Aran Aldai aiarrak 31 urte daramatza Iturrarango parketxean aurki daitezkeen izaki bitxi horiek aztertzen. "Martxel Aizpurua biologo eta erlezainak zabaldu zuen Iturrarango erletxea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta berak eman zizkigun aurreneko nozioak erleen inguruan. Geroztik, poliki-poliki, liburuak irakurriz edota familiekin lanean sortzen zaikizun galderak erantzun nahian, gauza berriak ikasten joan naiz". Aldai ingurumen hezitzailea da, eta berak gidatzen ditu parketxeko bisitetako batzuk, tartean erleei buruzko ezagutzarekin lotutakoak.
Gotorleku berri bat
Iturraran parketxeko baserrian kristalezko erlauntza bat dago ikusgai uda hasieratik. Egitura berri horri esker, bisitariek eta erlezainek bertatik bertara ikus dezakete erleen egunerokotasuna. Aldaik aitortu duenez, orduak igaro ditzakete berak eta bere lankideek erlauntzaren aurrean, erreginaren mugimenduak jarraitzen, familiako kide berrien jaiotzak ikusten nahiz erlauntza aireztatzeko egiten duten dantza berezia miresten.
Bertatik bertara ikusteko
Parketxean urteak daramatzate erleak ezagutzeko aukera herritarren eskura jarriz, besteak beste erlauntza didaktikoez baliatuz. Orain gutxi arte, bisitetan erlauntzak zabaldu eta bertatik abaraskak ateratzen zituzten, erleek duten etxearen egitura erakutsi eta beren bizimodua azaltzeko, baina eguraldi txarreko egunetan ez zen oso erosoa erleentzat bertatik ateratzea. Kristalezko erlauntza berriari esker, bisitariek harreman "zuzenagoa" izan dezakete erleekin.
Joan direnentzako argia
Erlauntza da erleen bizitokia. Naturalki, enborretako zuloetan eraiki ohi dituzte, bizitzeko iluntasuna eta beroa behar dituztelako. "Lehen, gure aiton-amonak erleen bila aritzen ziren basoetan. Erlauntza aurkitu eta gero, enborra moztu, eta beren etxera ekartzen zuten, argizaria eskura izateko. Gainera, gozo iturri bezala ere erabiltzen zuten". Erlea animalia "sakratua" zen aurreko belaunaldientzat. "Etxeko bat hiltzen zenean, familiako gainontzekoak erlauntzara joaten ziren erleei argizaria egiteko eskatzera, etxekoa hil delako eta hari argia eman diezaioten hurrengo bizitzan". Gaur egun, erlauntza modernoagoak existitzen dira, gizakiek horiek manipulatzea errazagoa izan dadin.
Familiako kide bakoitzak bere funtzioa du
Oro har, 20.000 erle espezie inguru aurki daitezke naturan. Gehienak bakarka bizi dira, beste batzuk, aldiz, familian. Apis mellifera edo erle eztigileen kasuan, hiru mota bereizten dira: erregina, langilea eta erlamandoa. Erreginaren zeregina arrautzak jartzea da. Langileak emeak dira eta erlauntzako zeregin guztiez arduratzen dira. Erlamandok gutxiengoa dira eta haien zeregina da erregin berriak jaiotakoan beraiekin kopulatzea. Udazkenean, erlamandoak bota egiten dituzte, beraien funtzioa amaitu dutelako. Horiek ezin dute beren burua defendatu, ez dutelako eztenik.
Natura sakonago aztertzeko aukera
Iturraranen, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arteko ikasleei ingurumen heziketa jarduerak eskaintzen dizkiete. Horretaz gain, txango eskaintza zabala ere badute, ikastetxeei, familiei nahiz elkarteei zuzenduta. "Fauna eta landaretza, erleen mundua, elikadura, ekosistemak, Agorregiko burdinola eta errotak dira lantzen ditugun edukietako batzuk".
Erlearen bila lorategian barrena
Galdutako erlearen bila jolasa egiteko aukera eskaintzen dute Iturraran parketxean. Erleen mundua ezagutzeko jolasa da, hain zuzen ere, eta ikasleei edota familiei zuzenduta dago. Horretarako, talde txikietan banatzen dira parte hartzaileak, eta mapa baten laguntzaz, lorategi botanikoan barrena ibiltzen dira, bertan jarritako balizak bilatzen. Jolas horren bitartez, gaztetxoek erleei buruzko bitxikeriak ikas ditzakete. Gainera, amaieran, erlategi batera joan eta erlauntza bat irekitzeko aukera izaten dute, intsektu horiek abarasketan egiten duten lana ikusteko eta ezagutzeko.
Erletxeko zaindariak
Iturrarango langileak erleak zaintzeaz eta haien jarraipena egiteaz arduratzen dira. "Euria, haizea edota hotza egiten duenean, esaterako, ez da komeni kutxak manipulatzea. Izan ere, erlauntza hozten bada, berotasuna beraiek sortu behar dute, eta horretarako jan egin behar dute. Horrek nekea ekar diezaieke. Haize handiarekin, gainera, erle jaioberriak kutxatik ateratzen badira, horiek ez dute GPS garatu bat berriz etxera itzultzeko", azaldu du Aldaik.
Baliabide ezberdinak
Erlezainek erlauntzak manipulatu nahi dituztenean, hauspoaz baliatzen dira. Tramankulu horrek kea botatzen du, eta eragin zuzena du erleengan. Izan ere, batzuek diote erleek kea usaintzen dutenean, basoan sutea dagoela uste dutela. Suteak beraien erlauntza erre dezakeela pentsatzen dute, eta ondorioz, berri bat eraiki behar dutela. Horretarako, argizaria sortu behar dute, energia eskuratuta, eta hori elikagaiak janez lortzen dute. Jaten dauden bitartean manipulazioa errazagoa da, eta horretaz baliatzen dira erlezainak.
Aliatu garrantzitsuenak
Iturrarango parketxean babesean bizi dira erle familiak. Bertako lorategi botanikoan dagoen klimari esker, mundu osoko –eremu hotz nahiz epeletako– landareak landatu daitezke, eta erleak flora horretaz baliatzen dira jateko eta beraien familiak elikatzeko. Hala eta guztiz ere, langile aiarrak azpimarratu du Iturrarango parkeko bioaniztasuna izateko aliatu garrantzitsuenak erleak beraiek direla. Izan ere, bertako biodibertsitatearen %80 polinizazio bidez sortzen dute, eta eginkizun hori erleei eskertu behar zaie.
Anatomia konplexua
Erregina-jelea –jalea real, gaztelaniaz– buruan sortzen zaie erleei, gero ahora etortzen zaie, eta larba garaian dauden erleei jaten emateko erabiltzen dute. Larba garaia sei egunetakoa izaten da, eta aurreneko hiru egunetan erregina-jeleaz elikatzen dira. Gainerako hiru egunetan, berriz, ahia ematen diete, nektarrarekin eta polenarekin sortua. Nektarra loreetatik biltzen duten zukua da, hori bera erlauntzako goiko zatian pilatzen dute –hortik sortzen dute eztia–. Polena, berriz, bitamina bonba bat da, baita proteina begetal izugarria ere. Gorputza osatu ahal izateko ematen zaie larbei. Amaitzeko, metamorfosia gertatzen da. Erleek bost begi dituzte, sei hanka eta lau hego. Garapen osoa burututa, antenekin eta buruarekin tapakia apurtu eta besteekin elkartzen dira.
Naturako arkitektoak
Erleek hexagonoak eraikitzen dituzte, hori da beraien eraikitzeko modua. "Arkitektoak harrituta geratzen dira, eraikitzeko modu perfektua dutelako", esan du Aldaik. Argizaria naturalki zirkuluan eraikitzeko joera dutela azaldu du, eta egitura oso sendoak sortzen dituzte. Kiloka ezti eta arrautza mordoa biltzen dituzte bertan. "Sekulako pisua hartzen dute xaflek, egitura oso indartsuak dira".
Mehatxu berriak
Erleen erreginak egunean 2.000-3.000 arrautza inguru jar ditzake. Udaberri hasieran jartzen dituzte arrautzak, eta uda amaierarako 60.000-80.000 erle inguru jaio daitezke. Hala eta guztiz ere, asko hil egiten dira. "Orain daukagun arazo handiena, gizakiaren ekoizpenaz eta elkarreraginaz gain, Asiako liztorra da. Erleak etxetik atera ezinik geratzen dira, haiek harrapatu egiten dituelako", kontatu du Aldaik. Liztorren erreginak negua zuloan igarotzen du, eta udaberrian arrautzak jartzen hasten da. Populazio handiena irailerako jaiotzen da, eta garai garrantzitsua izaten da udaberria tranpak jartzeko. Izan ere, erreginak harrapatuta, arrautzak jartzea ekidin daiteke.
Hiru hamarkada izaki txikiak aztertzen
1992. urtean zabaldu zuten Iturraran parketxeko erletxea. Bertan hainbat erle familia bizi dira elkarrekin, baina beraien artean nahastu gabe, jakina. Erleek usaimenaren bidez bereizten dituzte familiak. Erreginek feromonak emititzen dituzte, eta hala, erlauntzak berezko usaia bereganatzen du. Prozesu horren ondorioz, erleek badakite nora itzuli behar duten.
Etxeko matriarka
Erlezainek, erreginak kokatzeko eta errazago ikusteko, markatu egiten dituzte kolore biziekin. "Azken finean, erletxera sartu eta kutxak zabaltzean, ez da komeni erregina galtzea. Gainera, erregina erle familia batetik kendu nahi badugu, zahartuta dagoelako edo beste berri bat sartzeko, markatu egiten ditugu", azaldu du Aldaik.
Erleen dantza
Erleen anatomia beraien funtzioetarako prestatuta dago. Antenen bidez usaintzen dute; oso garatuta dute usaimena, loreak usaintzea ezinbestekoa dutelako. Ikusmena ere oso berezia dute: guztira bost begi dituzte. Bi begi nagusiek formak, mugimenduak eta koloreak ikusteko aukera ematen diete, eta gainontzeko hirurek, berriz, argiarekin orientatzen laguntzen diete. "Gainera, GPS izugarria dute beraien barnean. Goizean goiz, batzuk erlauntzetik ateratzen dira inguruak esploratzera. Loreak non dauden ikusten dute, eta dantzaren bitartez, beste erleei erakusten diete norabidea. Erlauntza barruan, ordea, iluntasunean bizi dira, ezin dute dantza hori ikusi. Hortaz, ukipenaz baliatzen dira", zehaztu du Aldaik. Hegoen bidez, erlauntza aireztatzen dute, nektarrak ezti bihurtzeko transpirazioa behar duelako.
Argazkiak: Julene Sorarrain.














