Arnasa estu

Eskubide baten aurkako olatua

Intza Trula 2025ko mai. 23a, 09:00

Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHEko kideak Baionako Auzitegiaren teilatuan, abenduaren 3an, Justizia euskararentzat pintaketa egin ondoren. (Euskal herrian euskaraz)

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala bolo-bolo dabil azkenaldian. Handik eta hemendik datoz hizkuntza kolpatzen duten epaiak, maiz haren "biziraupena" tenka larrian jarriz.

Euskara, hizkuntza gutxitua den heinean, bizirauteko etengabeko borrokan murgilduta egon da bere sorreratik. Euskararen erabilerak kezkatzen dituen herritarrek, esaterako, etxean eta kalean egiten dute hizkuntzaren alde harrotasunez, eta bi urtetik behin, Euskaraldia bezalako ariketa soziala sustatzen dute. Euskaraz normaltasun osoz bizitzea inoiz ez da izan erraza, eta azken urteetan are larriagoa eta gogorragoa izaten ari da egoera. Hainbat oldarraldi judizial jaso ditu hizkuntzak, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean biluzik geratu da euskara.

Eneko Etxeberria abokatu eta EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) irakaslearen esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako zenbait epaik "hautsak harrotu" ditu euskal gizartean. "Olatu baten moduan iritsi dira, eta denok busti gaitu", dio azpeitiarrak.

Luzea da epai horien zerrenda, baina, urrutira joan gabe, aipatzekoa da pasa den martxokoa: Gipuzkoako Foru Aldundian ehun lanpostu publikotarako euskararen eskakizuna baliogabetu zuen Auzitegi Nagusiak, hain justu. Ez da ebazpen hori egiten duen lehen aldia, beste batzuk ere izan baitira, lurralde ezberdinetan.

"Euskara eskatzea ez da beste hizkuntzak diskriminatzea»"

"Euskara babesten ez badugu, erabilgarri izateari utziko dio"

Eneko Etxeberria abokatua eta EHUko irakaslea

Epai horiek diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daudela, gaztelania eta euskara, eta batak ezin duela bestearen gainetik egon; hau da, horien erabilera orekatua izan behar dela. Aitzitik, errealitatea bestelakoa dela dio Etxeberriak: "Espainiako Konstituzioari erreparatzen badiogu, ohartuko gara bi hizkuntza horiek ez daudela egoera berean; izan ere, konstituzioak dio gaztelaniaz jakitea obligazioa dela, eta euskara, aldiz, eskubide bat da, koofiziala da". Irakaslearen arabera, horrek dakarrena da bi hizkuntzek talka egiten dutenean gaztelania gailentzea, "berme juridiko gehiago dituelako".

Oreka falta hori aspalditik datorren zerbait da, eta horrek etengabe euskararen aurka egiten duela salatu du Etxeberriak: "Euskara eskatzea ez da beste hizkuntzen aurka egitea edo horiek diskriminatzea, euskara babesteko daukagun bide bat baizik".

Eneko Etxeberria abokatu eta EHUko irakaslea. (Maddi Txintxurreta)

 

Euskararen Legea

Euskararen erabilera normalizatzeko bidean, duela 40 urte baino gehiago egindako saiakeraz mintzatu da azpeitiarra. Hain justu ere, Euskal Autonomia Erkidegoan onartu zen lege bat ekarri du gogora: 10/1982 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea, alegia. Euskararen Legea bezala ezagutzen da, eta euskararen egoera arautzeko balio izan zuen. Eusko Legebiltzarrean gehiengo handiz onartu zuten, urte hartako azaroaren 24an.

Hala eta guztiz ere, urte batzuk geroago, 1986an, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legearen artikuluetako bat baliogabetu zuen; hots, arau horrek toki administrazioei euskaraz soilik aritzeko aukera ematen zien, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen hori. "Beraz, euskarak duen arazo juridiko eta politikoa aspalditik datorren zerbait da", gaitzetsi du Etxeberriak.

Horren aurrean, administrazio publikoak euskararen aurrean dituen betebeharrez mintzatu da: "Euskara lanerako hizkuntza izan dadin borrokatzeaz aparte, bere erabilpena sustatzeko, eraginkorra izateko, juridikoki babestua egoteko eta komunikaziorako tresna izateko ardura du". Halaber, gehitu du ez dela sekula hizkuntza baten normalizaziorik egongo "administrazio publikoan lan egiteko hizkuntza hori exijitzen ez bada".

Egoeraren larritasunaz jakitun, herritarrek "hizkuntza babesteko ardura" dutela iritzi dio. Gainera, argi eta garbi utzi nahi izan du euskara gaztelania bezalako hizkuntza handi baten aurrean babestu ezean, "baliagarri izateari utziko" diola.

Lehen pertsonan

Euskararen aurkako oldarraldi judizialak ez dio hizkuntzari soilik eragin, zenbait pertsona ere zuzenean kaltetu ditu. Entzutetsua izan da Intza Gurrutxaga getariarraren kasua. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimendu euskaltzaleko kidea da bera, eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Baionako Auzitegian egindako desobedentzia ekintza batengatik atxilotu zuten.

Euskararen Eguneko manifestazioa egiteko elkartu ziren egun horretan Baionan, eta auzitegiko atarira heltzean, Gurrutxaga teilatura igo zen, Gorka Torrerekin batera –EHEko kidea da bera ere–. Euskarak jasaten duen "zapalkuntza" salatzeko asmoz, Justizia euskararentzat idatzi zuten epaitegiko horman, eta ekintza horren ondorioz atxilotu zituzten bi kideak. Getariarrak uste du euskararena ez dela "osasun beteko" egoera bat, eta Euskararen Egunean hori aldarrikatzeko "beharra" ikusi zuten.

Gainera, euskara Espainiako eta Frantziako konstituzioen menpe dagoela ere gehitu du, eta legedi horien baitan, "hizkuntza etengabe zapaldua" izaten ari dela. "Azken urteotan ikusten dugu, batez ere Hego Euskal Herrian, epaitegietatik oldarraldi bat datorrela". Beraz, pintaketa epaitegiko horman egitea "sinbolikoa" izan zen, "oldarraldi hori bi estatu arrotz horietako epaitegietatik baitator".

Euskararen Errepublika

Getariarrak kontatu duenez, bigarren helburu bat ere bazuen ekintza horrek: Euskararen Errepublika aldarrikatzea, alegia. EHEn pandemia garaian barne prozesu bat egin zuten, eragile independentista gisa aitor zedin: "Frantziako eta Espainiako estatuen baitan zapalduak gara, eta horregatik ezinbestekoa deritzogu gure legedi propioa izatea, euskararen babes hori bere osotasunean bermatzeko".

"Euskararen egoera ez da ona, edota ez behintzat osasun betekoa"

"Euskaldunak konplexuz bete gaituzte, interesa zegoelako"

Intza Gurrutxaga EHEko kidea

Lege horrek "nazio ikuspegia" izango luke, "Euskal Herriko zazpi probintzietarako balioko lukeena". Izan ere, egun euskaraz bizitzea hautu politiko bat dela dio, "eta ez luke horrela izan beharko". Beraz, lege horrek bermatuko luke "euskaraz erosotasunez bizitzeko baldintza batzuk edukitzea, eta eguneroko borroka bat izatetik zerbait naturala izatera pasatzea". Gaur egun "ez dagoen" lege babes hori ere lortuko luke.

Independentzia hori "egun batetik bestera" lortuko ez dutela jakitun, euskaldunak aktibatzearen beharraz hitz egin du: "Tokian tokiko borrokak piztu behar ditugu, eragin esparrua zabaltzeko eta ahalik eta eremu gehien euskalduntzen joateko".

Intza Gurrutxaga EHEko kidea. (Intza Trula)

 

Debekuz blai

EHE behin eta berriz ari da euskarak jasaten dituen debekuak mahai gainean jarri eta horiek irmoki salatzen. Horren harira, Gurrutxagak Iñaki Iurrebasok iaz argitaratutako tesi batean zioena berreskuratu nahi izan du: "Euskal Herrian bizitzeak, oro har, erdaldundu egiten gaituela zioen berak".

Gurrutxagak aditzera eman duenez, euskaraz bizitzeko oztopoak "ehundaka" dira, eta egunerokoan topa daitezke: esaterako, administrazio publikoan, medikuarenean edota kaleko elkarrizketetan. Epaitegietatik hizkuntza eskakizunak atzera botatzen ari direla ere gogorarazi du, eta EAEko udal legean ere artikulu batzuk indargabetu dituztela –lege horiek euskarari lehentasuna ematea bermatzen zuten–.

Hala eta guztiz ere, salatu du arazoa ez dela soilik judiziala, "baizik eta oldarraldia politikoa eta mediatikoa ere" badela. "Hedabideetan egunero irakur daitezke euskararen aurkako diskurtsoak", dio.

Debeku horiek direla medio, euskaldunak "konplexuz" beteta daudela iritzi dio Gurrutxagak, "horretarako interesa zegoelako". Erasoaldi horren helburua "euskara eta euskaldunok zapaltzea" dela garbi du getariarrak: "Hori horrela, pixkanaka-pixkanaka, euskara desagertzea lortuko dute".

Kanporatuak, euskaraz defendatu nahi izanagatik

Pasa den apirilaren 11n epaitu zituzten Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre, iazko abenduan Baionako epaitegian egindako desobedentzia ekintzagatik. Epaiketa egun horretan bertan amaitu zen, baina ez espero bezala. Izan ere, Gurrutxagak salatu du ez zietela euskaraz defendatzen utzi, eta frantsesez deklaratzeari uko egin ziotenean, Baionako Auzitegitik kanporatu zituztela.

"Epaiketa horretan bi euskaldun geunden, eta gure defentsa euskaraz egiten ez uztea gaur egungo zapalkuntzaren isla garbia da", gaitzetsi du getariarrak. Gurrutxagak gogor salatu du "bertako hizkuntzan, gure hizkuntzan" hitz egitea debekatu zitzaiela egun horretan. Azken horren kasuan, gainera, itzultzaile bat jarri zioten, bere burua gaztelaniaz defenda zezan.

Azkenean, Gurrutxagari 500 euroko isuna jarri zioten, eta Torreri 1.000 eurokoa. Dena dela, Gurrutxagak ez du zenbateko hori ordaindu beharko hasiera batean; zigorra baldintzapean geratu da, eta halako beste delitu bat egingo balu soilik ordaindu beharko luke.

Ildo horretatik, Gurrutxagak argi utzi nahi izan du horren guztiaren atzean "legedi arrotz bat" dagoela, eta ez dela "euskal legedia". "Euskararen aldeko politikak egiteko orduan etengabe egiten dugu topo horrekin", ohartarazi du.

Epai horietan Frantziako zein Espainiako konstituzioak "behin eta berriz" aipatzen direla esan du, eta horiek "espainola eta frantsesa jartzen dituzte hizkuntza ofizial gisa". Euskarari dagokionez, "EAEren osotasunean eta Frantziako zati batean ofizial edo koofiziala dela jartzen du", baina beste bi hizkuntza horiek jakitera "behartzen" dutela salatu du, "gainerako urratsak euskaraz egitea oztopatuz".

Hark gehitu du "begi bistakoak" direla gaur egun euskaraz erosotasunez bizitzeko trabak: horren aurrean, "Euskararen Errepublika sortzearen" alde egin behar dela uste du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide