Dena prest dute Aian eta Orion urteko gaurik motzena ospatzeko

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 19a, 16:31

San Joan sua, Aiako plazan.

Datorren astelehena da San Joan bezpera, eta gaua iristearekin bat suaren bueltan elkartuko dira dantza egiteko. Aian entsegua egingo dute bihar arratsaldean.

San Joan bezpera da astelehena, ekainaren 23a, eta udari ongietorria emateko eta urteko gaurik motzena ospatzeko, gaua iristearekin batera kalera aterako dira herritarrak suaren bueltan dantza egitera. Aian eta Orion, esaterako, dena prest dute une magiko horretaz gozatzeko.

Aian, 21:30ean jarri dute hitzordua, plazan. Sua 22:00etan piztuko dute, eta dantzan ariko dira herritarrak. Ondoren, txokolatea banatuko dute. Dantzarako entsegua ere antolatu dute. Bihar, ostirala, 19:30ean izango da hitzordua, frontoian, eta udalak herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera.

Orion, berriz, urteroko egitaraua prestatu du Harribil dantza taldeak astelehen gauerako. Haurrekin egingo dute kalejira 21:00etan Kosta Tailerretik abiatuta, eta geldiuneak egingo dituzte Sarasua jatetxearen eta Arkaitz tabernaren aurrean, Herriko Plazan eta plazoletan. Geldiune bakoitzean haurrekin entseatutako dantzak dantzatuko dituzte, eta behin ibilbidea amaituta, plazoletan, suaren bueltan Harribilen emanaldia hasiko da. Han ere parte hartuko dute musika eskolako ikasle batzuek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide