Elkar mugituz egingo dugu lelopean abiatuko da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta aurreko urteetan bezala, aurten ere dinamizatzaileak izango dituzte kostako bost herriek. Atzo goizean egin zuten aurtengo lantaldearen aurkezpena Orioko Mutiozabal Txoren ontziolan, eta bertan izan ziren Haizea Solagurenbeaskoa Taupako kidea, Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako dinamizatzaileak, hala nola Joxe Mari Unanue, Maddi Etxabe eta Uxue Alkorta.
"Euskaraldiaren asmoa da euskararen erabileran eraldaketa bultzatzea, baita hizkuntzaren erabilera areagotzea ere. Horretarako, hizkuntza portaerak aldatzea du helburu ariketa sozialak. Euskaraldiak marko bat eskaintzen digu, euskal hiztunak garenok zein ulertzen dutenek ariketa hori erdigunean jarri eta hizkuntza aldaketa egin dezagun. Uste dugu, egungo testuinguruan, beharrezkoa dela hori, ulertzen dugulako, norbanako bakoitzak egin dezakeen hizkuntza aldaketak, hautu indibiduala izan arren, modu kolektiboan eragiten duela", azaldu du Solagurenbeaskoak.
Ezinbesteko erreminta
"Elkarrenganako eragina duen ariketa" bezala definitu du Euskaraldia Taupako kideak. "Txapa jartzeak ez du soilik adierazten nirekin euskaraz egin dezakezula, baizik eta prestutasun edo nahi hori daukadala, eta horrek jada eragina du aurreko kidearengan eta jendartean. Nitasunetik gutasunera, giro bat eraiki nahi dugu euskararen erabileran salto bat eman dezagun, eta batez ere, Euskaraldia gaindituko duen hizkuntza aldaketa egon dadin".
Arozena UKUEko lehendakaria, Euskaraldiak eskualdean ez ezik, Euskal Herri osoan izan dezakeen eraginaz aritu da. "Euskara euskal herritarrok batzen gaituen zerbait da. Gure eskualdea oso euskalduna den arren, azken urteetan egin diren euskara planek agerian utzi dute hizkuntzaren benetako egoera: gero eta gehiago gara euskara dakigunak, baina erabilera jaisten ari da". Egoera horren aurrean, udal elkartetik euskara sustatzeko hainbat ekintza egin nahi izan dituzte, besteak beste, enpresetarako euskara formakuntzak sortu, eta Euskaraldia horren parte izatea nahi dute.
Eskualdea "oso turistikoa" dela ere aipatu du Arozenak, eta ostalari asko ez direla euskaldunak. "Langile horiei formazioa ematen zaie, errazago gizartera daitezen", dio. Gainera, udal elkarteak, UEMArekin elkarlanean, hiztegi txikiak sortu ditu sei hizkuntzatan, kanpotarrek euskarazko hitzak ikas ditzaten.
Eskualdea dinamizatzen
Guztira, hiru dinamizatzaile arduratuko dira kostako herrietako ekintzak antolatzeaz. Oriori eta Aiari dagokienez, Joxe Mari Unanue aritu da azken asteetan batzordeak kudeatzen. "Orion aurten ere Euskaraldia antolatzeko batzordea osatu dugu bileretara etorri diren herritarrekin eta entitateen ordezkariekin, eta antolatu nahi ditugun ekintzez gain, Orion Euskaraldiaren enbaxadore izango direnekin hamalauko bat osatzen ari gara berriz ere".
Aiari dagokionez, Ariguneko batzordean bertan ari dira Euskaraldia antolatzen, "polita eta eraginkorra" izan dadin. Bi herrietan, ahobizi eta belarriprest rolekin ohiko ariketa egiteaz gain, Euskaraldia Hikan ere izena eman dezakete herritarrek. "Modu horretan, txapa jartzen dutenek, besteei hika hitz egitea eskatzen diete, hala nahi badute". Helburu bezala finkatu dute hikari, eta bereziki nokari, bere lekua ematea. "Egia da hikak presentzia duela eskualdean, baina noka galtzen ari dela ikusi dugu. Beraz, hartu-emanak sortzea bultzatuko dugu".
Zarautzen Uxue Alkorta ari da dinamizazio lanetan. Zortzi pertsonak osatzen dute Zarauzko batzordea, eta dagoeneko hamarnaka entitate aktibista izatera heldu direla azaldu du zarauztarrak. "Ekintzak aurrera eramateko sare handia dugu", adierazi du. Sare horren bidez landuko dituzte gune ibiltaria, Zarautzen hika lantzeko proposamenak eta hamaikakoaren aurkezpena, besteak beste. Bestalde, Zarauzko aisialdi taldeekin elkarlanean, talde bat eratu nahi dute gazteen ikuspuntua kontuan izateko. "Garrantzitsua iruditu zaigu kontaketa ezberdinei zabalpena ematea, herritarrek ikus dezaten errealitate bat baino gehiago existitzen direla euskal gizartean".
Era berean, Eskatu eta zerbitzatu kafea euskaraz dinamika jarriko dute martxan Zarauzko ostalariekin batera, bezeroek lehenengo hitza euskaraz esan dezaten.
Amaitzeko, Zumaiako eta Getariako dinamizatzailea Maddi Etxabe arrasatearra (Gipuzkoa) izango da. Zumaian hamaikakoa osatzen dabiltzala jakinarazi du hark. "Nokari indarra eman nahi diogu, eta, horretarako, solasaldi edo formakuntzak egiteko proposamena jaso dugu". Bestalde, batzordean gazteen ahotsaren falta sumatu dute, eta egoera horren aurrean, horiei ere hitza emateko espazioa sortu nahi dute.
Getarian, berriz, herritar "dezente" elkartu dira hasieratik, eta talde "anitza eta indartsua" osatzea lortu dute. "Gogoz hartu dute aurtengo erronka. Hikaldian izena emanda, ekintza polit bat pentsatzen ari gara horri lotuta, eta entitateekin ere hasi gara harremanetan jartzen". Oro har, dinamizatzaileen helburua Euskaraldira ahalik eta jende gehien batzea da. "Euskaraz bizi diren horientzat, hitanoa erabiltzea da erronka, eta euskara ulertu baina gaztelerazko joera dutenentzat, aldiz, poliki-poliki lehenengo hitzak euskaraz egitea".
Hori horrela, norbanakoen izen ematea martxoaren 15ean, larunbatarekin, zabalduko dute. Eskualdeko kostako herritarrek, Euskaraldian ez ezik, Euskaraldia Hikan ere parte hartu ahal izango dute. Bestalde, entitateek ere oraindik izena eman dezaketela jakinarazi dute.