Kosta Berdea marka turistikoa aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 14a, 15:00

Udal elkarteko, aldundiko eta bost udalerrietako ordezkariak, gaur eguerdian Aiako Iturraran parketxean. (Onintza Lete Arrieta)

Udal elkartea osatzen duten bost herriak elkarlanean aritu dira marka sortzen eta turismo alorreko erronkak adosten, eta hurrengo pausoa turismo teknikari bat kontratatzea izango da, eskualde ikuspegia izango duena.

Urola Kostako Udal Elkarteak marka turistiko berria aurkeztu du gaur eguerdian: Kosta Berdea. Markaren irudiak ere marka berriaren hitzak islatzen ditu: bi marra dira, goikoa mendi tontorra irudikatzen duen erpindun marra bat, eta behekoa, olatua irudikatzen duena. Olatu horrek, aldi berean, bost udalerriak lotzen dituen errepidea irudikatzen du, "elkarlanaren eta konexioaren ideia indartuz".

Urola Kostako Udal Elkartearen turismo marka berria.

Aiako Iturraran parketxean egin dute aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan dira udal elkarteko presidente Ion Arozena, aldundiko Turismo diputatu Azahara Dominguez, eta kostako bost udalerrietako alkateak: Aiako Jon Ander Azpiroz, Getariako Haritz Alberdi, Orioko Anuska Esnal, Zarauzko Xabier Txurruka, eta Zumaiako Iñaki Ostolaza. Bertan izan dira hainbat turismo teknikari eta udal zinegotzi ere.

Dominguezek eta Arozenak hartu dute hitza aurkezpenean. Diputatuak eskerrak eman dizkie udal ordezkariei "apustu ausarta" egin dutelako "hondartzak alde batera utzi gabe, begirada aldatu eta barrualdean fokua jartzeko".

Arozenak azaldu du marka lantzeko prozesuaren helburua izan dela "eskualdearen identitatean, kulturaren eta baliabide naturalen inguruko turismo eskaintza bateratu bat sustatzea". Arozenak ere azpimarratu du markak ez dituela soilik hondartzak sustatu nahi, eskualdearen barnealdea ere balioan jarri nahi duela, "jasangarritasuna eta fluxu turistikoen banaketa orekatuaren aldeko apustua eginez". Gainera, gogorarazi du bost herriek aberastasun handia dutela hainbat arlotan: "Hor daukagu gure gastronomia, baita museoak ere, kirol aniztasuna, euskara, eta bi parke natural, besteak beste", esan du.

Turismo teknikari baten beharra

Iazko martxoan abiatu zuten marka berria garatzeko prozesua eta, horrekin batera, eskualdeko turismoa modu bateratuan lantzeko prozesua, eta bertan parte hartu dute politikariek, teknikariek eta kanpo adituek –marka berria, esaterako, Sorland komunikazio enpresak egin du–. Turismo sektoreko enpresak ere gonbidatu zituzten prozesuan parte hartzera, eta Arozenak azaldu du sei enpresaren iritzia jasotzeko aukera izan dutela. Ostalaritzarekin eta kirol zerbitzuekin lotutako hainbat herritako enpresek parte hartu dute, eta horregatik, positiboki baloratu du haien partaidetza udal elkarteko lehendakariak.

Hurrengo urratsei dagokienez, Arozenak esan du aurreneko pausoa Turismo teknikari bat kontratatzea izango dela, eskualdeko ikuspegia izango duena, eta hortik aurrera joango direla urrats berriak zehazten eta markatzen datozen hilabeteetarako. Gauzak ondo bidean, uda honetan bertan lanean izango da udal elkarteko teknikari berri hori.

Datuak eskualdeaz

Arozenak ekitaldia baliatu du Urola Kosta eskualdeari buruzko hainbat datu emateko. Honako hauek, besteak beste:

  • Azalera: 102 kilometro koadro
  • Biztanleak: 44.850
  • Hondartzak eta kalak: 7
  • Natura parkeak: Geoparke eta parke natural bana
  • Mendiko bideak: 3 GR, 6 PR, kostaldeko Donejakue Bidea eta zortzi turismo bide
  • Museoak: 4
  • Ostatuak (hotel, hostal eta kanpinak): 125 baino gehiago
  • Kirol eta aisialdi ekintzetarako zerbitzuak: 50

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide