Tokiko merkataritzarentzat DATA+ tresna digitala sortu berri du UKUEk

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 19a, 08:00

Pertsona bat ordenagailuaren sagua erabiltzen.

Tokiko saltokiei datu sektorialak eta pertsonalizatuak eskuratzeko aukera ematen die, eta proiektuan parte hartu duten establezimenduek dagoeneko jaso dituzte plataformara sartzeko baimenak. Gainerako establezimenduek ere aukera dute proiektura batzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) DATA+ izeneko plataforma berria jarri du martxan aste honetan bertan. Eskualdeko kontsumoaren datuak eta joerak aztertuz tokiko merkataritzari laguntzeko diseinatutako "tresna berritzailea" da, eta proiektuaren azterlanean parte hartu zuten establezimenduek eskuragarri dute bertarako sarbidea.

Iaz, 2024ko urriaren 24tik azaroaren 25era bitartean, eskualdeko establezimendu guztien %65,3k (295 merkataritza-establezimendu) hartu zuten parte UKUEk egindako elkarrizketetan. Udal elkarteak azaldu du parte hartze hartatik abiatuta, "funtsezko bi emaitza" sortu direla: batetik, Urola Kostako merkataritza eskaintzaren azterketa zehatza; bestetik, DATA+ monitorizazio-plataforma sortzea, sektoreko datuak eta biztanleriaren kontsumo ohiturak biltzen dituena, eskualdeko 500 egoiliarri egindako inkesten bidez.

Plataformari esker, saltoki bakoitzak sektoreko datu orokorrak bistaratu ahal izango dituela azaldu du UKUEk, bai eta datu propioetara sartu, haien egoera sektoreko batez bestekoarekin alderatu eta egokitutako gomendioak kontsultatu ere.

Plataformara sartzeko moduak

Proiektuan parte hartzen ari diren saltokiek mezu pertsonalizatu bat jaso dute aste honetako astearte edo asteazkenean, hilak 15 eta 16, pasahitza sortzeko eta plataforman duten espaziora sartzeko jarraibideekin. Jaso ezean, Udal Elkartearekin harremanetan jartzea gomendatu du erakundeak. Plataformara esteka honetatik sar daiteke.

Era berean, azterketan parte hartu ez duten baina tresnan interesa duten saltokiak ere erregistra daitezke edo informazio gehigarria eska dezakete, erakundearentzat DATA+ "tokiko merkataritzan digitalizazioaren eta erabaki informatuak hartzearen aldeko apustu sendoa" delako. "Tresna erabilgarria, praktikoa eta hurbila eskaini nahi diegu establezimenduei".

Informazio gehiago nahi duenak Urola Kostako Udal Elkartera jo dezake, Zarauzko Abendaño industrialdean duen egoitzara, baita enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu ere.

Egitasmo hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Toki Garapenaren arloan Lankidetza Gobernantza sustatzeko eskualdeak 2024 hitzarmeneko 1.go atalaren barruan garatu da; eta, ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoa Sailak kofinantzatu du. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide