Esperantzari leiho bat ireki nahian

Julene Sorarrain 2025ko api. 11a, 09:00

Lamat Ali eta Naiara Agirrezabalaga, Kultur Etxean. (Julene Sorarrain)

Oporrak Bakean egitasmoari esker, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haurrek udaldia Euskal Herrian igarotzeko aukera izaten dute. Beren esperientzia kontatu dute Orioko bi bizilagunek, bi ikuspuntu ezberdinetatik: Lamat Ali Kanarietako familia batek hartu zuen etxean 10 urte zituenean; Naiara Agirrezabalagak, berriz, iaz egin zion harrera Hamzari. Aurten ere haren bisita espero du. Esperantzari leiho bat lelopean abiatu dute aurtengo kanpaina. Martxoko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Lamat Ali Aljeriako kanpamentu batean jaio zen, eta 10 urte zituela Kanarietako (Espainia) familia batek hartu zuen etxean, udaldia bertan igarotzeko Oporrak Bakean programaren barruan. Orain 38 urte ditu, eta Orion bizi da. Urte asko igaro dira La Palmako uhartea azken aldiz bisitatu zuenetik, baina oraindik gogoan ditu hango bizipen guztiak. "Hartu ninduten etxeko usaina gogoan dut oraindik. Txikia nintzen joan nintzenean, eta mundu batetik besterako aldaketa izan zen. Ni kanpamendu batean jaio nintzen, eta ez nuen inoiz etxerik ikusi, han haimetan bizi ginelako. Kanarietara iritsi nintzenean, denak harritzen ninduen. Zalantza asko nituen hara iritsi baino lehen, garai hartan ez baikenuen telebistarik kanpoko mundua ikusteko. Jostailuak emango zizkidatela besterik ez nekien, eta horrek zoriontsu egiten ninduen".

Oporrak Bakean programari esker, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haur sahararrek udako oporraldia Euskal Herrian igarotzeko aukera dute 2009. urtean egitasmoa abiatu zutenetik. Ordutik, ehunaka gaztetxo igaro dira euskal familien etxeetatik. Egitasmoaren helburu nagusiak dira, besteak beste, haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea, umeen osasuna hobetzea elikadura orekatuaren bitartez, oinarrizko osasun azterketak egitea eta beste errealitate bat bizitzeko aukera eskaintzea.

Ali txikia zen La Palmako familiak hartu zuenean, baina baditu oroitzapenak. "Amak Fina zuen izena, eta ni baino zaharragoak ziren hiru seme-alaba zituen. Hara iristean, arropa eta jostailuak, janari ezberdina eta lo egiteko ohe bat eskaini zizkidaten. Haima batean bizitzetik etxe batean lo egitera igaro nintzen. Lehen aldiz ikusi nuen hondartza, eta igerilekuan igeri egiten ikasi nuen. Gainera, gaztelera apur bat ikasteko aukera ere izan nuen, baita Saharako beste kanpamentu batzuetako haurrak ezagutzekoa ere. Gogoratzen dut lehen aldiz moztu zidatela ilea, eta beltzaran jarri nintzela. Egunero dutxatzen nintzen, eta ez nintzen inoiz igerilekutik irteten".

Lamat Ali Orioko bizilaguna 10 urte zituenean, udaldia Kanarietako La Palma uhartean igarotzen. (Utzitakoa)

Egitasmoaren bi ikuspuntuak

Alik hiru hilabete igaro zituen La Palman, eta oraindik gogoan du bere harrera familiak kanpamentua bisitatu zuen eguna. "Negua iritsi zenean, Fina kanpamendua bisitatzera etorri zen. Jostailuak eta txokolatea ekarri zizkigun. Gaur egun gozoki horiek bilatzen jarraitzen dut, eta ezin ditut inon aurkitu. Arazoa da urte batzuk igaro genituela elkarri gutunak bidaltzen, baina, apurka-apurka, harremana galtzen joan ginela. Pena ematen dit haiei buruz ezer ez jakiteak, esperientzia ona izan baitzen. Garai hartan, ordea, ez nuen mugikorrik gure zenbakiak trukatzeko".

Naiara Agirrezabalaga zarauztarra da jaiotzez, Orion bizi da, eta LHko irakaslea da. Iaz haur saharar bat hartu zuen etxean bere bikotearekin batera, eta aurten ere haren bisita espero dute. "Nire bikotearen familiak haurrak hartzen zituen duela urte asko, eta beraz, ez zen harritzeko zerbait guretzat. Urte batzuetan saiatu ginen gauza bera egiten, eta iaz, azkenean, animatu egin ginen. Lehenengo aldia izan arren, aurretik ezagutzen genuen Oporrak Bakean egitasmoa, baita Saharautz elkartea ere. Gainera, Orion saharar komunitate bat ere badago. Esan daiteke sahararren testuinguruaz informatuta egon garela".

Saharako haurrentzat ez ezik,
hemengoentzat ere ikaskuntza bat
izan daiteke

 

Beste herrialde eta bizimodu batetik datorren haur bat hartzeak zenbait galdera sor ditzake norberarengan. Agirrezabalagaren ustez, ordea, haurra maitatzea eta zaintzea dira gakoak. "Nik uste dut ume bat dela, eta kito. Maitasuna behar du, eta zaindu egin behar duzu. Ez gara guraso perfektuak, ezta izan nahi ere. Berarekiko ardura, azken finean, naturalki sentitzen duzun zerbait da. Nire haurra ez bada ere, naturalki ateratzen zait bera zaintzea. Beste alde batetik, Orio bezalako herri batean denok ezagutzen dugu elkar, eta nahiz eta ez egon zure semearen alboan, badakizu herritar bat laguntzeko prest egongo dela beti. Nire ustetan, hau jar dezakezun hondar ale bat baino ez da, guk ez baitugu Saharako errealitatea aldatuko, asko gustatuko balitzaigu ere. Baina, gutxienez, haurra beste baldintza batzuetan egotea eragin dezakegu".

Alik, Saharako basamortutik Kanarietako hondartzara salto egin baino lehen solasaldia izan omen zuen bere amarekin, bizitzear zegoen udaldiaz "mentalizatzen" laguntzeko. "Testuinguruan jartzeko, gu ez baikinen inoiz bakarrik egon kanpamentuan; denok elkarrekin egiten genuen lo. Hori horrela, gogoratzen dut bakarrik lo egin nuen lehen gauean beldurra pasatu nuela. Harrera amak lehenengo gauetan nirekin lo eginarazi zion alaba zaharrenari, ni ohitzen joateko. Pixkanaka, dena normalizatzen joan nintzen. Baina, esan beharra dut, asko eskertu nuela beste saharar kanpamentuetako haurrak gertu izatea".

Hala ere, azpimarratu du kanpamenduko haurrak "indartsuak" direla. "Ez dira umeak bezala bizi; azkar hazi eta heltzen dira. Informatuta daude bertako testuinguru politikoaren inguruan. Hemen asko zaintzen dituzte haurrak, eta hori normala da, baina han independenteagoak dira. Bizimodu horrek familiatik banantzen ikasten laguntzen du, izan ere, gu familiatik urrun gaude beti, eta azkar ikasi behar den zerbait da".

Helburua da
haurrak basamortuko
baldintza zailetatik aldentzea

Agirrezabalagak "biziagoak" direla ere gehitu du. "Han kalean bizitzera ohituta daude. Hemen haurrak parkean jolasten dira eta beren adinekoekin egotera ohituta daude. Batzuetan gehiegi babesten ditugula pentsatzen dut. Eta han, aldiz, beste biziraupen mota bat dute, eta horrek hezi egiten ditu. Nire ikuspuntutik, balio positiboa da".

Lehenengo egunak kanpamendutik kanpo

Hamza Oriora ekarri zutenean, Saharako beste hiru haurrekin batera etorri zen. Inor ez zen, ordea, bere kanpamentu berekoa. Agirrezabalagak kotxean jaso eta zuzenean Oriora ekarri zuen, baina Aliren kontakizunarekin alderatuz, gaur egun etortzen diren haurrek baliabide gehiago dituzte beren familiekin harremana mantentzeko. "Etxera iritsi ginenean, eskatu zidan lehenengo gauza bere amarekin hitz egitea izan zen, eta hori da normalena. Paper bat eman zidan amaren zenbakiarekin. Behin baino gehiagotan saiatu ginen, baina ez zuen inork telefonoa hartzen, eta Hamza apur bat histeriko jartzen hasi zen". Saharar gaztetxoak aireportura eramateko eskatu zion harrera familiari, bere gurasoekin itzuli nahi zuelako. "Nik, ordea, ezetz esan nion, hemen egotea tokatzen zitzaiola. Azkenean, amarekin harremanetan jartzea lortu genuen. Behin familiarekin hitz egiten zuenean, lasaitu egin zen".

Euskal Herrira etortzen diren haurrek 9 urte soilik dituztela nabarmendu du Agirrezabalagak. "Kontuan izan behar da ez direla astebete pasatzera etortzen, bi hilabete baizik. Nik uste Hamza ez zela hortaz kontziente. Lehenengo egunak ez dira errazak izaten, nahiz eta beraiek jakin hoberako datozela".

Gizarteratzea ere beharrezkoa da beraien egunerokorako. Zarauztarraren kasuan, alabak kanpoan ikasten du, eta semea Hamza baino zaharragoa da. "Hamza igerilekura eramaten genuen igeri egiten ikas zezan, eta ez zuen inolako arazorik beste haurrekin harremantzeko". Aliren kasuan, asko eskertu zuen kanpamentuko neska gazte bat alboan izatea Kanarietan egon zenean, eta gaur egun, harremanetan jarraitzen dute".

Saharako gaztetxoei hemen "ohikotzat edo normalizatuta" dauden baliabideak jasotzea ahalbidetzen die udako oporraldiak, bestek beste, osasun azterketak egitea eta elikadura on bat bermatzea. Gainera, osasuna hobetzea ez ezik, haurrek beste hizkuntza bat ikasteko aukera ere izaten dute. Baina kanpoko haurrentzat ez ezik, hemengoentzat ere ikaskuntza bat izan daitekeela gehitu du Agirrezabalagak. "Hemen ditugun pribilegioez ohartzeko balio die gure seme-alabei, eta beste kultura batzuetatik ikastea ahalbidetzen du programa honek. Hemengo haurrei beraiek daukatenaz jabetzen laguntzen die, baita munduaren egoera ikusteko eta mundua hobetzeko zer gauza egin daitezkeen ohartzeko ere. Aktibismo arina da, baina gizabanako gisa gauzak aldatu nahi baditugu, etxetik hasi behar dugu".

Hamza iazko uda Orion igarotzen, Naiara Agirrezabalagaren alabarekin batera. (Utzitakoa)

Alik 28 urte igaro ditu La Palmako uhartea berriro bisitatu gabe, eta harrera familiarekin harremana galdu izanak triste sentiarazten du. "Kanpamentura itzuli ostean harremana izaten jarraitu nuen harrera familiarekin. Haiek ere nire kanpamentua bisitatu zuten, baina pixkanaka harremana galdu egin genuen. Gaur egun ezberdina da, harremanak mantentzeko baliabide gehiago ditugulako. Nire ahizpek, esaterako, beren harrera familiekin hitz egiten jarraitzen dute".

Gaur egun, teknologiari esker, distantzia luzeko harremanak sendotzeko aukera dago. Agirrezabalagaren kasuan, Whatsapp bidez komunikatu dira azken urtean zehar Hamzarekin eta bere familiarekin. "Hamza kanpamentura itzuli zenean, noizean behin argazkiak bidaltzen zizkigun bere familiak. Hara itzuli eta lehenengo asteetan elkarri deitzen genion, baina denborak aurrera egin ahala, gero eta gutxiago deitu gara. Hala eta guztiz ere, guk argi daukagu hango kanpamentuan familia bat dugula, haiek hemen bezala".

Sare bat sortu nahian

Oporrak Bakean egitasmoaren barruan, Tindufeko kanpamentuak bisitatzeko aukera ere badago herritarrentzat. Alik azaldu duenez, bizitza etxerik kanpo antolatzen hasten dira 18 urte betetzen dituztenean, "beste bizimodu bat topatzea" baita beraien helburua. "Haurrak Saharatik Oriora etortzen direnean, hemen komunitate handi bat daukagu haiek hartzeko, eta lehenengo egunetan hizkuntzarekin laguntzen diegu".

Urteak igaro ahala, gero eta haur gehiago hartu dituzte euskal familiek beren etxeetan, baina elkartearen helburua da aurten 300 haur ekartzea. Izan ere, 2022an 153 haur sahararrek igaro zuten uda Euskal Herrian; 2023an, berriz, 183 haurrek; eta iaz, 188k. Agirrezabalaga, adibidez, astero elkartzen zen Zarautzen, bertan hartutako beste bi neskatorekin, Hamzak bere hizkuntzan harremantzeko eta jolasteko aukera izan zezan. "Guretzat eta Hamzarentzat, hobe da gero eta haur gehiagori harrera egitea. Guztion artean sare bat sortzen dugu, eta beraiek lasaiago igarotzen dute udaldia, beren jatorri bera duten haurrekin harremanduz. Bestalde, une jakin batean konpromisoren bat baduzu, Saharautz eta Oporrak Bakean elkarteetako kideak laguntzeko prest daude momentuoro. Ez dugu ahaztu behar programa honi buruz hitz egiten dugunean, eragile talde bat dagoela atzetik. Horrek lasaitasuna ematen du".

Agirrezabalagak aldaketa klimatikoaren gaia ere gaineratu du, izan ere, azken urteetan gero eta eragin zuzenagoa izan du Saharako basamortuan. "Gainera, geroz eta laguntza gutxiago iristen da hara. Ez da zaila plater eta ohe bat gehiago eskaintzea. Gainera, esan beharra da haur autonomoak direla. Hamza 9 urterekin etorri zen, eta hasieran leku guztietara laguntzen nion, baina gero, dena bakarrik egiten hasi zen. Ez dizute lan gehiago ematen, arindu baizik".

Oporrak Bakean programan izena emateko epea martxoaren 15era arte egon da zabalik, eta Alik nahiz Agirrezabalagak herritarrak animatu dituzte programan parte hartzera. "Ez duzu Saharako errealitatea aldatuko, baina bai haur baten bizitzako hilabete batzuk hobetu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide