Zarauzko garbigune berria ez aurrera, ez atzera dago. 2024ko apiriletik bukatuta daude obrak, baina itxita jarraitzen du guneak, eta herritarren artean ere sortu da jakin-mina. Zalantzak argitze aldera, Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) lehendakari Ion Arozenak blokeo egoeraren arrazoi nagusia azaldu du: «Arkitektura elkargoaren oniritzia duela ziurtatzen duen zigilua falta zaio».
Garbiguneko lanak duela urtebete pasatxo amaitu zituzten, eta jarraian, obra zuzendaritzaz arduratu den enpresak obraren proiektuak, hainbat ziurtagiri eta likidazioa entregatu behar izan zituen, UKUEk udarako Zarauzko Udalari aurkezteko. Baina enpresak ez zuen agiririk igorri, eta eztabaida bat tarteko, irailean entregatu zituen. «Aurkeztutakoa gainbegiratu ostean, ohartu ginen gauza batzuk falta zirela eta beste batzuk ez zeudela ongi. Aldaketa egiteko eskatu genien, eta urrian jaso genuen behin betiko agiria», egindako urratsen berri eman du Arozenak.
Dokumentaziorik ez
Agiria Zarauzko Udalera helarazi, eta abenduan jakinarazi zieten obretako agiri bat elkargoan hobestea falta zela eta horrela ez zietela utziko azpiegitura irekitzen. Sasoi hartan Zarauzko Udaleko ordezkariek obrak berrikusi zituzten, eta 2025eko urtarrilean Hirigintza departamentutik txostena helarazi zuten UKUEra, akats batzuk zeudela eta horiek txukundu egin behar zirela esanez; otsaila eta martxoa artean egin dituzte eskaileretan zeuden desnibelen konponketak.
«Bitartean, gure teknikariak elkarrizketa bat izan zuen enpresako arduradunarekin, eta hark esan zion jada ez zigutela dokumentazio gehiago entregatuko. Horren aurrean, enpresako gerentearekin hitz egin nuen, eta erantzun zidan nazkatuta zeudela erakunde [Urola Kostako Udal Elkatea] honetaz eta bukatutzat ematen zutela gurekin zuten lanketa guztia», kontatu du.
Duela hiru aste errekerimendu bat egin zion Udal Elkarteak enpresari, eta joan den ostirala jarri zion azken epe bezala dokumentazioa entregatzeko. Hori egin ezean, espediente bat ireki eta beste bide batzuk jarraituko zituztela jakinarazi zieten. «Agiria ez dugu lortuko, baina azkeneko fakturak atxikita ditugu ordaindu gabe, eta obra hasieran jarri zuten diru bermea ere jasota dugu, beraz, hori ere gal dezakete». Edonola ere, aipatu enpresak ez du pausorik eman.
Falta zaien dokumentazioa lortze aldera, beste ate batzuk ere jo dituztela azpimarratu du Arozenak. Alde batetik, beste arkitekto batek sina dezakeen galdetu dute, nahiz eta obren ardura harena ez izan, eta baietz esan diete. Hala ere, bide hori oraindik ez dute martxan jarri, enpresaren erantzunaren zain egon nahi izan dutelako. Bestetik, Zarauzko udal teknikariarekin harremanetan dago UKUEko lehendakaria, «ikusteko ea era batera edo bestera desblokea» dezaketen egoera eta behin-behineko irekiera baimena jaso, eta, gero, beste bi faseekin batera, «garbiguneko obren bukaerako behin betiko dokumentazioa entregatu». Astelehenean izan zuten elkarrizketa, eta orain erantzunaren zain daude.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak bisita egin zuen garbigunera, eta dokumentazio guztia bidali zieten hango arduradunei; haien oniritziaren zain ere badago Udal Elkartea. «Jaurlaritzak bere epeak ditu, baina haiek baiezkoa emanda ere ezingo genuke ireki, agiria falta zaigulako».
Arrandegiak kaltetuak
Arozenak gogoraratu du zerbitzua berdin-berdin ematen jarraitzen dutela betiko garbigunean. Salbuespen bakarra hotz kamara da, garbigune berrian kokatuta dagoelako iaztik, baina martxan ez dagoenez, Orioko eta Zarauzko arrandegiak kaltetuak izaten ari dira. «Ondorioz, Getariara edo Zumaiara eraman behar dituzte arrain hondakinak. Beraz, barkamena eskatu nahi diet».
Garbigunearen atzerapenen zergatiak
Garbigune berriak hiru agintaldi hartzen ditu, eta zazpi urteko ibilbidea du. 2018ko urrian proiektua idazteko kontratua sinatu zuten, eta hasiera hartan egun dagoen garbigunean bertan gauzatu nahi zuten berria. Urtebetera, oraindik ez zegoen proiektua bukatuta, eta bitartean, Zarauzko Udalak garbigune berria eraiki den tokia proposatu zuen. Orduan, tramite aldaketa bat egin zuten, eta beste epe bat eman zioten esleitutako enpresari proiektua idazteko. 2020ko abuztuan behin behiko proiektua eginda egotea espero zuten, baina urte amaieran bukatu zuten.
Obra lizitatuta, printzipioz, 2022ko ekainean hasi behar zuten lanekin. Kontratazioa egin zenetik atzerapenak izan zituzten, pandemia osteko prezio igoerek asko baldintzatu zutelako egoera. Azkenean, obrak 2023ko urtarrilean hasi zituzten, eta prezio berrikusketa batzuk medio, 2024ko apirilean bukatu.