Euskal Kulturaren Eragiletza etengabeko prestakuntza Masterreko azken lantzat ondu du Jone Exposito Alberdi soziologoak (Zestoa, 1996), Oli Artola Apeztegiarekin batera, Azken hamarkadako euskal musikagintza garaikideko oholtzaren erradiografia feministaikerlana. Euskal Herriko oholtzetako egoerari erreparatu diote, hainbat kontzertutara joz, eta sei musikari elkarrizketatu dituzte, euren ahotsak entzutea xede: Amets Aranguren, Areta Senosian, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Nahia Zubeldia eta Sara Zozaya.
Nondik abiatzen da lan hau?
Biok gara musika zaleak, eta bagenituen barruak mugitzen dizkiguten kezkak. Egia da ez garela oholtza gainean egoten normalean, baina beste aldetik ere ikusi izan ditugu beharrak, ez soilik publiko bezala, baina kontzertuen antolakuntzan eta abar. Bada, gure esperientzietatik abiatu zen lan hau, eta baita militantzia puntu batetik ere; feministatzat, esan badaiteke, bioi barruak mugitzen dizkigun gaia delako.
Lan mardula da, eta alde kualitatiboari zein kuantitatiboari begiratu diozue. Zein da emakumeen presentzia oholtza gainean, zenbakitan? Zein da ondorio nagusia?
Ikuspuntu kuantitatibo batetik lagin ezberdinak hartu ditugu aintzat, Euskal Herriko oholtza ezberdinetako programazioak aztertuta, iazko urtarriletik ekainera. Kontzertuak antolatzeko modu ezberdinak ere aztergai izan ditugu: programazio instituzionalak, kooperatiba txiki batekoak edo leku alternatiboetakoak, esate baterako. Horiek izan ziren gure laginak, eta hortik atera dugun ondorioa da emakumeen presentzia orokorra ez dela %40ra iristen, eta soilik emakumez osatutako taldeena %10 baino gutxiago dela. Horrenbestez, nahiko ondorio negatiboak eta tristeak dira. Hori da errealitatea.
Kuotekin ere gertatzen da zerbait, ezta?
Ikerketa egiten ari ginen bitartean ohartu ginen instituzioek, administrazio publikoek diru publikoz lagunduta dauden ekintzetan kuota batzuk bete behar izaten dituztela generoari dagokionez. Kuota horien emaitzak urte amaieran aurkezten dira, zenbat emakume dauden eta balantza nola dagoen ikusteko, baina zenbaketa ez da modu oso errealistan egiten, berdin zenbatzen baitute soilik emakume bat bakarrik dagoen taldea edo bost emakumez osatuta dagoena. Horrek ezin du berdin zenbatu, ez delako berdina talde batean lau gizon eta emakume bat egon, edo zuzenean bost emakume egon. Horrenbestez, zenbatzeko era hori irauli egin dugu.
Nola?
Sailkapen bat eginda: emakumez osatutako taldeak, emakume baten proiektua, gizonez osatutako taldeak, gizon baten proiektua edo talde mistoa. Genero perspektiba kontuan hartuta uste dugu hori egokiagoa dela zenbaketarako, eta ematen digun argazkia errealagoa dela. Horrek erakutsi digu txosteneko zenbakiak eta guk ateratakoak, gainera, ez direla berdinak, eta emakumeen presentzia baxuagoa dela.
Elkarrizketak ere egin dizkiezue musikariei; zer atera duzue hortik?
Zenbaki hauei ahotsa eta gorputza jartzeko pertsonekin elkartzeko beharra genuen, Euskal Herriko emakume musikari ezberdinekin, euren bizipenak jasotzeko, euren errealitatea baita. Hipotesi edo intuizio batzuk bagenituen guk, ez garelako aparteko mundu batean bizi eta oholtzetan zer gertatzen den denok ikusten dugulako, eta, horrenbestez, hortik abiatu ginen. Hala, arreta eman zaio oholtza gainean gertatzen denari, rol, estereotipo eta presio sozialei, eta oholtza gainean nola bizi diren lehiatik emakumeen arteko harremanak. Horrez gain, beste gaietako bat izan da oholtza osatzen duten gainontzeko agenteekin –teknikoak eta programatzaileak, esaterako– izandako harremana, eta nola sentitzen den norbera. Azkenean, ondorio nagusia izan da errealitateek eta bizipenek dena diotela.
Lehia aipatu duzu; hor egon al da aldaketarik?
Zenbaki horiei ahotsa jarri dietenek azaldu dute lehia horretatik nola pasatu diren gaur egun ahizpa izatera, laguntasun harremanak edo zerbait positiboa, behintzat, ateratzera hortik. Nola garai batean ematen zuen nolabaiteko talka egon behar zela, bi emakumek ezin zutela oholtza konpartitu, baina gaur egun hori askotan gertatzen den. Are, hori ere bazen eurek aldarrikatzen duten zerbait: falta direla espazioak elkarbanatzeko, emakumeek euren artean topo egiteko oholtza gainean. Eta, bada industriarekin izandako harremana ere, kaotikoa eta desorekatua dena. Horrenbestez, ekosistema osoa aldatzeko beharra dago zerbait berdinzaleagoa egiteko. Ez noa esatera feminista edo beste hitz potoloagoren bat, hala ez delako.
Musikagintza feministarantz, ez; berdinzaleagorantz, bai; zenbat geratzen zaio horra heltzeko?
Ikaragarri. Batez ere, politika publikoetatik ez baldin bazaio atentzioa jartzen gai honi. Kuoten kontua izan daiteke berme bat, euskaraz hainbeste hitz egiten ez den Euskal Herriko beste txoko batzuetan euskal taldeekin egiten den eran, oreka bat bermatu dadin, baina arazoa ez dago hor bakarrik. Lehen aipatu bezala, ekosistema osoa aldatu beharko genuke, benetan sustraietan dagoen hori, begirada aldatzeko, eta, hala, generoaren zehar-lerroa bermatzeko. Horrenbestez, asko falta zaio horretarako.