Lurraldebuseko autobus linea batzuetan eragina izango du igande goizean Donostian egingo duten Salto 15K lasterketak. Urola Kosta eskualdeari dagokionez, kostaldeko herriak eta hiriburua lotzen dituen UK09 (N-634 errepidetik) eta UK11 (AP-8 ospitaletatik) lineetan eragingo du, Donostiako geraleku batzuk kenduko dituztelako. Lurraldebusek adierazi duenez, goizeko 09:30etik eguerdiko 12:30era izango du eragina.
UK09 linean, Zumaiatik Donostiara doazen 08:30eko, 09:30eko, 10:30eko eta 11:30eko autobusak saihesbidetik sartuko dira hiriburura, eta ez Antiguotik. Hala, Errotaburu, Lorea, Unibertsitatea, Magisteritza, Zumalakarregi, Zubieta plaza eta Askatasunaren Etorbidea geralekuak kenduko dituzte kirol probak iraungo duen denboran.
Linea berean, baina Donostiatik Zumaiarako noranzkoan, 10:00etako, 11:00etako eta 12:00etako zerbitzuei eragingo die. Autobus horiek, Donostiako geltokitik aterako dira, eta zuzenean Añorgara joango dira, handik ohiko ibilbidearekin jarraitzeko. Tarteko geraleku guztiak kenduko dituzte ordu horietan.
UK11 lineari dagokionez, Zumaiatik Donostiara 06:45ean eta 09:00etan joango diren autobusek bidea ospitaleetan amaituko dute; ez dira hirira jaitsiko. Goizeko 11:00etako autobusak, halaber, Donostiako geltokiaren parean amaituko du bidea.
Donostiatik Zumaiarako zerbitzuan, aldiz, hiriburutik 08:05ean eta 10:00etan abiatuko diren autobusak zuzenean ospitaleetatik aterako dira, eta 12:00etakoa Donostiako autobus geltokitik. Tarteko geraleku guztiak kendu egingo dituzte.