Martxoaren 1etik aurrera zabalduko dute aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. Udaleku horiek hiru etxetan antolatzen dituzte, hala nola Bernedon (Araba), Abaigarren (Nafarroa) eta Goñin (Nafarroa). Euskal Herri osoko 7 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago egitasmoa, eta bertan udaldia "euskaraz bizitzeko eta harremantzeko" aukera eskaintzen diete. Parte hartzaileek hiru etxeetatik bat aukera dezakete bertan bi aste igarotzeko, beren adinaren eta prestutasunaren arabera. Ekainaren 30ean hasi eta abuztuaren 23ra arte iraungo du programak, eta gazte bakoitzak txanda bat aukera dezake.
Aurtengo udalekuak, gainera, bereziak izango dira; izan ere, Bernedoko eta Abaigarko udalekuen 50. urteurrena ospatuko dute. 1960ko hamarkadan hasi zen Euskal Udalekuen proiektua. Hasiera batean, gazteek udaldia beste etxe batzuetan igarotzen zuten, baina orain dela 50 urte Bernedon eta Abaigarren finkatu ziren. Bi herri horietan ez ezik, Goñin ere udalekuak antolatzen hasi ziren duela 45 urte. Geroztik, egitasmoa hiru etxe horietan egonkortu da.
Bi aste irauten duten udalekuen atzetik, ordea, urte osoko antolakuntza prozesua dago. Aner Peritz zarauztarrak lau urte daramatza udalekuetako hezitzaileen taldean. "Bernedoko hezitzaile taldean hasi nintzen lanean begirale bezala. Egitasmo erabat autogestionatua da, boluntarioz osatuta. Antolakuntzari dagokionez, ez da soilik udako hilabeteetara mugatzen, izan ere, urte osoan zehar gaude martxan eta urte osoko proiektu bat da Euskal Udalekuena. Udan gauzatzen da eta begiraleen txandak udan diren arren, antolakuntzak urte osoko lana ekartzen du", azaldu du Peritzek.
Hiru oinarri nagusi
Prestaketa lanei dagokienez, hezitzaileen formakuntzarako hainbat saio egiten dituzte, eta udalekuei begira, programazioa urte hasieratik hasten dira pentsatzen: "Bilera horietan erabakitzen dugu aurten zer berrikuntza egin nahi ditugun edo aurreko urteetatik zerk funtzionatu duen, zer mantendu eta zer aldatu nahiko genukeen. Horrez gain, begiraleen eta sukaldarien errekrutamendua ere martxan jartzen dugu". Peritzek aditzera eman du "proiektu handia" den arren, ez dagoela dirurik atzetik eta jende asko behar dutela aurrera eramateko. "Inor gogoz balego parte hartzeko, guk animatu egiten dugu gurekin bat egitera", gehitu du zarauztarrak.
Ikasturtearen dinamikaren arabera, hainbat lantaldetan banatzen dira begiraleak. Momentu honetan komunikazio kanpainarekin dabiltza, baina formakuntza nahiz egitarau lantaldeak ere badaude, baita urtean zehar ekitaldiak antolatzen dituen talde bat ere. Gainera, udalekuetako hiru etxeak "antolatzaileen kargura" daude; beraz, hobekuntzak eta konponketak beraiek kudeatzen dituzte.
"Esango nuke nahiko proiektu bereizgarria dela Euskal Herrian, lurralde denetan bateratuta eta modu autogestionatuan horrelako indarrarekin antolatzen den bakarretakoa delako. Eta hori harro sentiarazten gaituen zerbait da. Euskal Udalekuak dira, hasteko eta behin, gazteei udaran euskaraz egiteko aukera ahalbidetzen dien lekua, eta balio jakinen gainean antolatzen ditugu".
Ibilbide gorabeheratsua
Antolatzaileek, besterik gabe, aisialdirako espazio bat eraiki nahi dute, hiru oinarri nagusiren gainean: euskara, feminismoa eta auzolana. «Hiru balio horien gainean osatzen dugu dena, eta gazteak balio horien parte bihurtzen saiatzen gara. Helburu nagusia haurrei euskaraz bizitzeko eta harremantzeko espazio bat eskaintzea da, beren herritik eta testuingurutik kanpo daudelarik».
Azken urteetan egonkortu den programa izan arren, Euskal Udalekuek historia gorabeheratsua eta luzea izan dute. 1960ko hamarkadan antolatu ziren gaur egungo udalekuen aurrekariak izan zirenak, frankismo garaian. "Ikastolen mugimendutik sortu ziren, euskara hutsezko udalekuak sortzeko beharra ikusi zutelako. Garai hartatik dator 'udaleku' terminoa. Barrian [Araba] antolatu ziren, hain zuzen, lehen udalekuak".
1965etik 1975era bitartean, ordea, udalekuak zabaltzea lortu zuten. 1975ean lehenengo aldiz egin ziren Abaigarren eta Bernedon, eta 1980. urtean, aldiz, Goñin. "Etxe horiek dira hainbeste gorabeheraren ondoren egonkortzea lortu dutenak eta gaur egun mantentzen direnak. Zorionez, gaur egun baditugu espazioak udalekuak aurrera eramateko".
Aurten, "barrura begira" ari dira ospatzen Abaigarko eta Bernedoko udalekuen urteurrenak: "Abaigarkoa dagoeneko ospatu genuen, eta ekainean Bernedokoa egingo dugu. Horretarako, hasieratik proiektuaren parte izan diren begiraleekin elkartu gara, orain dela 50 urte egitasmo hau martxan jarri zutenekin, hain zuzen", jakinarazi du Peritzek.
Udalekuetan parte hartzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, herritarrek udalekuak@udalekuak.eus helbidera idatzi edota 633-57 68 23 zenbakira deitu dezakete.