Marco Villen: "Albaitariok atzera egitera derrigortu gaituzte"

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 11a, 09:00

Marco Villen, Katu Horia klinikaren aurrean mantala eta fonendoskopioa erantzita, protestako keinu modura.

Urtarrilaren 2tik indarrean den legedi batek ezinegona sortu du albaitarien artean. Marco Villen Orioko Katu Horia klinikako arduradunak salatu du sektoreko profesionalen "judizio klinikoa" gutxiesten duela neurri berriak.

Albaitaritza kliniketan lan egiten duten profesionalak kezkatuta daude. Beren esanetan, lege berri batek –666/2023 errege dekretuak– pazienteei antibiotikoak emateko zailtasunak areagotu dizkie, hainbeste, ezen neurriok kliniketan artatzen dituzten animalien osasuna arriskuan jar dezakeela baieztatzen baitute.

Europako zuzentarau batek hauspotuta iritsi da 666/2023 errege dekretua Espainiako Estatura, eta urtarrilaren 2tik dago martxan. Mundu mailako arazo bati aurre egiteko xedez sortu dute, berez, legedia hori: animaliek, gizakiek bezala, antibiotikoen kontra garatu duten erresistentzia saihestea. Alta, albaitari askoren iritziz, dekretuak jasotzen dituen neurriak ez dira helburu hori lortzeko modurik onena; are, sektoreko profesionalei eta pazienteei kalte nabarmenak eragingo dizkiela diote.

Horixe bera iritzi dio Marco Villen Orioko Katu Horia klinikako albaitariak: "Etengabeko formakuntzan dagoen sektorea gara; unean uneko tratamendu onenetara egokitzen gara. Orain, berriz, atzera egitera derrigortu gaituzte, zera esanez: 'Duela hamabost urte egiten zenuten bezala artatuko dituzue zuen pazienteak'".

Villenek salatu duenez, dekretuak albaitaritza kliniketan aritzen diren profesionalen "judizio klinikoa" deuseztatzen du; izan ere, antibiotikoetako batzuk soilik erabilera orriak agintzen duen kasuetan erabil ditzakete. Horrek, profesionalen irizpidea gutxiesten du Orioko albaitariaren iritziz. Arazoa, baina, larriagoa da, haren esanetan: "Kontua da erabilera orri horiek zaharkituta daudela; bost, hamar edo hogei urte dituzte. Ez daude gaur egun infekzioak tratatzeko albaitariok aplikatzen ditugun ebidentzia zientifikoetara egokituta". Ez daude gaurkotuta, Villenek agertu duenez, farmazia industriak ez duelako horretan dirua gastatu nahi.

Katu Horia klinikako arduradunak adierazi du albaitariek arduraz eman dituztela antibiotikoak, haiek ere kezkatuta baitaude animaliek antibiotikoekiko garatu duten erresistentziarekin. Hala ere, abendura arte erabiltzen zituzten antibiotikoen "zati handi bat" orain ezin dute eman, hark ohartarazi duenez.

Lau familia orokorretan banatzen dira antibiotikoak. Laugarren mailakoak ematea debekatuta dute albaitariek lehendik ere, animalientzako aldaerarik ez dutelako. Gainontzekoak, normaltasunez ematen zituzten orain arte, baina urtarrilaz geroztik, hirugarren taldeko antibiotikoak eman baino lehen kultibo bat eta antibiograma bat egin behar dizkiete pazienteei derrigorrez –lehendik ere egiten zituzten, baina soilik albaitariak beharrezko jotzen zuen kasuetan–. Kontua da horrek denbora eskatzen duela, kanpoko laborategi batek aztertu ohi baititu laginak. Eta, gainera, txakur edo katu jabeentzat garestiagoa izango da tratamenduen kostua.

"Antibiotikoen erabilera orri horiek zaharkituta daude; bost, hamar edo hogei urte dituzte. "

Bestalde, Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioaren dekretuak albaitariek egin behar duten lan burokratikoa areagotu egin du. Izan ere, Marco Villenek esan duenez, errezetatzen edo ematen duen antibiotiko bakoitza erregistratu egin behar du Presvet izeneko sistema informatikoan. Ganaduarekin lan egiten duten albaitariek 2019tik egiten dute lan sistema horrekin, baina berria da etxeko animaliekin aritzen diren profesionalentzat. Hala, medikamentuak era egokian erregistratu ezean, "neurri gabeko isunak" jasotzeko arriskua dute albaitariek, Villenen hitzetan.

Aurrerantzean, farmaziara

Errege dekretuaren xedapenetako batek albaitaritza kliniketan sendagai batzuk zuzenean saltzea debekatzen du. Ondorioz, albaitariek errezeta eman behar diete animalien jabeei, eta horiek ohiko farmazietan jaso beharko dituzte botikak. "Gertatzen dena da farmaziak ez daudela oraindik horretarako prestatuta; ez dituzte botika horiek, eskatu egin behar dituzte", esan du Marco Villenek. Kultiboak eta antibiogramak derrigor egin behar izateak eta antibiotikoak farmazietan eskatu behar izateak, animalia batek urgentziaz behar duen tratamendua atzeratu egin dezakeela eta, beraz, haien osasuna arriskuan jar dezakeela oharatarazi du albaitariak.

Horrez gain, Villenen aburuz, antibiotikoak farmazietan ematea agintzen duen neurria errege dekretuak zehazten duen helburuaren kontrako norabidean doa: "Txakur batek zazpi eguneko antibiotikoa behar baldin badu, zazpi konprimatu ematen dizkiot jabeari. Farmazietan, baina, ez dute botika kaxak irekitzeko baimenik. Beraz, zazpi pilula behar baldin badituzte ere, kaxa osoa hartzera behartuta egongo da jendea. Zer gertatuko da soberan dauden konprimatuekin? Bada, pertsona batzuek erabili egingo dituztela albaitariak hala agindu gabe. Erresistentziei aurre egiteko modurik okerrena da ezarri dutena", azaldu du Katu Horiakoak.

Albaitariak protestan

Joan zen astean, Espainaiko Estatu osoko hainbat albaitarik protesta egin zuten Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Madrilen duen egoitzaren aurrean. Villenek ezin izan zuen joan, baina bat egiten du bertan egin zituzten eskaerekin eta haizatu zituzten kexekin. "Estatu osoko albaitariak bat egiten dugun lehen aldia da", nabarmendu du.

Marco Villenek argi du albaitarien protestak beharrezkoak direla momentu honetan, eta albaitaritzako profesionalekin indarrak batzeko deia egin die herritarrei ere, etxean animaliak dituztenei bereziki.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide