Palestinako afera oso zabala da, eta gaiari buruz askorik informatu ez denak pentsa dezake: "Hor dabiltza horiek berriz ere elkar hiltzen!". Jende askok horrela ikusten duela uste dut, urrun dagoen lurralde batean elkar hiltzen ari diren gatazka gisa, baina gaia askoz ere konplexuagoa da.
Orioko komunitate musulmana tristura eta inpotentzia handiarekin ari gara bizitzen Palestinako genozidioa, komunitate musulmanean anaitasun sentimendua oso handia delako: zure sinismen berak dituen jendea hiltzen ikusten duzunean, zure anai-arrebak hiltzen ari balira bezala da, eta sufritu egiten duzu haiengatik. Gizarte zibilaz ari gara hizketan; niri Hamas-ekoak bost piper inporta zaizkit, ari gara esaten haurrak eta biztanleria zibila ari direla erailtzen.
Ikusten ari gara komunitate islamiarraren barruan gehien lagun zezakeenak, hau da, Saudi Arabia, eskuak garbitzen ari dela. Egin zezakeen zerbait gatazka konpontzeko, baina horren ordez, Ameriketako Estatu Batuak diruz laguntzen ditu, eta horrek, era berean, genozidak laguntzen ditu.
"Eskolan ikasi genuen holokaustoa zer zen; horregatik, ezin da onartu orain egiten ari diren genozidioa"
Eta inolako ahalmenik ez dugun musulman guztiok amorruz gaude. Musulmandarron artean, izan ere, gauza bat dago argi: profeta batek esana da anaia batek min duenean zuri ere min ematen dizula, zure parte bat balitz bezala da. Eta genozidioa ari dira egiten han, beraien haurrak, jaioberriak, gurasoak eta aiton-amonak ari dira erailtzen, eta batzuek hain lasai bizi dute hori guztia, hain dute gizatasun gutxi...
Zer egin dezakegu guk? Ahotsa altxatu eta geure artean nahiz sare sozialetan protesta egin, baina askoz gehiago ez. Horregatik, pozgarria da ikustea Euskal Herrian badela palestinar herriarekiko elkartasuna, baita Orion ere. Batzuetan, iruditu izan zait oso jende gutxi elkartu izan dela herrian protesta egiteko, adibidez, ikastetxe aurrean deitu izan dituztenean elkarretaratzeak, baina Herriko Plazan egin zen azken elkarretaratzea jendetsua izan zen, eta poza ematen du horrek. Neuk ezin izan nuen parte hartu kanpoan nintzelako, baina ahal dudanetan saiatzen naiz joaten, baita alaba nirekin eraman behar badut ere. Gainera, uste dut gazteak kontzientziatu egin behar direla. Iruditzen zait gazteak direla protesta horietatik urrunen daudenak, desorientatuta, eta garrantzitsua iruditzen zait haiek bizi dugun errealitatea ezagutzea. Espainiako txirrindulari itzulian egon diren elkartasun keinuek eta protestek ere harrituta utzi naute, ez nekielako Espainian hainbesteko elkartasuna zegoenik Palestinarekiko. Baina, aldi berean, noraino iritsi behar izan dugu jendea esnatu zedin? Ez dakigu zenbat jende hil den ere... Ikastetxean ikasi genuen holokaustoaz, eta orain ezin dugu hau onartu.
20 urte daramatzat Orion bizitzen, eta gehien gustatzen zaidan ezaugarrietako bat da herri oso familiarra dela. Horregatik, gustatuko litzaidake herritarrak konturatzea guk bezala, haiek ere badituztela seme-alabak, etxe bat, lana, ametsak eta bizitza normal bat; kontua da ez dietela uzten horrelako ezer edukitzen, ez ametsik, ez etxerik, ez lanik, ez ezer.
Ez da ezer kostatzen herrian antolatzen diren protesta eta elkartasun ekintzetan parte hartzea, eta horixe eskatuko nieke oriotarrei: gure burbuilatik ateratzeko eta kontzientzia hartzeko.