Kultura asko sortzen da Urola Kostan, baita plazaratu ere. Berez edozein leku izan daiteke baleko kultur sorkuntzarako, baita sortutako hori erakusteko ere, baina, nola ez, azpiegitura eta baliabide egokiak eskura izatea beti da lagungarria. Eskualdean badira sorkuntzarako guneak, baita sortutako hori lau haizetara zabaltzeko lekuak ere, hainbat eta era askotakoak. Horien artean bi aipagarrienak, fabrika zein plaza gisa emankorrenak ere badirelako, Azpeitiko Dinamoa sormen guneak eta Sanagustin kulturguneak osatzen duten binomioa eta Zarauzko Hiruputzu gaztetxea dira. Kultura sortzeko eta zabaltzeko bi eredu dira, elkarren artean oso desberdinak, baina biak baliagarriak, eta bataren zein bestearen bilakaera eta emaitzak dira arrakasta horren lekuko onenak.
Duela hogei urte, Zarauzko berrehun bat gaztek atea botata sartu behar izan zuten Lizundia oihal fabrikaren eraikina izandakora, han Putzuzulo gaztetxea eraikitzeko. 2022an eraitsi zieten hura etxeak egiteko, eta harrezkero Hiruputzu da Zarauzko gaztetxea. Aldiz, Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen irekieran –2010ean– zein Dinamoa sormen gunearenean –2021ean–, erakunde publikoen ordezkariek ere parte hartu zuten, proiektuari babesa adieraziz. Aipatzekoa da Azpeitiko kultur komunitatearen bilgune izateko sortu zuten Kultur Mahaiak hasi zuela handik urte batzuetara bi azpiegitura horiek eraikitzea ekarriko zuen gogoeta prozesua, eta gaur egun Kulturaz kultur kooperatibak kudeatzen dituela bi azpiegitura horiek eta Soreasu antzokia.
Izotz Barrio zarauztarrak barrutik bizi izan du «ametsen fabrikaren» bilakaera guztia; besteak beste, Zarata Zarautz kolektiboko kidea da, eta izen bereko irratsaioa egiten dute Arraio irratian, ia-ia Putzuzulo gaztetxearen sorreratik. Gaztetxeak kultura arloko egitasmoen sorleku eta plaza izaera hasieratik izan zuela adierazi du, baina nabarmendu du ez dela izan hori bakarrik. "Guretzat herrian zeuden gabezia batzuk betetzera etorri zen, edo okupatu genuen, eta zoritxarrez, nire ustez, oraindik gabezia horiek egon badaude".
Arraio irratiaren balioa
Hogei urteotan gaztetxean sortu, gorpuztu, antolatu eta gauzatu dituzten proiektu eta ekitaldi guztiak zenbatzerik ez legoke, milaka izan direlako, baina bakarren bat nabarmentzeko eskatuta, ez du dudarik egin Barriok. "Niretzat aipagarriena Arraio irratia izango litzateke, bertako kide izateaz gain, denen eskura dagoen baliabide ikaragarri bat dela iruditzen zaidalako. Euskarazko irrati bat, Zarautzen eta Urola Kostan, asanblearioa eta parte hartu nahi duten kideek aurrera eramaten dutena, inongo instituzioen menpe egon gabe".
Zarautzen gaztetxerik ez balitz, haren bueltan argia ikusi duten kultur proiektu asko sekula ez zirela existituko uste du Zarata Zarautz kolektiboko kideak; horretaz erabat ziur nago. "Urteetako esperientziak erakutsi dit erakundeen menpean edo haien kontrolpean ez dauden proiektu askok sekulako trabak izaten dituztela". Horretaz gain, beste balio bat ere erantsi dio gaztetxearen izateari: "Ezberdinen artean antolatzeko aukera ematen duten espazioak beharrezko ikusten ditut, beren gauza on eta txarrekin".
Herriko kultur mugimenduari gaztetxeak egiten dion ekarpena zalantzan jartzerik ez dagoen arren, ez daki ziur herritarrak jabetzen ote diren horretaz. "Iruditzen zait, gizarte bezala, aspalditik sona edo izen handiko ekintzetara soilik joateko ohitura dugula. Jakin-min falta handia sumatzen dut, eta hori argi ikusten dut gaztetxean bertan egiten diren ekintzetan eta kontzertuetan. Talde batzuekin bete egiten da, baina izen handirik ez dutenekin, nahiz eta kalitatezkoak izan, askoz jende gutxiago bertaratzen da".
Erakunde publikoen kontroletik at jarduteak ematen duen askatasunarekin aritzen dira Hiruputzu gaztetxean; aldiz, horien babes handiagoa du Azpeitiko Kulturaz kooperatibak, nahiz eta ez nahi lukeen adinakoa. Xabier Gantzarain Kulturazeko kidearen esanetan, badituzte zailtasunak: "Udala ez beste erakunde publikoek ez dute laguntza eta babesa bermatzen, eta unean uneko erabakiek asko baldintzatzen dute gure jarduna, baina bilatuko dugu aurrera egiteko modua". Kooperatibak "modu integralean" landu nahi du euskal kultura, "hiru ardatz hartuta: sorkuntza, transmisioa eta ikusgarritasuna", eta ziurtatu du horretan ari direla buru-belarri, "edo buru-bihotz", hasi zirenetik.
Fabrika eta plaza
Sanagustinek plaza izaera du, Dinamoa gehiago da fabrika; hain zuzen ere, "sorkuntza eta transmisioa indartzeko" ireki zituzten sormen gunearen ateak, udalak ateratako lehiaketa irabazita. Gantzarainen arabera, kulturguneak ibilbide luzeagoa du, eta herriko plazan kokatuta egonda, "herrian errotuta dagoen kultur espazio aberatsa da". Dinamoa berriagoa da, eta beste izaera bat du. "Lanerako lekua da batez ere, eta ez dauka beharbada beste leku batzuen ikusgarritasunik, ez baita hori gure helbururik behinena". Hala ere, poliki-poliki, herritarrak espazio hori ezagutzen ari direla adierazi du. "Ikastaro, tailer eta gainontzekoetara hurbiltzen den jendeak begi onez ikusten du gure lana, eta ari gara bidea egiten. Era berean, gainera, badugu irudipena estimatzen dela gure lana Euskal Herri osoko sortzaileen artean, bagarela, geure xumean, erreferentzia txiki bat euskal kulturaren munduan dabiltzanentzat, eta pozgarria da hori guretzat".
Nabarmendu du, euskal kulturaren transmisioari begira, "erabat estrategikoa" dela Dinamoa bezalako espazio bat herrian eta herritarren eskura edukitzea, eta adibidetzat aipatu du duela hiru ikasurte martxan jarri zuten Txinaurriak proiektua. "Denbora honetan herriko 2.500 ikasle inguru pasatu dira Dinamotik, diziplina desberdinetako sormen tailerrak eta sentsibilizazio saioak jaso dituzte, eta pixkanaka bere tokia egiten ari da gune hau ere".
"Luxu komunala"
Azpeitiaren tamainako herri batean gisa horretako kultur espazioak eskura izatea "luxu komunala" dela uste du Gantzarainek, baita arduraz erabili behar direla ere euskararen eta euskal kulturaren zerbitzura. "Euskal kulturak gero ere iraun nahi badu, honelako plazak behar-beharrezkoak izango dira». Horren jakitun dira beste herri asko ere, eta Azpeitira bisitan joan izan zaizkie bat baino gehiagoren ordezkariak, Dinamoa bezalako sormen gune batek interesa piztuta. "Galdetzen digute nola erreproduzitu halako bat beraien herrian, eta erantzuna ez da erraza. Nork bere bidea egin behar du. Azpeitian aspaldi hasi ginen bidea egiten, eta orain ikusten da emaitza. Dena dela, batzuetan pentsatzen dugu kanpotik ez ote den garbiago ikusten hemen daukagun pagotxa, barrutik baino".
Azpiegitura egokiek bidea errazten dutela uste du, babesa ematen dietela sortzaileei, erakusleiho bat kulturzaleei. "Pentsatzekoa da sorkuntzarako aukera jartzeak berak ekar dezakeela, ekartzen duela, sorkuntzarako bidea hasteko modua izatea nahi duen orok". Hala ere, garbi du sorkuntzarako grina pizteko ez dela nahikoa azpiegitura egokiekin: "Kultur politika garbi eta ausartak ezarri behar dira, programa zehatzak diseinatu, beti ere luzera begirako ikuspegiarekin, bai Euskal Herri eta bai herri mailan. Erakunde publikoek euskarazko sorkuntza babestu eta sustatu beharra daukate, baina benetan. Bestela jai ederra daukagu".