Baserritarrak estu, txahalkia galtzear

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 12a, 11:34

Eizmendi baserriko behiak, larrean. (Utzitakoa)

Txahal haragia ekoizteak errentagarri izateari utzi dio eta kezka zabaldu da lehen sektoreko langileen artean. Iñaki Goenaga ENBAko presidenteak eta Azpeitiko Eizmendi baserriko Idoia Esnaolak hitz egin dute gaiaz Gukarekin.

Pasa den astean ohartarazpen irmoa egin zuen prentsaurrean Gipuzkoako EHNE sindikatuak, txahal haragirik gabe geratzeko arriskua erreala dela iragarrita. Baieztapen esajeratua irudi dezakeen arren, susmo berdina du ENBAk ere, eta kezkatuta daude txahal haragiarekin lan egiten duten baserritarrak. 

Gaia oraintsu zabaldu da jendartera, baina arazoa ez da berria. "Haragitarako behiak gizentzen dituztenak urte askoan ibili dira beraien produktuengatik diru gutxi jasotzen", esan du Iñaki Goenaga ENBAko presidenteak, eta hark zehaztu duenez, bi urte dira sindikatuak aterabide baten bila elkarrekin lan egiteko saiakeran aritu zirela. Txahala gizentzen lan egiten zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako baserritarrei haragia behar baino gutxiago ordaintzen zitzaiela antzemanda, EHNEk, ENBAk eta beste agente batzuek zenbait bilera egin zituzten 2023ko urtearen bukaeran hasita, baina kale egin zuen elkarrekin aritzeko eginahalak. "Kooperatibek ez zuten interesik prezioak igotzeko, eta guk esaten genuen beti galtzen ezin genuela ibili, iritsiko zela egun bat baserritarrek esango zutena, 'honaino'", gogoratu du Goenagak.

ENBAko presidenteak azaldu duenez, orduan egin zituzten kalkuluen arabera, haragi kiloko bi euroko diferentzia galtzen zuten txahalekin jarduten zuten ekoizleek: "Baserritarrentzat 8,30 euro inguruko kostua zuen kilo bat haragi ekoizteak, baina 6,30 euro kobratzen zuten kiloko. Guk bagenekien ez zela posible haragiaren prezioa kolpetik bi euro igotzea, kontsumitzailearentzako gehiegizkoa litzateke %30eko igoera. Baina helmugak hori behar zuen, aztertu behar genuena zen zenbat denboran iritsi behar genuen kostu horietara. Hala ere, ez genuen lortu puntu horretatik aurrera egitea eta bakoitzak bere bidea hartu genuen».

Txahal haragia ekoiztea jadanik ez da errentagarria, hori da arazoaren funtsa. Harategietan eta supermerkatuetan euskal jatorriko txahal haragia garestitu egin den arren, Espainiako Estatuko lonjetan ezartzen duten prezioak itota ditu bertako ganaduzaleak. "Haragi generikoak eta labeldun haragiak, kalitatean aldea duten bezala, aldea dute prezioan ere; labelduna beti izan da 80 zentimo edo euro bat garestiagoa. Bada, iaz, zenbait kasutan, haragi generikoaren prezioaren azpitik saldu genuen euskal okela Espainiako lonjetan", azaldu du ENBAkoak. 

Kontsumitzailearentzat, alta, euskal okela ez da merketu. Haragi generikoko entrekotaren kiloa 18 euroan saltzen bada, kiloko 24 euro inguruko kostua izango du Eusko Labeldun entrekotak. "Salmentan, beraz, desberdintasuna dago –aipatu du Goenagak–, baina baserritarrek ez dute jasotzen. Diferentzia hori, hortaz, nork jasotzen du?".

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko baserritar batzuek haragia esportatzea erabaki dute, edo txekorrak, behiei kendu orduko, gizendu aurretik kanpoan saltzea; "momentu honetan, hemen baino gehiago ordaintzen baitute kanpoan", ENBAko presidenteak dioenez. Modu horretara iritsi da sektorea bertako txahal haragia desagertzearen arriskuaz ohartaraztera. "Penagarria da, hainbeste urtetan horrenbeste esfortzu egin da labelaren alde... Baina hau da momentu honetako egoera", adierazi du Goenagak.

Egoera konpontze bidean jarri nahi bada, sektoreko sindikatuak, ekoizleak eta instituzioetako ordezkariak eseri eta hitz egiteko unea dela uste du ENBAkoak: «Alde guztien ekarpenekin, baserritarrei ondo ordaintzeko sistema bat bilatu behar dugu, zeren ez dago horrela ibiltzerik".

Eizmendiko arduradunak, Salamancako sari banaketan. (Utzitakoa)

Bertakoaren balioa

Haragiaren salmentan bainoago, blonda arrazako behien ugalketari begira egiten dute lan Azpeitiko Eizmendi baserrian; beraz, bizirik saltzen dituzte, eta txapelketetan parte hartzen dute. Hala ere, berdin eragiten die ganadua hazteko eta mantentzeko kostuen igoerak, besteak beste, pentsuarenak eta lastoarenak. "Gertatzen dena da historikoki lehen sektoreari balio gutxi eman izan zaiola, eta baserritarra izanda, ez dugula botererik prezioak finkatzeko. Beti egoera horri eusten aritu da sektorea. Zer gertatu da orain? Duela hiru-lau urte, Ukrainako gerraren ondorioz, prezioak ikaragarri igo ziren, eta gainera, gaitz hemorragikoak eta bestelako eritasunak ere izan dira. Horregatik, jendeak lan hau utzi egin du; ez hemen bakarrik, Europari eragiten dion kontua da", azaldu du Idoia Esnaolak, Eizmendi baserriko ganaduzaleak. 

Ganaduaren mantenurako kostua "biderkatu" egin dela esan du Esnaolak; beraz, ekoizpen kostuen araberako igoera behar luke salmentako prezioak ere, haren ustez. Eizmendi baserriko arduradunak Salamancan (Espainia) izan ziren pasa den igandean, han egiten duten blonda arrazako behien txapelketan –hiru sari eskuratuta bueltatu ziren etxera, tartean, ganadutegi onenaren saria–. Kontatu duenez, han ikusi zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa direla ekoizpen kostuak eta salmentako prezioak berdindu ez dituzten lurralde "bakarretakoak". "Nafarroa, Asturias, Galizia... beste prezio batean ari dira saltzen, 8 eurotik gora. Gurera ez da horrelakorik iritsi", esan du.

Esnaolak baieztatu duenez, gaur-gaurkoz, txekorrak bertan hazteak "galera" dakar baserritarrentzat, eta EHNE zein ENBA sindikatuek dituzten susmoak berretsi dituzte baserritarrek. "Errazagoa da titia kentzeko fasean dauden txekorrak kanpoan saltzea eta diru gehiagorekin geratzea; horregatik, haragirik gabe gelditzen ari gara", esan du Eizmendi baserriko ganaduzaleak.

Honaino iritsita, Esnaolaren ustez, bertako ekoizpenaren garrantzia nabarmentzeak izan behar du edozein aldaketa abiatzeko oinarri. "Bertan jaiotako eta hazitako animaliak dira, horri balioa ematen hasi behar dugu", aldarrikatu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide