaliatutako emakume horiek guztiak "gainontzekoek egin behar ez zutenaren eredu" bihurtu zituzten. Errepresio horren oihartzunak, Eliza Katolikoak, hezkuntzak, Falangearen Seccion Femeninaren gidaritza ideologikoak eta diktaduraren lege sareak bat egin zuten emakumearen rol berri-zaharrari forma emateko. "Denen artean lortu zuten La perfecta casada", Aranzadiko Ione Zuloaga historialari azkoitiarrak dioen bezala, Fray Luis de Leonek 1582an argitaratutako izen bereko liburuari erreferentzia eginez. Ama eta emazte 'on' izateko jarraibideak jaso zituen egileak argitalpen horretan, Eliza Katolikoaren dotrina oinarri hartuta, eta frankismo garaiko hezkuntzan erabiltzen zuten.

Burua soildutako emakumeak Toledoko Oropesan (Espainia). (Fundación Pablo Iglesias)

Gizonen mende

"Gizonezkoen mendean egon behar zuten objektu gisa" definitu zituzten emakumeak frankistek, "ama eta emazte on" izatea beste helbururik behar ez zutenak, Zuloagaren azalpenen arabera. Frankismoko legeen argitara, umeen eta ezgaituen pareko zen emakumea: adin nagusiko ez ziren artean, aitaren baimena behar zuten edozertarako; eta, ezkontzen zirenean, senarrarena. Are gehiago, senarrak ezin bazuen emaztea mendean izan, agintariengana jo zezakeen laguntza eske; esaterako, emazteak etxetik alde eginez gero, justizia frankistarengana jo zezaketen senarrek emakumea etxera itzultzera behartzeko.

Gizon zein emakume, 21 urte betetakoan iristen ziren adin nagusiko izatera, baina hala ere, legez, emakumeek ezin zuten gurasoen etxea utzi 25 urte bete arte, bi salbuespenekin: ezkontzen baziren edo moja sartzeko, bai, utz zezaketen emakumeek gurasoen etxea. Alargundutako edo ezkontzaren deuseztasuna lortzen zuten emakumeek ezin zuten berriro ezkondu 301 egun igaro arte. Epaiketetan, senarrek ordezkatzen zituzten emazteak. Abortatzen zuten emakumeei zein abortatzen laguntzen zutenei kartzela zigorra ezartzen zieten. 1942an berrezarri zuten adulterioaren legeak emakumeen adulterioa baino ez zuen arautzen. Honela ziren kontuak, Zuloagak 2023an argitaratutako liburuan azaldutakoaren arabera: "Gizonezkoek emakumea ezkonduta zegoela jakiten bazuten baino ez zuten delitua egiten; emakumeek, berriz, delitua beti egiten zuten. Horrez gain, gizonak emakume adulteroa hiltzen bazuen, herritik desterratu baino ez zuten egiten, bestelako zigorrik ezarri gabe; horrekin, gizonezkoen ohorea babestea bilatzen zen. Bortxaketaren bidez emakumeei ohorea kentzen zitzaiela adierazten zen, eta bortxatzaileek zigorra ken zezaketen haien ohorea ezkonduz berreskuratuta".

Franco eta Carmen Polo, 1948an, Monte Albertiaren inaugurazioan. (V. Martin-Photo Carte / Kutxateka)

Lanean ere gutxiago

Frankismoan, bereziki diktaduraren lehen hamarkadetan, emakumea etxekoandre izatera mugatzeko neurriak ziren nagusi. Bizitzako beste arlo guztietan bezala, gizonen baimena behar zuten emakumeek etxetik kanpo lan egiteko. Langileak babesteko neurriak aipatzerakoan, Estatuak "emakume ezkondua lantegitik eta fabrikatik libratuko" zuela aipatzen zuen 1938ko Lanaren Foruak.

1942ko Laneko Araudien Legeak emakumeek lan munduan jasaten zuten diskriminazioan sakondu zuen, Daniel Perez Granadako Unibertsitateko ikerlariak Mujer y trabajo durante el franquismo lanean jasotakoaren arabera. Besteak beste, etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeak lana uztera behartuta zeuden ezkondutakoan, "nahitaezko eszedentzia" hartuta eta kasu horietarako ezarritako kalte ordaina jasota. Alargunduz gero, senarraren ezintasunen bat tarteko edo senarraren baimenarekin itzul zitezkeen lanera, 1944ko Lan Kontratuen Legeak jaso zuenez; azken kasu horretan, gainera, senarrak kontrakorik esaten ez bazuen soilik jasoko zuen soldata emakumeak. Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala, berriz, legez jasota eta onartuta zegoen: Estatuak hala ezarrita, gizonek baino %20 gutxiago jasotzera irits zitezkeen emakumeak, lanpostu eta baldintza berberetan.

1961etik aurrera, formulazioz eta itxuraz, emakumeen eskubideak gizonen eskubideekin parekatzeko urratsak egin zituen frankismoak. Baina emakumearen pixkanakako askapen hori "ez zen izan uste bezain apurtzailea", Perezen esanetan. Izan ere, emakumeei etxetik kanpoko lanean gero eta eskubide gehiago aitortu arren, ezkondu ondoren lana uzteagatik ezarritako kalte ordainak mantendu egiten zituzten. Etxean baino hobeto non, izan ere, emakumea...

Bihar, frankismo betean euskal kulturgintzak bizitako pizkundearen gaineko erreportajea kaleratuko du Gukak, Frankismoa: orbainaren mintzoa seriearen barruan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide