Dantzatzen duen herriaren katebegiak

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 5a, 09:03

(Arnaitz Rubio Aprea)

Aurten 30 urte sortu zuten Harribil dantza taldea Orion, 1995. urtean. Ordutik, dantzarien hainbat belaunaldi ezagutu ditu herriak. Soka luzearen sorrerako katebegikoak, tartekoak eta gaur egungoak elkartu ditu Aia-Orio Gukak ibilbideari errepasoa egiteko martxoko zenbakian: Miren Salsamendi, Ander Errasti, Iosu Lizarralde, Mireia eta Estela Atorrasagasti, Jon Alkain eta Irati Vivas.

Otsailak 23 ditu, igande arratsaldea da, eta Karela kiroldegia gurasoz, izeba-osabez eta aiton-amonez goraino bete da. Kantxan, Danbolin musika eta dantza eskolako dantzari txikiak dabiltza azken hilabeteetan ikasitakoa erakusten; pozarren batzuk, urduri beste batzuk, despistatuta ere bai bakarren bat, harmailetan dagoen jendetzarekin. Egin dute dantza LH2koek, LH3koek, LH4koek... eta horrela, mailaz maila. Halako batean, helduenen txanda iritsi da. Emanaldi zoragarria egin dute, eta hiriburutik iritsitako aiton-amona batzuk aho zabalik daude. "Zein dira hauek?", galdetu dute. "A zer maila, hegan egiten dute!". Harribilekoak direla erantzun die norbaitek, Orioko dantza taldekoak, alegia, eta Danbolineko ikasle helduenekin ari direla emanaldian parte hartzen. Harribilek aurten hiru hamarkada bete ditu, eta oholtzan ageri direnak taldeko azken katebegia dira.

Jon Alkain eta Irati Vivas dira gaur egungo taldeko akuiluetako bi. Haien aurreko belaunaldia Iosu Lizarraldek eta Mireia eta Estela Atorrasagasti ahizpek osatu zuten, besteak beste, eta horien aurrekoa, Ander Errastik eta. Horiek, berriz, Harribileko sortzaileengandik jaso zuten lekukoa, tartean Miren Salsamendi eta Eneko Dorronsororengandik. Azken horrek ezin izan du hitzordura agertu azken momentuko arazo batengatik, baina beste denak elkartu dira Kosta Tailerrean Harribilen igarotako urteez hitz egiteko pronto.

Haize freskoz beteta

Edozein elkarte edo mugimendutan bezala, urte gorabeheratsuak egon dira Harribil dantza taldean ere, baina 30. urtemugara sasoiko iritsi dira. Hala uste dute, behintzat, Jon Alkainek eta Irati Vivasek. Alkain 14 urterekin hasi zen Harribilen, orain 11 urte. "Estela, Mireia, Iosu, Iker Gozategi eta haiekin kointziditu nuen", gogoratu du. Vivas, berriz, 16 urterekin hasi zen taldean. "Ander Errastirekin DBH3. mailan amaitu nituen musika eskolan dantza eskolak, eta Harribilen hasi ala ez zalantzatan ibili nintzen, lotsa ematen zidalako". Baina eman zuen pausoa, eta ez da damutu.

Kopuruz, "azken urteetako onenean" iritsi da taldea urtemugara. Pare bat urtez justu-justuan ibili direla aitortu dute, zortzi-bederatzi dantzarirekin. "Garai batean, sanjoanetako emanaldi batean erraz elkartzen ginen hamasei pertsona, baina gero tiraka, mugan ibili gara", esan du Alkainek. Vivasek baieztatu du kideak esandakoa; orain urtebete taldeagatik galdetu izan baliote, "erantzuna oso desberdina" izango zela esan du. Alkainek aho bizarrik gabe erantsi du: "Esango genuen desagertu egingo zela". Baina iaz eta aurten "jende berria" sartu da, eta pozik daude, hamabi-hamahiruko taldea dagoelako orain. "Lotsa ematen omen zien hasteak, baina guk esan genien etortzeko entsegu batera, eta argiago ikusiko zutela". Gainera, bateren batek emanaldiren batean parte hartzerik ez badu "ez da ezer gertatzen, entseatzen jarraitu eta ikasiz joaten zarelako", gaineratu dute. "Haize freskoa izan da guretzat", aitortu du Vivasek; "indartuta gaude gauzak aurrera eramateko".

30 urtean gizartea majo aldatu da, baita dantzaren mundua ere. Harribileko belaunaldi berriak nola ikusten du taldearen bilakaera? Alkainek erantzun du aurrena: "Ni hasi nintzenean, behintzat, dantza tradizionalak egiten genituen asko. Koreografiak ere bai, baina pauso nahiko finkoak zituzten, musika berriekin eraldatuta egon arren. Iruditzen zait orain gehiago nahasten dugula". Vivasek zehaztu du nahasketa horretan sartzen direla bai dantza, bai arropa. Alkainek ere hala esan du: "Azken Herribil ikuskizunetan, esaterako, aurreneko parte bat oso tradizionala egin genuen, eta arropa ere tradizionala jantzi genuen, baina gero aldatu egin genuen, genero ikuspegiarekin eta abar". Vivesek esan du dantzak erakutsi nahi duen hori mantentzen saiatzen direla: "Dantza tradizionala baldin bada, hori errespetatzen dugu, baina guk asmatzen ditugun koreografietan, beste estilo eta arropa batzuk txertatzen ditugu".

Irati Vivas eta Jon Alkain. (Arnaitz Rubio Aprea)

Vivasek eta Alkainek ez lukete esango gaur egungo Harribilek dantza tradizionala eta garaikidea egiten dituenik, "ez behintzat garaikide-garaikidea", baina badu horretatik puntu bat ere. "Sanjoanetan, esaterako, dantza garaikide pixka bat ere egiten dugu; mundu mistiko horretan sartzeko, bada, bestelako pauso batzuk behar direlako. Baina, normalean, emanaldi bat egiten dugunean, esaterako, Hegaldia emanaldian, pauso guztiak nahastuta daude: arin-arin batekin hasten gara, baina gero, aurreneko pausoarekin beharrean laugarrenarekin segitzen dugu, eta gero bigarrenarekin, eta gero nahasten dugu gipuzkoano dantza batekin…", azaldu du Alkainek. Estilo nahasketa horiek harrera ona izan dutela uste dute dantzari gazteek. "Guk, oraingoz, erantzun oso positiboa eduki dugu. Are gehiago: esaten digute, 'uau', kaña handia daukagula, erritmo handia sartzen dugula gure emanaldietan". Vivasek argi du gaur egun ikusleak ohituta daudela halako nahasketak ikustera: "Talde asko daude estilo desberdin bat erakusten dutenak, ez bakarrik euskal dantzan, baita beste estiloetan ere, eta beraz, ikusleak ohituago daude. Orain 30 urte ziur aski gehiago kritikatuko zen dantza tradizionala hain ondo ez errespetatzea", iritzi dio. Alkainek gaineratu du herritarrek dantza berriak ikusi nahi dituztela, eta hori baloratu egiten dutela.

Oriotarren artean zabaldu nahiko luketen mezuaz galdetzean, argi dute erantzuna, eta aho batez esan dute: "Dantza gustatzen zaiona edo dantzan jarraitu nahi duena gerturatu dadila Harribilera". Beraiek ari dira eskua luzatzen dantzari gazteei, otsailaren 23koa bezalako emanaldietan parte hartuz. Alderantzizko norabidea ere egin izan dute: azken Herribil emanaldian, esaterako, beraiekin dantza egitera gonbidatu zituzten musika eskolako ikasle helduenak.

Sorreratik sustraiak sendo

Soka luze baten azken katebegia dira Alkain eta Vivas. Bestaldeko muturrean daude Harribil sortu zutenak, esaterako, Miren Salsamendi, eta baita proiektuarekin jarraitu zutenak ere, tartean, Ander Errasti.

Miren Salsamendi eta Ander Errasti. (Arnaitz Rubio Aprea)

Salsamendi dantza taldearen sorreran ibili zen lanean Marijo ahizparekin, Eneko Dorronsororekin eta beste batzuekin batera. Aurrez, herrian Gorzintzi dantza taldea bazela azaldu du. "Txikiak ginenean Gorzintzi izeneko dantza taldea zegoen. Benito Britek zuzentzen zuen. Dantzan harekin ikasitakoak dira asko, eta gu ere talde horretan ibilitakoak gara umetan, 15 urtera arte edo", gogoratu du. Salsamendik uste du 1987an desegin zela talde hura, eta handik urte gutxira jarri zuten Harribil taldearen lehen harria. "1992 urte ingurua izango zen. Aurreneko Euskaraz Gazte egitasmoa antolatu zuten, eta udalak eskatu zigun ea harako elkartuko al ginen dantzari ohi batzuk. Hala, hondartzan emanaldi bat egin genuen", kontatu du.

Beste emanaldiren bat egin zuten Orio senidetuta zegoen Frantziako herri batean, eta ondoren, "Itziar Olariaga zinegotziak animatu gintuen talde berri bat sortzera, eta halaxe hasi ginen dantzari ohiak. Deialdi bat egin genien bai Gorzintzin ibilitako dantzariei, bai dantzari berriei". Salsamendik gogoan du "mordoxka" elkartu zirela, baita Harribil izena Marian Atorrasagastik proposatu zuela ere. "1995. urtean egin genituen estatutuak Harribil izenarekin, eta 1996an aurreneko emanaldia eskaini genuen", esan du.

Garai hartako dantzatzeko moduaz ere aritu da. "Militarrena bezalakoa" zela esan du, zurruna oso. "Gorzintzin, lau eta lau dantzari jartzen ginen, zuzen eta geldi, dantzatu dantza bat, eta oholtzatik ateratzen ginen. Harribilen, berriz, hasi ginen beste modu batera lantzen dantza". Salsamendik azaldu du Eneko Dorronsoro taldekidea Donostiako dantza eskolara joaten zela, eta han Josetxo Fuentes, Edu Muruamendiaraz eta Eli Alberdi zebiltzala. "Laupabost hasi ginen Donostiara joaten, eta haiekin ikasi genuen formatu berria, hau da, koreografiak dantzatzea, baita oholtzara nola sartu, nola atera eta halakoak ere". Harreman estua sortuko zen Eli Alberdirekin eta. Izan ere, Alberdi izango zen Danbolin musika eta dantza eskolako lehenengo dantza irakaslea, eta haren bitartez ibiliko ziren gero hainbat oriotar Aukeran dantza taldean.

30 urte hauetan Harribilen ibili diren dantzarietako batzuk, Kosta Tailerrean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Harribilen hasierako urte haietan emanaldi dezente egin zituztela azaldu du dantzari ohiak, baina ez hori bakarrik. Herriarentzako lorpen handi bat ere zor zaie lehen partaide haiei: "Dantzarien harrobia sortu nahi genuen herrian, Harribilera jada prestatuta iritsi zitezen gaztetxoak, eta horretarako erreminta bat egotea behar genuen. Eta hori lortu genuen udalean borrokatuta Danbolin musika eskolaren eskaintzan dantza egon zedin beste edozein instrumentu bezala, bere matrikulazioarekin eta bere irakasleekin". Aipatu bezala, Eli Alberdi izan zen aurreneko dantza irakaslea Danbolin musika eskolan. "Geuk harekin ikasi genuen [Donostiako] eskolan, eta hura ekarri genuen", kontatu du.

Danbolinen hasi zuen dantzaren bidea, hain zuzen, gaur egun hango dantza irakasle Ander Errastik. "Danbolin musika eskolan nenbilen dantzan Harribileko kideek gonbidatu gintuztenean ni eta nire ikaskideak Harribilen saio batzuetara, beraiekin hasteko", azaldu du. Handik gutxira gertatu zena ere "oso gogoan" duela esan du, umoretsu: "Mirenekin-eta entsegu batzuk egin genituen, eta hala esan zeniguten: begira, guk jada uzteko asmoa dugu, eta beraz, nahi baduzue jarraitu, jarraitu. Bestela, herriko taldea desegin egingo zela bezala esan zeniguten". Errastik eta bere kideek elkarri begiratu zioten, eta aurrera jarraitzea erabaki zuten. "Oso gazteak ginen gu, nik 18 urte edo izango nituen, eta nire ingurukoak bi urte gazteagoak ziren". Bai Errastik, bai Salsamendik, esan dute Alberdi eta bere kideen eskutik sortu zela Orion, Harribilen, dantzarekiko beste ikuspuntu bat. "Ordura arte oso tradizionala zen, lehen Mirenek aipatu bezala", esan du Errastik.

Dantza egiteko modua berritzeaz gain, arropetan ere jarri zuten begirada. "Talde berria sortzeaz gain, arropak geronek egin genituen Arin&Enbilen telak hartuta, eta herri mailan ere lan handia egin genuen, lehen baserritarren arropak denak berdinak zirelako, beltz motadunak. Gorzintzin, berriz, pospolinenak eduki zituzten", oroitu du Salsamendik. Esan du Kultur Etxean erakusketa ere jarri zutela, baita hitzaldia eman ere arropak nola egin azaltzeko. "Herrian txertatu da hori", iritzi dio. Errastik esan dio baietz, "lan handia" egin zutela. "Lurralde desberdinetako trajeak egin zenituzten".

Mireia eta Estela Atorrasagasti ahizpak, eta Iosu Lizarralde. (Arnaitz Rubio Aprea)

Harribileko sortzaileek estilo aldaketa bat ekarri baldin bazuten herrira, hurrengo belaunaldiak bide horretan sakondu zuen, Errastiren arabera: "Taldearen lekukoa hartu genuenean oso gazteak ginen, eta esan genuen: 'Goazen guk nahi duguna egitera'. Eta horixe egin genuen". Ikasitakoari, koreografiak eransten hasi ziren, sortzen. "2002an sartu baginen Harribilen, 2003an egin genuen buruan sartu zitzaigun proiektu bat, ikuskizun bat, eta hor txertatu genituen dantza tradizionalak, baina puskatu ere egin genituen pixka bat", azpimarratu du.

Errasti hainbat urtez ibili zen Harribilen eta Aukeran dantza konpainian, baina azkenerako biak ezin uztartu, eta herriko taldea utzi egin behar izan zuen. Aukerani buruz ere aritu dira solasean Salsamendi eta biak. Salsamendik esan du dantza konpainia horren sorreran partaide izan zirela Eneko Dorronsoro eta bere ahizpa Marijo 1997an, eta taldea sortu zutela koreografia lehiaketa bat antolatu zelako. "Taldearen aurreneko emanaldian aritu ziren: West side story egin zuten, izugarri polita, eta beraiek, bestelako arropekin jantzita", gogoratu da. Errastik segitu du: "Akordatzen nola entsegu batean Elik [Alberdi] min hartu zuen eta Maitane Mujikak ordezkatu zuen emanaldi batean? Orduan sartu zen Aukeran taldean Maitane..."

Mutil falta nabaria

Oroitzapenak bata bestearen atzetik datozkie Harribil taldeko dantzari ohiei. Baina gaur egun dantza munduan dagoen gabeziez ere aritu dira hizketan. Mutilen falta nabaritzen du, nabarmen, Errastik. "Ni sartu nintzenean ere gabezia hori bazegoen, baina neu oso gustura nenbilenez, ez zitzaidan inporta" hasi da kontatzen. "Gaur egun, txikietan, mutil gehiago ikusten dira, Musika eta Mugimendua deitzen zaion alorrean, 7 urtera artekoetan, neska-mutilak arazo gabe etortzen dira. Baina gero, adin kritikoa dago 8 urteren bueltan, komentarioak entzuten hasten dira, edo gizarteak nahi gabe ere bultzatzen dituen joera batzuk ikusten hasten dira", azaldu du. Ildo beretik, Salsamendik konparaketa egin du lehengo garaiekin. "Orain Harribilen emanaldietan, zenbat mutil ikusten dira? Bat, Jon [Alkain]. Aldiz, gu genbiltzanean, askoz gehiago ziren".

Salsamendik uste du eredu faltak eragina izan dezakeela: "Agian astakeria izango da, baina nik gauza batekin lotzen dut. Izan ere, gu dantzan hasi ginenean herrian, jendea oso gustura zegoen berriz ere dantza talde bat zegoelako, herrian beti egon delako dantzarako tradizioa, eta neskak eta mutilak oso parekatuta genbiltzan. Hortaz, umeek ere nahi zuten; helduak ikusten zituzten eredutzat. Musika eskolan egiten zuten ikasi, ikasi, ikasi, gero Harribilera pasatzeko, eta han gizonezkoak zeuden. Orain, umeek ez dute mutilik eredutzat".

Mireia eta Estela Atorrasagasti ahizpek eta Iosu Lizarraldek ere badakite zerbait herriko dantza taldeaz eta han akuilu lanak egiteaz, Harribilen urteak egin baitzituzten, gaur egungo belaunaldiaren aurretik. Lizarraldek gogoan du 2005. urtearen inguruan hasi zela Harribilen, eta ordurako Atorrasagasti ahizpa nagusia, Mireia, bazebilela taldean. Beraiek hasi zirenean, Ekiñe Saizar, Ander Errasti eta beste batzuk zeudela gogoratu dute. Lizarraldek gaineratu du bera hasi zen urtean deialdi irekia egin zuela taldeak dantzari berriak erakartzeko, eta "adin desberdinetako jende asko" elkartu zela gogoratu du. "Jende pila bat ginen".

Horiek ere urtero ekitaldi finkoak egin izan dituzte: Gabonetan Herribil eta sanjoanetako kalejira, esaterako. Tartean, noski, txupinazoetan, omenaldietan, Bisiguaren Festan nahiz Balearen Egunean ere dantzatzen zuten. Garai batean, "ezkontzetan asko", gogoratu du Atorrasagasti ahizpa nagusiak. 2012an, esaterako, Argilun dantza ikuskizuna ere aurkeztu zuten, eta Donostiako Aste Nagusian dantzatu zuten Konstituzio Plazan, "jende pila baten aurrean". Hura "sekulakoa izan zen", hirurek azpimarratu dutenez. "Gure top-a izan zen hura", esan dute, barrez. Emanaldia prestatzen urte osoa igaro zutela oroitu dute, eta arropak eta propio prestatu zituztela. "Zein dantzari zer postutan jarri, zeinek zer dantza egingo zuen, zer musikarekin… hutsetik hasten zarenean, den-dena erabaki behar izaten da", kontatu du ahizpa nagusiak.

Dirua lortzeko kamistetak-eta atera zituzten. Izan ere, "dantza egitea zen gutxienekoa ia-ia". Atorrasagastik gaineratu du urtero izaten zela ia gutxienekoa dantza egitearen hori, "dirulaguntzak eta bestelakoak eskatzeko bete behar ziren paper guztiengatik, baita koreografiak sortu eta musika jarri behar" zelako ere.

Lizarraldek esan du ardurak hartzean ohartu zirela gauza horietaz. Hori bai, gustuko lana zuten, jendea ezagutzeko balio zien, helduagoekin nahiz gazteagoekin elkartzen zirelako taldean, eta denbora libreko ordu asko pasatu arren dena prestatzen, afaritan ere asko elkartzen zirela gogoratu dute.

Jendearen aurrean egin beharreko emanaldi guztiek sortzen dizkiete kezkak arduradunei, baina ardura horrek bere alde ona baduela ere zalantzarik ez du egiten Lizarraldek: "Ardura da eta esfortzu asko eskatzen du. Horrek, ordea, gerora, norberaren lanerako balio duela uste dut. Hamar urtetik gora egin nituen Harribilen, eta hasieran ez, baina gero ardurak hartzen hasi ginen, konpromisoa hartzen, taldelanean aritzen, eta balio pila bat ikasi ditugu. Hori bizitzarako oso garrantzitsua iruditzen zait". Berarekin ados daude taldekideak.

Urteak pasatu ahala, erreleboa emateko garaia iritsi zitzaien, eta hori "modu naturalean" gertatu zela uste dute. Lizarraldek gogoan du Harribilen zebiltzanetako asko Txurrumuski aisialdi taldean ere bazebiltzala, eta momentu bat iritsi zela ezin zutena guztiarekin. "Penarekin utzi arren, ikusten duzu ondorengoek jarraitzen dutela, eta emanaldi bat ikusten ari zarenean, ondo dakizu horraino iritsi aurretik zer lan egin duten", esan du. Atorrasagasti ahizpa gaztea ildo beretik mintzatu da: "Dantza emanaldiaren eguna bera oso polita izaten da, baina horren atzetik badakizu zer dagoen". Ahizpa nagusiak jarraitu du: "Inbidia pasatzen duzu, zeu ere altxa eta dantzan hasiko zinakeelako, baina atzetik dauden ordu pilek, momentu batean, ez dakizu konpentsatzen dizuten. Ni ia ama izan arte ibili naiz Harribilen, baina laneko ordutegiekin-eta ondo moldatzea ez da erraza". Harribilek etorkizuna duela eta taldea esku onetan dagoela uste dute hirurek, eta horrekin gelditzen dira: "Ikusten baduzu badatozela belaunaldi berriak eta jarraitzeko prest daudela, lasaiago uzten duzu", adierazi dute. Zentzu horretan, Lizarralde gustura da: "Oraingoek gauza pila bat egin dituzte". Horretan ere, ados dira denak. Atorrasagasti ahizpa nagusiak jarri dio amaierako puntua elkarrizketari: "Oso bizirik dago Harribil, eta horrek poza ematen du".

Bizi-bizi dago Harribil, eta urteurrena ospatzeko gogoz dira taldekideak. Hala, apirilaren 5erako [gaur] egun osoko festa antolatzen ari dira, eta herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte bertan parte hartzera, "Harribilek herri osoaren babesa jaso izan duelako eta herriagatik bete dituelako hiru hamarkada hauek".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide