Saretzen

Autoa partekatzeko ahaleginak ez du arrakastarik izan Zestoan

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 27a, 09:04

Zestoako Udalaren eta Hyundai kontzesionarioaren ordezkariak, egitasmoa aurkeztu zuten egunean. (Zestoako Udala)

Hyundairekin egindako hitzarmen bati esker, udalak jarritako auto elektriko bat erabil dezakete zestoarrek iazko ekainetik, baina erabiltzaile gutxi ditu ibilgailuak.

Maiatzaren erdialdera beteko da urtebete Zestoako bizilagunek udalak jarritako auto elektriko bat erabilgarri dutenetik. Herriko auto partikularren gehiegizko kopuruarekin kezkatuta, proba egin nahi zuen udalak jakiteko zer erabilera izango lukeen herri guztiarentzat eskuragarri jarritako auto horrek. Bada, erabiltzaile gutxi batzuk besterik ez ditu, eta proiektua bertan behera uztea aztertzen ari da udala.

5.000 biztanletik beherako udalerriei zuzendutako Hyundai Vive izeneko programa jarri zuen martxan Hyundai kontzesionarioak, herri txikietan autoa partekatzeko kultura sustatzeko helburuarekin. Egitasmoan parte hartzeko eskaera egin zuen Zestoako Udalak. "Urtebeteko proba da. Hitzarmen bat sinatu genuen beraiekin; horren arabera, udalak argindarra ordainduko zuen, eta beraiek bitarteko guztiak jarriko zituzten. Urtebete igarota, erabaki egin behar dugu epe luzeago baterako ibilgailu hori mantenduko dugun ala ez", azaldu du Mikel Arregi alkateak.

2024ko ekainaz geroztik martxan da Zestoa geuk egina izena hartu duen proiektua. "Gaur egun ibilgailu pribatuarekiko daukagun menpekotasuna kontuan hartuta, proba egin nahi genuen, eta ikuspegi sozial eta komunitariotik mugikortasuna optimizatu", adierazi du Arregik. Gaineratu du jakitun dela herrian auto partekatu bat jartzeak ez duela klima larrialdiaren arazoa konponduko, baina proiektu horrekin "norabide berritzaile bat" proposatu nahi zuela udalak.

Hasiera hartan, 30 erabiltzaile inguruk izena eman zuten Hyundai etxeko adimendun ibilgailua erabiltzeko aplikazioan. Lanegunetan, 12:00ak arte udal langileek erabiltzen dute autoa; gainerako orduetan, herritarrek eskuragarri dute, baita asteburuetan ere, 08:00etatik 00:00etara. Hala, ordubete erabiltzearen truk bost euro ordaindu behar izaten dituzte, edo egun oso baten truke 30 euro. Zestoako auto elektrikoak izan ditu erabiltzaile fidel batzuk, baina, oro har, autoaren erabilera "oso urria" izan da, alkateak onartu duenez: "Hainbat arrazoigatik, espektatibak ez dira bete". Arregik jakitera eman duenez, proiektu berdina dute martxan Usurbilen (Gipuzkoa) ere, eta antzeko emaitza izaten ari dira han.

Kontzientziatzeko unea

Arregiren arabera, 1975ean 400 ibilgailu pribatu zeuden Zestoan, eta 3.000 dira egun, ia biztanleak adina. Gainera, ibilgailu horiek geldirik egoten dira denboraren %95ean.

Hortaz, Zestoa geuk egina egitasmoak kale egin izanaren arrazoia ez da halako proiektuen beharrik ez egotea, eta kontzientzia piztu behar dela defendatu du Arregik: "Erosotasuna jartzen badugu larrialdi klimatikoari aurre egiteko hartu beharreko neurrien gainetik, amildegira iritsiko gara. Honek ez du funtzionatu, baina gure mugikortasunaren inguruan aldaketak egin beharko ditugu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide