Arnasa estu

Haritz Garmendia: "Ditugun hizkuntza politikak ez dira gure nazioak behar dituenak"

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 22a, 09:13

Haritz Garmendia. (Mailo Oiarzabal)

Euskararen "ajeak" euskaltasunarenak eta nazio zapalkuntza kontuan hartu gabe ezin direla ulertu dio irakasle eta ikerlari azpeitiarrak. Horiek gainditzeko, berriz, kulturan du fedea Garmendiak.

Euskararen etorkizuna, biziraupena, bermatzeko aldaketa sakonak ezinbestekoak direla uste dutenen multzokoa da Haritz Garmendia (Azkoitia, 1991). Soziologian doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Politika eta Administrazio Zientzia saileko irakaslea eta ikertzailea da Garmendia, Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Hizkuntzaren politizazioaz, hizkuntza eta horren dimentsio nazionalaz mintzo da azpeitiarra. Hizkuntzaren auzia nazio auziarengandik bereiziezina da, izan ere, Garmendiarentzat.

Euskalduntasuna, euskaltasuna... Euskal identitatearen definizioa bera lauso edo nahasi ageri dela diozu. Zer da euskaltasuna zuretzat?

Identitatearen definizioan dago gakoa. Nik diodana da euskalduntasunaren azterketara ezin garela hurbildu beste nazioak hurbiltzen diren begirada beretik, nazio normalizatuen marko, parametro edo termino berberekin. Ezagutzen al dugu gaztelaniaz ez dakien espainiarrik? Ez; nik ez, behintzat. Ezagutzen frantsesez ez dakien frantziarrik? Ez. Baina ezagutzen al ditugu euskaldun izan nahi dutenak baina euskaraz ez dakitenak? Bai. Beraz, ikerketaren objektuak berak arazoak sortzen ditu. Abiapuntutik bertatik, euskaltasunaren arazoak tratamendu berezia merezi du.

Hortaz, zure ustez, nondik hurbildu behar da euskaltasunera, kontzeptu horren azterketa egiteko?

Euskararen egungo egoerara hurbiltzeko, ezinbestean, nazio zapaldu baten parametroetatik hurbildu behar gara. Nazio zapaldua izateak eragiten du gure mundua barrutik puskatuta, hautsita, egotea. Puskatuta egoteaz ari garenean, dimentsio linguistikoan, kulturalean zein identitario-politikoan ahulduta dagoela esan nahi dugu, eta horretatik eratortzen dira gure nahiak eta ezinak, baita askotan edukitzen ditugun despiste politikoak ere. Horregatik, argi izan behar dugu euskarak gaur egun dituen ajeak, arazoak eta hutsuneak ulertzeko, dauzkagun nahi eta ezin horiek ulertzeko, ulertu behar dugula menderakuntza politiko, sozial eta ekonomiko baten emaitza dela gaur bizi dugun egoera.

"Despiste politikoak" aipatzen dituzunean, zer esan nahi duzu?

Bizi garen nazio zapaldu honetan bi estatutan banatuta gaude. Euskal Herrian, hegoalde-iparralde banaketa daukagu. Hegoaldean bi autonomia edo erkidegotan banatuta gaude, gainera, eta aginte kuota batzuk-eta baditugu. Galdera da, aginte kuota horietatik erreproduzitzen ditugun identitateak zer identitate diren: batzuetan nahita, eta beste batzuetan nahi gabe, erreproduzitzen duguna identitate basko bat dela esango nuke.

Zer da baskoa?

Euskara ulertzen duen baina, aldi berean, euskaraz bizitzeko nahikotasunik ez duen soslai batez ari gara; edota, askotan, Hego Euskal Herriari norte deitzen diona, edo Ipar Euskal Herriari sud-ouest. Nazio zapaldua izateak eragindako haustura hori gorputzetara eramaten dugu, euskal hiztunetara, eta horrek eragiten du euskararen normalizazioa zailtzea. Horren aurrean, nazio zapaldua garenaren kontzientziatik abiatuta jarrera bat hartu eta euskal ardatzetik pentsatzen hasi beharrean, politikoki esparru hori aktibatzeko arazoa daukagu, Espainiak zein Frantziak mugak jartzen dituztelako, baina baita barreneraino kolonizatuta gaudelako ere.

Baskoak al dira, hortaz, espainiar edo frantziar markoak naturaldu dituzten euskaldunak ere?

Aipatzen dudan basko kontzeptu edo definizio hori zer den ulertzeko nazio zapaldu batez hizketan ari garela ere ulertu behar dela ezin dugu ahaztu. Nazio zapaldua beti lotu behar da anomalia batekin. Anomaliatik abiatzen gara, beraz, eta anomaliak gutxienez hiru dimentsiotan bistaratzen zaizkigu. Lehen dimentsioa linguistikoa litzateke. Euskaldun elebakar bat euskaraz biziko litzateke bere bizitzako arlo guztietan. Baina nazio zapaldua gara, eta zapalkuntzarekin diglosia dator, eta diglosia egoeragatik eremuak galtzen ditu euskarak, baina euskarak galtzen dituen espazio horiek ez dira hutsik gelditzen: gaztelaniak edo frantsesak betetzen dituzte. 

Bigarren dimentsioa nazio-identitate kontzientzia da, eta Hego Euskal Herriaz ari garela, dimentsio horretan gertatzen da gu garela Espainiako periferia: basko bihurtzen gara. Baina "yo soy vasco" edo "ni euskalduna naiz" ez dira gauza bera, eta horren atzean legoke aipatutako marko haustura osoa. Izan ere, nazio zapaldu izatearen arazoetako bat da "yo soy vasco" itzultzen dela "ni euskalduna naiz" gisan, eta horren atzean zerbait galtzen da bidean. Nazio kontzientzia normalizatu batean, euskaratik eta zazpi lurralde kontuan hartuta pentsatuko genuke. Geure mundua irakurtzerakoan, Kutsidazu bidea, Ixabel bezala irakurtzen dugu, edo Ocho apellidos vascos bezala. Eta gure mundua Ocho apellidos vascos bezala ulertzen badugu eta geure buruari barre egiten bukatzen badugu, kontzientzian ere pitzadurak sortzen dira. Espainiarrek edo frantziarrek nekez egingo dute, Madrildik edo Paristik, gai horiei buruz horrelakorik.

Normalizazio ezaren dimentsioez ari zinen. Zein da hirugarrena?

Erakundetzeari dagokiona. Bi estatutan zatituta egoteak eta geure estatu propiorik ez edukitzeak, hegoaldean bi autonomia erkidego eta iparraldean ere erakundetze txiki bat izan arren, eragiten du erdiguneak, bai ekonomikoak eta bai politikoak, Madrilen eta Parisen kokatzea. Hortaz, eguneroko funtzio ekonomikoan eta jarduera askotan, habitat gabe gelditzen ari da euskalduna; beste erakundeen menpe, gure lurraldean arrotz. Geure botere politikorik eta ekonomikorik ez badugu, besteenetan egiten dugu lan; eta horrek eragiten duena da, apurka-apurka, babesik gabe, agortze prozesu batean sartzea. Horregatik esaten da zer garrantzitsua den hizkuntza-nazioa-estatua batasuna mantentzea nazioaren edo euskaltasunaren biziraupenerako. Baina, zoritxarrez, gure kasuan, hirurak daude auzitan: hizkuntza, nazioa eta estatua.

Ni ez naiz nor esateko zein den euskalduna [euskal herritarra] eta zein ez. Nazio zapalduen kasuetan, gainera, oso labaina da horretaz hitz egitea. Batzuei euskara erauzi egin diete, beste batzuei emanda etorri zaie... Ni ez naiz hor sartuko. Esango dut, hori bai, askoz hobeto ikusten direla azaldu nahi ditudan kasuak txanponari buelta emanda: nik gaztelaniaz dakit, baina horrek espainiar egiten al nau? Ez. Beraz, horrek ulertzera narama gaur egun Euskal Herrian euskaraz dakiten asko ere ez direla euskal herritar gisa, euskal nazioko kide gisa, identifikatzen. Euskaraz jakin dezake espainiar batek, baina ez dauka zertan euskal herritar sentitu; hala sentituko da, berak nahi badu. Eta hor bereiziko nuke niretzat identitate baskoa dena: Espainiako periferian bizi den eta euskaraz jakin dezakeen espainiarra.

Kontzienteki ala ez, erreferentzialtasun marko espainiarra duena?

Bai. Euskalduntzat hartuko nuke, bestalde, euskaldun eta abertzale izan nahi, eta nazio zapalkuntza honengatik euskara erauzi dioten jendea, frankismoan egon zen zigorragatik eta bestela ere bai. Horien euskalduntasuna ulertzen dut, beti ere, prozesu historiko baten emaitza direlako. Prozesu historiko horretan bizitako zapalkuntza kontuan izan gabe, nekez uler dezaket euskaltasuna beste identitate nazionalen terminoetan.

Zertan edo nola eragiten dio aipatzen ari zarenak euskarari, hizkuntzaren erabilerari eta osasunari?

Euskal hiztunen komunitateak hazkunde handia izan du, bereziki EAEn, baina hiztun komunitate horretan asko ez dira euskal identitatea dutenak. Iruditzen zait euskal letretara eta euskal hiztun komunitatera arazo, galdera eta begirada asko ari direla etortzen erdal pentsamenduak markatuta. Esango nuke geure eguneroko arazo asko interpretatzeko markoak kanpotik ezarri dizkigutela. Euskararen despolitizazioa aipatzen denean, esaterako: ez dago gaztelania eta frantsesa baino gauza politikoagorik. Galdera da non dagoen [hizkuntza] politizatuta; nazionalista handienak beraiek dira. "Madrilen ardatz sozialak bakarrik inporta du eta hemen ardatz nazionalari begiratzen diozue". Ez. Madrilen hain hegemonikoa da espainiar nazioa, hain unibertsala, hango boto ezkertiarrenean ere ardatz nazionala presente dagoela, nahiz eta ikusezina izan. Euskal nazioa ikusgarriagoa da nazio zapalkuntza bat dagoelako eta ezinbestean bi ardatzak jartzen ditugulako joko taulan, soziala zein nazionala.

Horregatik al dago euskal abertzaleen artean ere hain barneratuta abertzaleak eta ez-abertzaleak kategorien erabilera?

Adibide ona da hori. Nik esango nuke bi estatuetan direla nazionalistak, Espainian eta Frantzian; eta, izatekotan ere, ez-abertzaleak gu garela. Eta hori lotuko nuke lehen aipatu ditudan despiste politikoekin. Izan ere, ditugun hizkuntza politikak ez dira gure nazioak behar dituenak. Euskalgintzarako aurrekontuen %3 bideratu dugula diogunean, adibidez, %97 erdalgintzara bideratu dugula esaten ari al gara? Euskarak aurrera egingo badu, begirada hori findu egin beharko dugu.

Euskal alderdi abertzaleen lehentasunen zerrendan euskara lehen lerrotik urruti ez al dago?

Euskararen gaia erabat politikoa da, baina politikara iritsi aurretik, uste dut kulturatik begiratzen hasi behar dela. Espainian ez ezkerra, ez eskuina, ez daude gaztelaniaren kontra. Euskal Herrian, zapalkuntzak eragiten du euskal alderdi abertzaleak sarri nahi edo ahal bezainbeste ez egotea euskararen alde. Niretzat, garrantzitsuena da hizkuntza politikak pentsatzerako orduan euskalduna benetan erdigunean jartzea eta politikak hartzailea euskalduna dela pentsatuta egitea, batetik; horri deituko nioke euskal pentsamendua. Eta lehen esandakoaren haritik, bestea: euskalgintzatik ikerketa asko egiten dira, baina inork ez ditu erdalgintzaren mekanismoak ezagutzeko ikerketak egiten. Beharbada, hasi beharko ginateke pentsatzen euskalgintza erangikor bat egiteko zer erdalgintza deseraiki behar dugun.

Euskaldunak, oro har, jabetzen al dira beren hizkuntzaren egoeraren ajeez?

Nire ustez, ez gara jabetzen egoeraren benetako larritasunaz. Edo jabetzen gara, baina albo batera uzten ari gara. Uste dut Gukaren eduki sorta honen izenburuak, Arnasa estu horrek, ondo definitzen duela bizi dugun egoera. Duela 60 urte esan zuten jada, eta uste dut bete-betean asmatu zutela orduko pentsalariek, euskara salbatzekotan, kulturak salbatuko duela. Kultura euskaraz egiteak salbatuko du euskara. Azpeitian, zorionez, beste inon ez dituzten baldintzak eta baliabideak ditugula uste dut, eta horiek aprobetxatu egin behar ditugula euskaldun abertzaleok euskara aurrera aterako duen kultur proiektu bat indartzeko. Kulturan inbertitzea, nire ustez, euskararen etorkizunean inbertitzea da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide